SPRIk hiru prestakuntza ekintza eskaintzen ditu ETEen interneteko presentzia bultzatzeko

Gipuzkoa

 

. Enpresa Digitala ekimenak “Bloga ETEen komunikazio erreminta gisa”, “Email marketinaren funtsezko ezaugarriak” eta “Nola leialdu bezeroa: jardunbide egokiak CRM bat ezartzeko orduan”  ikastaroak eskaintzen ditu.

 

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren helburuetako bat da euskal ETEek interneten potentzial osoa aprobetxa dezatela produktuak merkaturatzeko nahiz bezero eta hornitzaileekin elkarreragiteko. Hala, digitalizazioaren arloko hiru prestakuntza jarduera berri abiarazi ditu.

SPRIk antolatutako ikastaro horiek Enpresa Digitala ekimenaren barruan kokatzen dira. Datorren apirilaren 9an “Email marketinaren funtsezko ezaugarriak” jardunaldia egingo da, apirilaren 16an “Nola leialdu bezeroak: jardunbide egokiak CRM bat ezartzeko orduan” gaia aztertuko da eta apirilaren 23an, berriz, “Bloga ETEen komunikazio tresna gisa” ikastaroa eskainiko da, bezeroarekiko harremanetan urrats bat haratago joateko.

Prestakuntza ekintza horien bidez, SPRIk euskal enpresei hurbildu nahi dizkie sareko tresna guztiak, tresna horien aukerak aprobetxa ditzaten.  Enpresa Digitala ekimenaren mintegi, jardunaldi eta hitzaldietan eskaintzen diren edukiak etengabe berritzen dira, kontuan hartuz zer agertzen den merkatuan eta batez ere zer interesatzen zaien edo zein balio eman diezaieketen euskal ETEei.

Email marketinaren funtsezko ezaugarriak – Araba Enpresa Digitala – apirilak 9

Posta elektronikoa Interneteko zerbitzu zaharrenetako bat da, baina Sarean informazioa igortzeko eta interesatzen zaizkigun pertsonekin harremanetan jartzeko biderik eraginkorrena da oraindik. Hain zuzen ere, azkenaldian Interneten arrakasta gehien izan duten bi zerbitzuek (outlet-ek eta kupoi bidezko eskaintzek), bitarteko horretan oinarritu dute euren publizitate eta promozio estrategia.

Nola leialdu bezeroa: jardunbide egokiak CRM bat ezartzeko orduan – Araba Enpresa Digitala – apirilak 16

Merkatuen egongo egoera ikusirik, bezeroak leial bihurtzea oso garrantzitsua da enpresen biziraupenerako. Zuzendari guztiek dute erronka bera: enpresan modu parte-hartzailean lan egitea, denbora errealean informazioa trukatuz, sail guztiak bezeroari begira jarriz eta informazio guztia argia, zehatza eta eraginkorra izan dadin lortuz.  CRM bat ezartzea litzateke horretarako lehen urratsa.

Bloga ETEen komunikazio erreminta gisa – Araba Enpresa Digitala – apirilak 23

Bloga ezinbestekoa da korporazioaren komunikazio-estrategian. Bloga erakarpen marketinaren ekintzen erdigunea da, zenbait eduki sortzen dituelako sare sozialetan trukatzeko; gainera, aukera ematen dio enpresari sare sozialetan baino modu zabalagoan erakusteko produktuen eta zerbitzuen inguruko informazioa. Blogak gaitasun handia du bezeroarekiko konfiantza sortzeko. Baina gaizki planifikatzen badugu edo bitartekoa ez badugu ondo ezagutzen, blog korporatiboa publizitatea egiteko baliabide intrusibo bihur daiteke eta kalte egin diezaioke markari zein enpresari.

Araban garatuko diren hiru ekintza horiez gain, erabiltzaileak SPRIko jardueren agenda, hots, lau Enpresa Digitala zentroen bidez egiten den eskaintza osoa kontsulta dezake www.euskadinnova.net webgunera sartuta edo albiste, laguntza eta ekitaldien berri ematen duen asteroko buletinera harpidetuta.

Zer da Enpresa Digitala?

Enpresa Digitala ekimena 2002an sortu zen, hainbat jardueraren bidez ezagutzera emateko zeintzuk diren IKTek euskal enpresa sareari, batez ere, mikroETE eta autonomoei dakarzkieten abantailak.  Zentro bana dauka Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako teknologi parkeetan eta beste bat Garaia Berrikuntza Gunean (Arrasate).

Enpresa Digitalaren helburu nagusia da euskal enpresa eta profesionalen   digitalizazioa sustatzea eta bultzatzea hedapen, prestakuntza eta informazio jardueren bidez.

Partekatu

Beste berri batzuk