TECNALIAk bikoiztu egin ditu nazioarteko merkatuko salmentak

Bizkaia

TECNALIAren datuak ikusita, baiezta daiteke erabaki egokia hartu zuela orain urtebete, eta aukeraz betetako etorkizuna duela aurrean

TECNALIA Research & Innovation erakundeak, sortu zenetik urtebetera, ikerketa aplikatuko zentro pribatu gisa sendotzea lortu du, baita Europan erreferente izatea ere. “Horrek baieztatzen du zortzi erakundek bat egiteko erabaki hura ona izan zela”, dio Javier Ormazabal lehendakariak. TECNALIAk gaur aurkeztu du bere jardueraren lehenengo urtearen balantzea, 2011koa. Urte zaila izan da, egoera ekonomikoa dela eta, bai gurean, bai nazioartean.

TECNALIAk 116 milioi euroko fakturazioa izan du 2011n. Horietatik, 64 milioi, % 56, estatuko merkatutik eta nazioarteko merkatutik datozen diru-sarrerak dira. Gainerakoa, % 44, ikerketa estrategikoko proiektuetako sarrerak dira, administrazio publikoak parte batean finantzatuak.

Nabarmendu beharrekoa da TECNALIAk 9,1 milioiko kutxako fluxua sortu duela 2011n; horrek haren iraunkortasun ekonomikoa bermatzen du, bai eta etorkizuneko erronkei erantzuteko aukera ere. Testuinguru horretan, TECNALIAk 17 milioi euroko inbertsioak egin ditu. Inbertsio horiei esker, ikerketa estrategikoko proiektuen kalitatea hobetu ahal izan du, eta, horrez gain, bezeroei (4.000tik gora) eskaintzen dizkien zerbitzuei balio erantsi handiagoa eman ahal izan die. Bere azpiegiturak eta ekipamenduak ere hobetu ahal izan ditu, betiere gizartearen mesederako. Horietako batzuk azpimarratzearren, INGRID izeneko inbertsioa nabarmenduko genuke: ekipo elektrikoen fabrikazio-sektorera zuzendutako sare adimendunak ikertzeko Europan dauden lehenengo instalazioak dira.
Nazioarteratzeko apustua
TECNALIAren ardatz estrategikoetako bat nazioarteratzea da. 2011. urtean zehar, nazioarteko merkatuan 2,9 milioi kontratatzetik 6,2 milioi kontratatzera pasatu da. Gaur egun, TECNALIAk estatuan eta nazioartean dituen merkatuetatik datozen kontratuen % 10 nazioartekoak dira.

Nazioarteko proiektu horietako batzuk aipatuko ditugu:
• G-PON teknologia. Gure etxeetara iristen den zuntz optikoa monitorizatzeko TECNALIAk garatu duen teknologia bat da, eta, 2011. urtean, Txinan, Belgikan, Kanadan eta Argentinan saldu da; aurreko urteetan AEBn, Taiwanen eta Portugalen saldu zen.
• Alemanian, Volkswagen-ekin batera, konformatu metalikoen proiektuetan dihardu lanean.
• Mexikoko NEMAKekin —munduko galdaketa-lantegirik handiena da—, motor-bloke berritzaileak ekoizten dihardu.
• LKSrekin, Euskaltelekin eta Astilleros de Bermeorekin batera, Kemen Group-en bazkide teknologikoa da TECNALIA. Kemen Group esportaziorako partzuergo bat da, nazioarteko merkatuetan lehiatzeko asmoz Galdiano, Olabarri eta Aralan euskal eraikuntza-enpresek 2011. urtean sortua.

Eragin-eremu geografikoa zabaltzeko TECNALIAk egin duen ahalegin hori ezinezkoa izango litzateke nazioartean dituen sare zientifiko-teknologiko horiek guztiak gabe, ezaguera sortzen eta balio erantsia handitzen laguntzen baitute.

Lidergoa Europa mailako proiektuetan
TECNALIA, EBren VII. Esparru Programako proiektuetan duen partaidetzagatik, Europako lehenengo 30 erakundeen artean dago (enpresak, unibertsitateak eta ikerketa-zentroak kontuan hartuta). 2007. urtean hasi eta iazko urtera arte, TECNALIAk 229 proiektu kontratatu ditu guztira, eta horietatik 51tan izan du lidergoa. Lau urte horietan, 86 milioi euroko diru-itzulkina ekarri dio horrek, eta, ondorioz, Espainiako lehenengo erakunde pribatua da partaidetzari dagokionez, itzulkinei dagokienez, bai eta gidatutako proiektuei dagokienez ere.
Europako proiektu horietan parte hartuz eta lidergoa izanez, TECNALIAren enpresek aukera dute I+G+B-ren nazioarteko esparruan jarduteko, nola TECNALIArekin, hala sektoreko beste enpresa lider batzuekin eta Europan erreferente diren agente zientifiko-teknologikoekin.

Enpresa partaideak
TECNALIAk 28 enpresa berri lagundu ditu guztira, eta horietako 21etan partaide da oraindik ere. Halako enpresak oso dinamikoak izaten dira, eta 2011. urtean 10 milioi euro fakturatzera iritsi dira (2010ean, 8,7 izan ziren). Dinamismo horren adierazgarri, lanpostu-kopurua ia % 16 igo da azken ekitaldian (133 langile ziren 2010ean).

Enpresa horietako batzuk aipatzearren, LUIX nabarmenduko genuke. Argiteria adimenduneko enpresa bat da, TECNALIAk, ACR Taldeak eta Eguzkitan-ek sortua. LUIXek argiztapen publikoko sistema adimendun bat merkaturatzen du, eta, sistema horri esker, lehen kontsumitzen zen energiaren % 70-80 aurrezten da. Sistemak unean-unean kalean dabiltzan pertsonen eta ibilgailuen arabera doitzen du farolen argiztapena.

2012rako aurreikuspenak
TECNALIAk erantzukizunez eta konfiantzaz ekin nahi dio 2012 urteari, TECNALIA osatzen duten ia 1.500 lagunekiko erantzukizunez, eta hazkundeko arloetan ezaguera duten aditu gehiago erakartzeko konfiantzaz.

Fakturazioari dagokionez, ekitaldi honetan % 10 handitzeko helburu goranahia ezarri dute.

2011 izen-abizenekin
TECNALIAk diseinu adimendun eta jasangarrietan lortu duen bikaintasunaren erakusgarrietako bat elBulli Foundation da. Orain arte munduko jatetxe ospetsuenetako bat zena, Ferrán Adriák zuzendua, fundazio bihurtuko da laster. Chef espainiar ospetsu horrek TECNALIAn jarri du konfiantza bere zentroa topagune bihurtzeko, hau da, energia jasangarrien inguruko berrikuntza teknologikoetan saiakuntzak egiteko munduan erreferentzia izango den topagune bihurtzeko; eraginkortasun energetikoaren teknologia aurreratuenak erabiliko dira horretarako. Teknologia horien artean ditugu, besteak beste, sare adimendunak, energia-sorkuntza, biltegiratzea, konexioa, monitorizazio-kontrola eta kudeaketa.

Lankidetzaren beste adibide berritzaile bat ner group-ekin lortutakoa da. Akordio baten bidez, erakunde biek negozio-aukerak sortuko dituzte batera. Helburua da ner group osatzen duten 21 enpresa-erakundeen eta TECNALIAren 17 negozio-unitateen artean elkarrizketarako aukera berriak sortzea, erakunde bien jardueretan parte-hartze gurutzatua sustatuz.

2011ko beste ekimen aipagarrienetako bat EUSKAMPUSekiko lankidetza da. Nazioarteko Bikaintasunaren Campusa da, Euskal Herriko Unibertsitatearen, Donostia International Physics Center Fundazioaren (DIPC) eta Tecnalia Korporazio Teknologikoaren lidergoarekin sortutako elkartea.

EUSKAMPUS proiektuaren bidez lortu nahi da Euskal Herria nazioartean lider-posizioan jartzea, bai hezkuntza-eskaintzan, bai ikerketa-jardueran, bai berrikuntzarako gaitasunean, bai eta ezagueraren transferentzian ere.

Iturria: Tecnalia

Data: 2012/02/17

Partekatu

Beste berri batzuk