TECNALIAk KUBIK inauguratu du, eraikuntza jasangarriaren teknologietan eta energia eraginkortasunean mundu mailako aitzindari den eraikin esperimentala

TECNALIA Korporazio Tecnologikoak KUBIK eraikina inauguratu du gaur Bizkaiko Parke Teknologikoan. Laborategi hau, punta-puntakoa eta bakana mundu mailan, arkitektura- eta eraikuntza-teknologia jasangarri eta ekoeraginkorrak ikertzeko, garatzeko eta inplementatzeko erabiliko da.

Beatriz Corredor Etxebizitza Ministroa egon da KUBIKen inaugurazioekitaldian, eta I+G+Bren azpiegitura berria bisitatu du TECNALIAko arduradunen eta proiektuan parte hartu duten enpresen eskutik. Proiektu honetan bi milioi euro inguruko inbertsioa egin da. Juan Tomás Hernani —Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko Berrikuntzako idazkari nagusia— eta Iñaki Arriola —Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraiorako sailburua— ere izan dira ekitaldian. Ekimen pribatuak ere badu bere lekua KUBIKen; guztira, industria-arloko 28 enpresak egin dute ekarpena, eraikin honek beren produktuak garatzeko eta merkaturatzeko indarra izan dezakeela uste baitute: Arcelor-Mittal, Financiera y Minera (Italcementi taldea), Prefabricados Etxeberria, Intemper, Astrawall Ibérica, Cristalería Soler, Cortizo, Invitec, Orobio-Goicoechea, dBBlok, Rehau, Alumafel, NortenPH, Biohaus Goierri, KLH, Gutex, Cosinor, Beckhoff, Redstone, Proclima, BSW, Compriband, Isoleika, Toldos Arranz, Somfy, Ferrari, Stamisol FT eta Indal. Horrez gain, proiektuak Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren laguntza ekonomikoa ere badu. KUBIK eraikina modularra, malgua eta desmuntagarria da, eta I+Garen arloan ez du parekorik mundu osoan. Izan ere, energiari eta soinuari dagokienez industrializatuak eta eraginkorrak diren produktu eta ekipoak garatzen ditu. Proiektuaren helburua da eraikuntzako energiaeraginkortasuna hobetzeko kontzeptu, produktu eta zerbitzu berriak garatzea.

Instalazio hau garatzeak aukera emango digu “eraikin eraginkorren aldeko Europako ekimenaren” buru izateko maila teknologikoan. Eraikinetako CO2 kontsumoa eta emisioak gutxitzeko teknologiak, materialak eta sistemak dira ekimen horren helburu. KUBIKen berezitasun nagusia, sustatzaileen esanetan, hau da: “agertoki errealistak sortzen ditu eraikuntza-konponbideen, klimatizazio- eta argiztapen-sistema adimendunen kudeaketaren eta energia berriztagarrietatik datorren horniduraren arteko interakzioak sortzen duen energia-eraginkortasuna ikertzeko”.

Azpiegiturak 500m2 ditu gehienez ere, eta sotoko solairuaz gain, beste hiru solairu ditu lur-arrasetik gora. Ohiko energien eta energia berriztagarrien (geotermikoa, eguzkienergia eta haize-energia) arteko konbinazioan oinarritzen da energiahornidura. Horrez gain, eraikinak monitorizazio- eta kontrol-sistema bat du, I+G+Bko jarduerak garatzeko behar den informazioa ematen duena. Azpiegitura esperimental honen arduradunek esandakoaren arabera, “egiturari dagokionez, eraikin esperimental desmuntagarria eta birkonfiguragarria da KUBIK, aztertu beharreko bizitoki-eremuak sortzeko, eta ezaugarriak benetako erabilera-kondizioetan ebaluatu nahi diren inguratzaile, forjatu eta partizioen eraikuntza-osagaiak muntatzeko diseinatua”.

Aukerak

KUBIKek, TECNALIAren sare teknologikoari esker, kostu onargarri baten truke berrikuntzan lan egiteko aukera ematen die eraikuntza-sektoreko enpresa txiki eta ertainei. Horrez gain, berrikuntza teknologikoaren bidez merkatu-hobi berriak bilatzen laguntzen die arrisku-egoerak (energiaren prezioaren igoera, krisi ekonomikoa) merkatu-aukera bihurtuz. Gainera, eraikina produktu berriak merkaturatzeko plataforma gisa erabil daiteke, baita benetako erabilera-egoeretan entseguak egiteko laborategi gisa ere. Oro har, Bizkaiko Parke Teknologikoan gaur inauguratu den azpiegitura hau I+G+Ba industria-sarera transferitzeko tresna berri bat da, , horrela, balio erantsi handiko aberastasuna eta enplegua gehitzeko. Halaber, oso erabilgarria izango da energia-kontsumoa nola murriztu ikertzeko, eta, hala, energia-mendekotasuna gutxitu, eraginkortasuna areagotu eta ingurumenkostuak txikiagotu ahal izateko; baita jasangarritasunaren alorrean egiten diren ikerketak zuzenean industriako eragileen artean sustatzeko ere. Administrazio publikoentzat KUBIK aukera bikaina da, batetik, egokitze handia bizitzen ari den sektoreari aplikaturiko ikerketari laguntza ematen dion proiektu batean parte hartzeko, eta, bestetik, herrialde osoko energiaeraginkortasuna handitzeko eta berotegi-efektuko gas-emisioak murrizteko laguntza emateko, , kanpoko energia-mendekotasuna gutxituz. KUBIKek eskaintzen dizkien aukeren barruan dago, baita ere, lehen mailako itun sendoak dituen proiektu batean parte hartzeko aukera. Proiektu horrek, halaber, estatuko eta nazioarteko enpresa-eragileekin harremanetan jartzeko aukera ematen du, eta arauak indarrean egon aurretik eta ondoren arau horiek bideratzeko jarduerak eskaintzen ditu.