Telebista bidezko meteorologia-zerbitzu berri bat, Euskalmet eta Euskaltelen eskutik

Bizkaia

Euskalmetek eta Euskaltelek meteorologia-zerbitzu berritzaile bat jarri dute martxan. Dagoeneko ikusgai dago, Euskaltelen telebista digitalean. Euskaltelen deskodetzaile interaktiboa daukaten bezeroek Euskalmeten aurreikuspenak eskura dituzte, urrutiko agintea erabilita (467. diala).

Ekimen honekin, Euskal Autonomia Erkidegoko eguraldiari buruzko informaziorik osoena dute ikusgai Euskaltelen telebista digitalaren deskodetzaile interaktiboa daukaten erabiltzaile guztiek, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren eskutik. Urrutiko aginteari sakatze hutsarekin, kanal honetan, hiru eguneko eguraldi-iragarpena ikusten da (gaur, bihar eta etzi), bai eta hurrengo egunei buruzko informazioa ere.
Horrez gain, itsasoaren egoeraren berri ere jakin daiteke. Tenperaturari buruzko mapak ere ikusten dira, bai eta metatutako prezipitazioarena eta radarrarena ere, ohar eta alertez gain.

Informazioa, esku-eskura

Eusko Jaurlaritzako Meteorologia eta Klimatologiako zuzendari Iñigo Alonsoren arabera, “tresna zoragarria da, eta lagungarria izango da herritarrek gero eta gehiago eskatzen duten nahitaezko zerbitzu hau hedatzeko”. “Geure telebistarekin, erraz-erraz erabiliko dugu”, nabarmendu du Alonsok. Haren ustez, kanal berriak “Euskalmetek egindako lana aintzatesten du. Lan profesionala eta zehatza, gure mugen barruan eta kanpoan aintzatetsia”.

“Zerbitzu hau”, nabarmendu du, “bezeroei ahalik eta zerbitzurik onena eman nahi dieten bi erakundek elkar hartu dutelako sortu da, eta jendea informatuta egoteko bozgorailu berri bat da, batik bat fenomeno arriskutsuak gertatzean, orain dela gutxi gure autonomia-erkidegoan izan genuen ‘ziklogenesi lehergarria’, adibidez”:

Euskaltelen Marketineko zuzendari Koldo Unanueren arabera, “Euskaltelen Telebista Digitalean eskuragarri dauden zerbitzuen zerrenda gero eta handiagoa da, eta, orain, horietako bat da Euskalmet. Zuntz optikozko gure sarea erabilita, euskal herritarrek gehien eskatzen dituzten eguneroko kontuetara sartzeko aukera dago: meteorologia, tokiko prentsa digitala, kirolak, ekonomia, jokoak eta aisialdia, oro har”.

Horrez gain, telebistako urrutiko agintea erabiltzea erraza eta berehalakoa denez, “Telebista Interaktiboa hedabiderik onena da zerbitzu publikoak talde sozial berriei helarazteko eta ordenagailu pertsonalaren bidez dagoeneko erabiltzen dutenen erabilera areagotzeko”: Azpimarratu behar da Euskaltelen deskodetzaile interaktibo ofizialaren bidez egongo dela eskuragarri zerbitzu berria.

Partekatu

Beste berri batzuk