Tumoreak detektatzeko metodo berria, nanopartikuletan oinarritua
Europako Nanother proiektuari tumoreak detektatzeko metodo berri bat garatuz eman zaio amaiera. Ikerketan garatu diren nanopartikulak dituen injekzio bat erabiltzeak gaixotasuna detektatzeko aukera emango luke.
2012. urtearen amaieran bukatu da NANOTHER proiektua. Buru izan gara Europako ikerketa-proiektu horretan, zeinaren helburua baitzen tumoreen kokapena detektatzeko eta tumorea kentzeko gai diren nanopartikulak garatzea, nanopartikuletako farmakoa modu kontrolatuan askatuz.
Asmo handiko ikerketa horrek 11 milioi euro inguruko aurrekontua zuen —8 milioi inguru Europako Batzordeak finantzatu ditu—, eta Europa osoko 20 bat erakundek parte hartu du. Egoki amaitu da, hasieran zehaztutako helburu gehienak bete baititu. Besteak beste, arrakastaz garatu ahal izan da, laborategian, nanopartikulak dituen injekzio baten bidez tumoreak detektatzeko metodoa, proiektuangaratu den software baten bidez. Eta terapiarako bide berriei atea ireki die, fase aurreklinikoan orain arte lotutako emaitzetan oinarrituta.
Sintetizatu eta ikerketaren esparruan aztertu diren nanopartikulak igortzen dituen injekzio bakar baten bidez, tumorea kokatzen eta mugatzen du softwareak gaixo dauden saguetan, eta, zenbait parametroren bidez, minbiziak denboran zer bilakaera duen behatzeko aukera emango du tresna berriak, baita zenbat hazi daitekeen edo desagertu daitekeen kontrolatzeko aukera ere.
Hortik abiatuta, emaitza onenak eman zitzaketen lau nanopartikula-mota aukeratu ziren, haien propietate fisiko-kimikoetan oinarrituta, zer gaitasun terapeutiko zuten aztertzeko. Hasteko, hazkuntza-zeluletan, eta, ondoren, saguetan. Kasu honetan ere, Europako Batzordeak animaliekin esperimentuak egiteko emandako gomendio etikoei (3R) jarraitu zitzaien. In vitro lortutako emaitzek erakutsi zuten sintetizatutako nanopartikulek afinitate handiagoa dutela tumore-zelulekin zelula osasuntsuekin baino, baina, horrez gainera, erakutsi zuten tumore-zelulak suntsitzeko gai direla.
Proiektu honetan parte hartu duten elkarteen artean, VICOMTECH-IK4 dago, GAIKER-IK4ren bazkidea IK4 Itunean, eta rol protagonista izan du software berriaren garapenean. CIC bioGUNE, Leitat eta Pharmamar elkarteek ere parte hartu dute. Hauek izan dira nazioarteko partaideak: AHAVA (Israel), ALMA Consulting (Frantzia), Argus (Italia), COLORITA (Italia), Materialen Zientzia eta Teknologiarako Unibertsitate Arteko Partzuergoa (Italia), Bordeleko Kimika eta Fisikako Goi Eskola Nazionala (Frantzia), Feyecon (Herbehereak), Hameln (Eslovakia), Atenasko Hezkuntza Institutu Teknologikoa (Grezia), Joint Research Centre (Belgika), NuovoProbe (Erresuma Batua), Tel Aviveko Unibertsitatea (Israel) eta Víctor Segalen Unibertsitatea (Frantzia). GAIKER-IK4 partzuergo osoko jarduerak koordinatzearen arduraduna izan da, baina, horrez gainera, ikerketa aurrera eramateko erabili diren nanopartikulen toxikotasuna aztertzearen arduradunetako bat izan da.