TECNALIAk “Diseinatu Eroso” jarri du martxan, ongizatea dakarten toki apartak sortzeko lehiaketa bat

Bizkaia

  • Irabazleak toki bat diseinatuko du ikerketa aplikatuko zentroarekin lankidetzan, eta Confort Urban Place kalitate-zigiluaren ziurtagiria jasoko du

Tecnalia_diseña_comfortableErabiltzaileei atseden hartzeko eta inguruneaz gozatzeko aukera emango dieten toki erosoak sortzea da Confort Urban Place CUPen xedea. Kalitate-marka horrek ziurtatzen du tokien diseinua bat datorrela ingurumen-konforteko irizpideekin. Zigilu hori ezagutarazteko, TECNALIA ikerketa aplikatuko zentroak “Diseinatu Eroso” lehiaketa antolatu du. Irabazleak, TECNALIAren laguntza izango du hiriko aire zabaleko toki baten diseinuan ingurumen-konforteko irizpideak sartzeko.

CUP zigilu propioa sortzeko, metodogia berritzaile eta funtzional bat baliatu du TECNALIAk, irizpide zientifiko-teknikoetan oinarritua eta herritarren pertzepzioaren azterketa psikosozialekin onetsia eta baliozkotua. Horren emaitza da Confort Urban Place ziurtagiria, tresna bat aukera ematen duena aire zabaleko tokien konforta “neurtzeko”, diseinuari buruzko erabakiak hartu ahal izateko, eta aldi berean, bide ematen duena alternatibak konparatzeko, ideiak proposatzeko eta proposamenen onurak baloratzeko.

Azken batean, zerbitzu bat da, ingurumen-faktoreak, akustikoak, termikoak, argizkoak eta ikusizkoak diseinu-aldagai gisa txertatzen dituena zenbait tokiren sorkuntzan: toki erosoak, erabiltzaileei aukera ematen dietenak zona aparta batzuetan atseden hartuz edo estresa gaindituz gozatzeko; alegia, izaera berezia duten tokiak, tokiko ingurumen-kondizioetara egokituak eta erabilera eta erabiltzaileen pertzepzioak eta konfort-itxaropenak aintzat hartzen dituztenak.

Lehiaketa

Aire zabaleko toki berri baten edo lehendik dagoen baten diseinu-proiektu bat aurkezten duten eta diseinu horretan TECNALIAren CUP zerbitzua aplikatu nahi duten arkitekto eta arkitektura-estudioentzako lehiaketa bat da “Diseinatu Eroso”. Plazak, parkeak, egoteko hiri-eremuak eta pribatuak (hotelak, landa-etxeak eta antzekoak) eta abar diseinatzeko proiektuak aurkez daitezke.

Parte-hartzaileen artean, 5 proposamenik onenak hautatuko dira irizpide hauek kontuan izanik:

–       Esku-hartzearen garrantzia: kokalekua non dagoen baloratuko da, ea esku hartzeko plan handiago baten barnean dagoen, espazioaren tamaina, etab.

–       Espazioaren egokitasuna: baloratzeko, kontuan hartuko da zer aukera eskaintzen dituen esku-hartzearen helburu den espazioak konfortaren aldagai guztietan modu integralean (akustikoa, termikoa, argizkoa eta ikusizkoa).

–       Konforta barne hartzea: baloratzeko, kontuan hartuko zer aukera erreal dagoen CUP diagnostikoaren emaitzak azken diseinuan sartzeko, bai eta obraren azken egikaritzea ere.

–       Finantziazioa: baloratzeko, kontuan hartuko da ea eskaintzaileek finantziazio-aukerarik duten, bai eta finantziazioaren zenbatekoa ere. Dena dela, finantziaziorik ez izatea ez da baztertzeko arrazoia izango.

Proiektu irabazlea hautatu ondoren, TECNALIAk lagundu egingo dio arkitekto-taldeari espazioa diseinatzen; horretarako, irizpideak eta soluzioak eskainiko ditu, esku hartzeko proposamenak eginez, aztertu beharreko espazioaren konforta hobetzeko.

Proiektuak TECNALIAk definitutako eta CUP markari elkartutako kalitate-zigilu bat izango du, proiektuaren ingurumen-konfortabilitatea egiaztatzen duena.

Lehiaketan parte hartzeko materiala posta elektronikoz bidali behar da cup@tecnalia.com helbidera edo TECNALIAren posta-helbidera (Geldo kalea, 700 eraikina, 48160 Derio, Bizkaia); bi kasuetan, lehiaketaren izenburua adierazi behar da: “Diseinatu Eroso”. Proposamenak maiatzaren 16a baino lehen bidali behar dira, eta ekainaren 6an ezagutaraziko da irabazlea.

CUP zerbitzuari buruzko eta lehiaketaren oinarriei buruzko informazio gehiago webgune honetan aurkitu daiteke:  http://www.tecnalia.com/es/energia-medioambiente/noticias/tecnalia-convoca-el-concurso-dirigido-al-diseno-de-espacios-confortables.htm

Partekatu

Beste berri batzuk