SPRIk eta Rio de Janeiroko Estatuaren Ministerio Publikoak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute enpresa- eta teknologia-esparruetan
– Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda jaunak eta Rio de Janeiroko Estatuaren Ministerio Publikoko justizia-prokuradore nagusi Cláudio Soares jaunak lankidetzarako esparru-akordio bat sinatu dute gaur goizean.
– EAEko eta Brasilgo enpresen eta administrazioen artean hainbat esparrutan –esate baterako, jakintzen, teknologien eta proiektuen transferentzian– epe luzean lankidetzan aritzeko oinarriak finkatzea da horren helburua. Orobat, akordioak bi eskualde horien arteko lankidetza publiko eta pribatua bultzatu nahi du, halaber.
– Rio de Janeiroko Estatuaren Ministerio Publikoko Cláudio Soares jaunak EAEko hiru hiriburuetara etorriko da datorren ostegunean, eta hainbat Sail, tokiko agente eta erreferentziazko konpainiarekin, hala nola Euskaltel, Ibermática eta Bilbomática-rekin, bilerak izango ditu, eta konpainia horiek guztiak Euskadiko Elektronikako, Informatikako eta Telekomunikazioetako Klusterrarekin (GAIA-Cluster TEIC) elkartuta daude.
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda jaunak eta Rio de Janeiroko Estatuaren Ministerio Publikoko justizia-prokuradore nagusi Cláudio Soares jaunak SPRIren eta Rio de Janeiroko Estatuaren Ministerio Publikoaren artean lankidetzan aritzeko esparru-akordio bat sinatu dute gaur goizean, justizia-administrazioari eta orokorrean administrazio publikoari aplikaturiko IKTen esparruan.
Akordio horrekin, EAEko eta Rio de Janeiroko enpresak eta erakundeak arestian aipaturiko jardun-esparruetan lankidetzan aritzeko aukerak irekitzea espero da.
Lankidetza horren jomuga izango da baterako proiektuak gauzatzea, administrazioen, enpresen eta gizartearen esparruan, eta lankidetza horren bitartez, EAEko eta Brasilgo enpresek etorkizuneko erronkei aurre egitea eta jakintza eta teknologia parteka dezatela lortzea. Proiektu horien asmoa da nazioarteko erreferente izatea justiziaren, hezkuntzaren, ondarearen, ingurumenaren eta herritarrak babestearen (bereziki, haurrei eta nerabeei dagokienez) esparruetan.
Halaber, akordioak e-administrazioarekin, Informazioaren Gizartearen garapenarekin, ekonomiagune berriak sortzearekin, Ikerketa eta Garapenarekin edota Trebakuntza eta Prestakuntzarekin loturiko lankidetza-ekimenak ere jasotzen ditu, besteak beste.
Proiektu horiek abiarazteko, Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailak (GAIA Cluster TEIC klusterraren lankidetzarekin) eta Rio de Janeiroko Estatuaren Ministerio Publikoak jardunbide egokien elkartrukea erraztuko dute alor teknikoan eta erakunde-alorrean, eta baita jakintzen transferentzia ere, bisitaldi teknikoen, eginkizunen, mintegien, topaketa sektorialen eta abarren esparruan.
Izan ere, Rio de Janeiroko Estatuaren Ministerio Publikoko justizia-prokuradore nagusi Cláudio Soares jauna datorren ostegunera arte (apirilaren 5a) egongo da EAEn, topaketez eta lan-saioz betetako agenda batekin.
Soares jauna hainbat Erakunderekin (Industria Saila, Justizia eta Herri Administrazio Saila edota Datuak Babesteko Euskal Bulegoa), tokiko agenterekin, GAIA-rekin elkarturiko elektronikako, informatikako eta telekomunikazioetako hainbat euskal enpresarekin eta sektorean erreferentziazkoak diren hainbat konpainiarekin –esate baterako, Ibermática, Euskaltel edo Bilbomática-rekin– elkartuko da.
15 milioitik gorako biztanleriarekin, Rio de Janeiroko Estatua da petrolio eta gas natural gehien ekoizten dituen Brasilgo Estatua. Eta bigarren ekonomiarik handiena Brasil osoan, São Pauloren ondoren.
- Iturria: Spri
- Data: 2012/04/02