Urkullu Lehendakariak 2017ko Joxe Mari Korta sariak eman dizkie Félix Lascaray, Martín Ceballos, Antxon Garmendia eta Juan Félix Palaciosi

Iñigo Urkullu Lehendakariak 2017ko Joxe Mari Korta sariak banatu ditu, esker ona adierazteko ekitaldi batean; bertan, Lehendakaritzan, Euskadiko enpresa-munduko eragile nagusiak batu dira.

Félix Lascarayk, Martín Ceballosek, Antxon Garmendiak eta Juan Félix Palaciosek gardentasuna eta      lankidetza nabarmendu dituzte enpresaren eta langileen arteko harremanaren oinarri gisa; aurtengo lema “Zu gabe ez dago enpresarik” izan da.

2017_11_21_lhk_premios_korta_13Iñigo Urkullu Lehendakariak, gaur arratsaldean, 2017ko Joxe Mari Korta sariak banatu ditu. “Zu gabe ez dago enpresarik” lemapean, ekitaldian Euskadiko enpresa-munduko eragile nagusiak batu dira, honako hauen lan-ibilbidea aitortzeko:

  • Félix Lascaray, LEAkoa, SEA-k proposatuta
  • Martín Ceballos, Talleres Marel-ekoa, CEBEKek proposatuta
  • Antxon Garmendia, Plastigaur-ekoa, ADEGIk proposatuta
  • Juan Félix Palacios, Loire Gestam-ekoa, BIDETIK fundazioak proposatuta

Enpresan harremanetan konfiantza eragiten duen gardentasuna, lankidetzaren eta erantzukizun partekatuaren oinarri gisa; bi aldeek, enpresak eta langileek, elkarri balioa aitortzeak duen garrantzia; horiek dira sarituek erakutsi dituzten balioak.

Lehendakariak euskal gizartearentzat ekintzaileek duten garrantzia azpimarratu du, “izan ere, adorez lan egiten dute etengabeko hobekuntzaren, berrikuntzaren eta bikaintasunaren alde, enpresa-proiektuarekin eta ingurunearekin konprometituta. Sari hauen bidez, erabakiak hartzen dituen, ekintzailea den eta arriskatu egiten duen pertsonaren ekonomia- eta gizarte-funtzioa azpimarratu nahi dugu”.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eskerrak eman dizkie, halaber, sarituei, egindako lanagatik; lan hori “Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko enpresetan ikusten dugu, ekin diren kudeaketa- eta partaidetza-eredu berrietan jarraitu beharreko eredu izan baitira, baitira eta izango baitira”.

Hona hemen sarituen profilak (proposatu dituzten elkarteek eta fundazioak emandakoak):

Félix Lascaray Zugaza, LEA

Gasteizen jaio zen 1945. urtean. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako karrera ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, Donostian. 1968. urtean, unibertsitate-ikasketak amaitu ondoren, familiaren negozioan hasi zen lanean.

Lascaray enpresa, 1823. urtean sortua, Euskadiko industriarik aspaldikoenetako bat da, eta Arabako antzinakoena. Enpresak jarduera dibertsifikatu egin du bere 200 urteko historian, eta aurrerapen teknologikoetara eta merkatuko joeretara egokitu da. Gaur egun, bi negozio handiekin jarraitzen du: dibisio kosmetikoa eta dibisio oleokimikoa, gantz-azidoetan eta animalia-jatorriko zein landare-jatorriko deribatuetan oinarritua.

Félix Lascaray 5. belaunaldikoa da negozioa etenik gabe zuzendu eta zabaldu duen familiaren barruan. Gaur egun, Lascaray enpresak 75 langile ditu.

Enpresaren historia XIX. mendearen amaieran hasi zen, Juan Bernardo Lascaray Ziburutik (Frantzia) Gasteizera iritsi eta gantz-kandelen fabrika txiki bat errentan hartu zuenean.

Casimiro Lascarayk –hots, bigarren belaunaldiak– La Estrella Alavesa (LEA) izeneko fabrika jarri zuen abian 1855. urtean. Bertan, kandela estearikoak eta oleina- xaboia fabrikatzen ziren. Orduan, xaboien eta detergenteen munduan murgildu zen konpainia, eta MARFIL xaboia egiten hasi zen.

20ko hamarkadaren hasieran, eta Lascaray familiaren laugarren belaunaldiaren zuzendaritzapean, Lascaray enpresak jarduera zabaldu zuen prozesu eta prozedura berri batzuei esker, eta, Productos LEA markarekin, bizarra kentzeko eta higiene pertsonaleko produktuak fabrikatzen hasi zen.

1986. urtean, sute handi batek instalazioak suntsitu zituen, eta Félix Lascaray zuzendaria zela, fabrika berreraiki eta teknika berriekin gantz-azidoak eta kosmetika-produktuak egiteko instalazio berri bat sortu zen. Adierazitako teknikak gaur egun ere erabiltzen dira.

Gaur egun, enpresaren egoitza nagusia Gasteizen dago oraindik, baina Madrilen eta Bartzelonan ere baditu merkataritza-bulegoak. Halaber, inbertsio handia egin da dibisio kosmetikoan instalazio produktibo berri bat sortzeko. Helburu nagusia, I+G+Bko sail propio bat sortzeaz gain, produkzio-ahalmena optimizatu eta zabaltzea da.

Arabako konpainiaren etorkizuneko plan estrategikoaren ardatzetako bat nazioartekotzea da, eta Hego Amerika funtsezko merkatuetako bat izango da datozen urteetan. Horretarako, LEA Peru inauguratu da, eta Kolonbian, Mexikon eta Txilen ere egitura propioak sortzeko asmoa du enpresak.

Gaur egun, Félix Lascaray administrazio-kontseiluko presidentea da, eta konpainiaren eguneroko martxari jarraitzen dio. Bere seme Félix (6. belaunaldia), berriz, zuzendari nagusia da.

Lascaray familia oso lotuta egon da beti bere hiriarekin –Gasteizekin–, eta Deportivo Alavés taldearen babeslea da joan den urteaz geroztik.

Félixek zaletasun ugari ditu gaztetatik, eta, kirolen artean, eskia eta txirrindularitza aipa daitezke. Irakurtzen ere asko gozatzen du, eta auto klasikoen zale porrokatua da.

Martín Ceballos, Talleres Marel

Tabanera Del Cerraton (Palentzia) jaio zen 1937. urtean, artisau errementari eta orgagileen familia baten baitan. 1950. urtean, familia Portugaleten finkatu zen. Hurbileko baserri batean, lanean hasi zen fruten eta barazkien truk, eta bertan ikasi zituen euskarazko lehen hitzak.

14 urte zituela, La Naval fabrikan laguntzaile gisa lan egin zuen errematxatzaile talde batean. Hamabost urteak bete gabe zituela, Areetako karrozeria-tailer batean aurkitu zuen lana, eta auto eta kamioietarako karrozeria-eraikitzailearen lanbidea ikasi zuen bertan. Horrez gain, gauez Arte eta Lanbide Eskolara joaten zen.

Hamazazpi urterekin, lehen mailako ofiziala eta zazpi profesionalez osatutako lan-talde bateko arduraduna izan zen Auto-Duco enpresan.

18 urte bete gabe, Pauera (Frantzia) emigratu zuen, eta bost urte eman zituen Avenue de Bayonne-ko Carroserie M.Canto izenekoan.

Citroen enpresan lan egiteko aukera sortu zitzaionean, Parisera joan zen. Probak gainditu ondoren, lanpostua eman zioten, baina Lan Ministerioak ez zion baimena eman, sei hilabeteko epe batean Pirinio Atlantikoetan lan egin ez zuelako. Etxera itzuli eta frantsesa ikasten hasi zen.

Geroago, enpresa bat sortzen saiatu zen Villamonten (Algorta), Bizkaiko Aurrezki Kutxaren lokaletan, baina huts egin zuen. Berriz ere Frantziara joan zen (Troyes-Aubera), eta bost urte eman zituen Tollerie Pontoise izenekoan lanean.

1966. urtean, Euskadira itzuli eta enpresa bat jarri zuen abian: Talleres Marel; seguruenik, automobilen konponketa eta mantentzearen sektoreko hiru jarduerak (karrozeria, mekanika eta elektrizitatea) bildu zituen Euskadiko lehen enpresa izan zen.

1968. urtean, Renault enpresak ordezkaritza eman zion agente gisa. Handik hiru urtera, hazkundearen eta jardueraren ondorioz, kontzesionario bihurtu zen, eta 60 langileri eman zien lana. Lanorduetatik kanpo, euskarazko, frantsesezko eta musikako eskolak ematen ziren enpresako pertsonentzat. Martínek beti agertu du bere enpresako langileen prestakuntza eta jakintzarekiko kezka.

1987ko uztailaren 27an, ETAk atentatua egin zuen Berangon zituen instalazioetan, 60 kilo lehergairekin. Horrek goitik beherako aldaketa ekarri zuen enpresaren martxa onean. 1998ko urtarrilean, Renaultek bertan behera utzi zuen kontzesioa.

Ordura arte, Martínek hazkundea eta emaitza onak lortu izan zituen bere enpresekin.

Ondoren, bost atentatu jasan ditu, eta 26 urteko erresistentzia agertu du baldintza bereziki zailetan. 2013an enpresa itxi ondorengo bost urteak, halaber, kezkaz eta zalantzaz beteta eman ditu, eta amaiera emateak dakartzan kudeaketa amaigabeekin lanpetuta ibili da.

80 urte bete ditu dagoeneko, eta libre geratu nahi du bere proiekzio pertsonalari lotutako alderdi batzuk garatzeko. Bost seme-alaba ditu: Sandrine, Maritxu, Marko, Urgozo eta Lizardi.

Etengabeko prestakuntzaren zale amorratua da, eta pintura du hobby nagusi Parisko egonaldian ezagutu zuenez geroztik. 1979. urtean, erakusketa bat egin zuen bere obrarekin arte-galeria batean, eta zenbait erakusketa kolektibotan ere parte hartu du. Gustav Mahler da Martínen musikaririk gogokoena. Irakurtzea eta kirola egitea ere oso gustuko ditu.

Hain sufrimendu pertsonal eta profesional handia jasan ondoren, mundu hobea behar dela eta lor daitekeela uste du.

Martin Ceballos Euskadiko indarkeriaren, estortsioaren eta terrorismoaren urte gogorretan herrialdearekin konprometituta agertu zen euskal enpresaburu autodidakta eta borrokalariaren eredua da.

Antxon Garmendia, Plastigaur

Antxon Garmendia zortzi anai-arrebako familia bateko seigarrena da, eta 1946. urtean jaio zen Ordizian (Gipuzkoa).

1971. urtean, Ingeniaritza Teknikoko karrera amaitu zuen Tolosako Paper Eskolan, eta praktikak egiten hasi zen inguruko hainbat paper-fabrikatan. Horri esker, paperaren fabrikazioaren inguruko ezagutza garrantzitsuak eskuratu zituen.

Horren ondorioz, Comaypa izeneko paper-handizkarien kooperatiba sortu berria zuzentzeko hautatu zuten. Hasiera-hasieratik, paper mota desberdinak taldekatu zituen, eta kooperatibako bazkideen eskariaren bolumen handia zela eta, murrizketa handiak lortu zituen erosketa-prezioetan, osagai guztien onerako.

1978. urtean, paperezko poltsak fabrikatzen zituen pertsona batek eta paperezko ezpainzapiak fabrikatzen zituen beste batek (biak kooperatibaren hornitzaileak ziren) beren negozioak likidatzea erabaki zuten, erretiroa hartzeko eta beste negozio mota batzuk aztertzeko.

Antxonek ez zuen aukera hori galdu nahi izan, eta negozio horiek eskuratzen parte hartzea proposatu zion anaiari (Juan Martín Garmendiari). Horrela sortu zen Manipulados Enara SA merkataritza-sozietatea, Garmendia anaiez eta haien emazteez osatua.

Manipulados Enara SAren produkzioak urtez urte gora egiten zuela ikusita, makina gehiago erosi eta lehen enplegatuak kontratatu zituzten.

Handik gutxira, industria-eremu batera joan behar izan zuten, eta 500 m2-tik gorako lehen nabea eskuratu zuten, beren jarduera eraginkortasun handiagoz garatu ahal izateko.

Laurogeiko hamarkadan, bigarren eskuko esklusora batzuk erosi eta plastikoaren industrian murgildu ziren. Jarduera berria paper-jarduerari nagusitu zitzaion berehala, eta paperezko poltsa eta ezpainzapien negozioa saltzea eta industria-erabilerako polietilenoaren negozioan bete-betean sartzea erabaki zuten.

Horrela sortu zen Plastigaur SA 1989an, eta, harekin batera, lan egiteko modu berri bat ere bai. Andoaingo 2000 m2-ko nabe batera joan, eta bigarren eskuko makineria beste berri batekin ordezten hasi ziren. Eskabide-zorroa laster hasi zen gora egiten, eta I+G+Ba lehentasunezko alderdi bihurtu zen.

2004. urtean, erantsitako nabe bat eraiki zen (5.500 m2 zituen behe-solairuan, 1.000 m2 solairuartean, eta 8.500 m2-ko produkzio-azalera). Goi-mailako teknologiako eta produkzio handiko makineria berria eskuratu, eta 85 lanpostu sortu ziren. Hedapen handiko uneak ziren, eta esportatzeko lehen urratsak egin ziren.

Handik urte gutxi batzuetara, sortzaileek belaunaldi berriari tokia uztea erabaki zuten. Luis Artola (gerentea), Nerea Garmendia (finantza-zuzendaria) eta Jon Garmendia (mantentze-lanetako arduraduna) izan ziren enpresa-proiektuko buruak handik aurrera.

Zuzendaritza berria familia-enpresa enpresa profesionalizatu bihurtzeko helburuarekin hasi zen lanean, eta bi kontzeptuak batu zituen. Gakoa: dibertsifikatzea eta kanpora irekitzea familia-balioei eutsiz.

Gaur egun, Plastigaur garai berri batean sartu da, eta Inprimaketa eta Convertingeko atala sortu du. Atal hori balio erantsi handiagoko merkatu eta sektore berrietara bideratuta dago.

Egungo plantilla 125 enplegatuz osatuta dago, produkzioa 30.000 tonara iristen da, eta haien % 30 inguru esportatzen ditu. Azken ekitaldian, 54 milioi eurotik gorako fakturazioa egin du.

Gaur egun, produkzio-nabearen beste zabalkuntza bat kudeatzen ari da, bezero-zorro handiaren eskariari erantzungo dioten makina berriak eramateko.

Juan Félix Palacios, Loire Gestam

Juan Félix Donostian jaio zen 1945. urtean. Teknika eta ekonomia zituen gustuko, eta industria-ingeniaritza ikasten hasi zen Bilboko Eskolan. Ikasketa horiek Madrilen amaitu zituen, eta Enpresen Zuzendaritzako lizentzia ere lortu zuen bertan.

Michelín enpresako ingeniaria izan zen 1969an, beste bi urte Clermont Ferrand-en eman zituen, eta geroago Gasteizera eraman zuten. “Esprit Michelin” izenekoak enpresa ulertzeko modua erakutsi zion betiko: pertsonen eta haien segurtasunaren errespetua, austeritatea, metodoa eta kalitatearekiko obsesioa.

1975. urtean, Loire enpresa ate joka hasi zitzaion, eta pena handiarekin bada ere, Michelín utzi zuen, Donostiara eta enpresen zuzendaritza eta kudeaketako lanpostu batera itzultzeko aukerak erakarrita.

Loirek oso greba gogorra bizi izan zuen 1973. urtean. Asko zegoen egiteko, modernizatzeko eta antolatzeko. 1979an, zuzendari nagusi izendatu zuten Juan Félix.

Era berean, 1992. urtean mundu-mailako krisialdi bat gertatu zen makina-erremintaren sektorean. Bazkideek, tokiko enpresaburu batzuek eta Frantziako bi enpresak hirugarren batzuei saldu zieten Loire enpresa, baina aldez aurreko aukera bat eman zieten zuzendariei, eta haiek onartu egin zuten. Zuzendaritzako bederatzi kidek akzioak eskuratu zituzten, eta Juan Félix administrazio-kontseilu berriko presidente izendatu zuten.

1996. urtetik aurrera, ekonomiak hobera egin zuen, eta Loirek ere bai. Merkataritza Saila berregituratu, eta automobilaren sektorean sartzeko eta esportazioa areagotzeko ametsa betetzen hasi zen. Lehenik eta behin, Antolín Taldea izan zen, gero trokelgintza, eta, azkenik, prentsako tenplaketa eta hidroformatua: Loireren heldutasun-garaia izan zen.

Gainera, Loirek ADEGIN egindako lanagatik, erakunde horren esker ona lortu zuen; 1996an, Geroa izeneko Gipuzkoako Gizarte Aurreikuspeneko Erakundea sortu zenean, Juan Fèlix lehen presidente izendatu zuten, eta 2000. urtera arte iraun zuen karguan.

Geroa apal sortu zen metalaren sektoreko langileentzat. Adegik eta sindikatu nagusiek kudeatzen zuten, eta langileen eta enpresen ekarpenekin hornitzen zen. Haren kudeaketa onaren ondorioz, sektore askok egin zuten bat proiektuarekin, eta ondarea 1.800 milioi eurokoa da gaur egun. Gizarte-funtzio garrantzitsua betetzen du, eta 2002. urtean, AFMk urrezko Intsignia eman zion Juan Félixi erretiroaren unean.

2010. urtean, Loire enpresa finkatua, esportatzailea eta errentagarria zen. Aldi berean, Loireren bezero nagusietako bat zen Gestamp enpresak hazkunde eta garapen handia izan zuen, eta bere egitura teknologikoa Loirerekin osatzea pentsatu zuen. Horren ondorioz, Loire eskuratu zuen 2011. urtean. Orduan, Loirek bere ahalmen guztia garatu zuen, eta fakturazioa 30 milioi eurotik 70 milioi eurora igo zen, baita plantilla 90 enplegatutik 140ra ere. Gainera, ez dira ahaztu behar haren fakturazioak kanpoan sortzen dituen enplegu induzituak.

Azpimarratu beharra dago, halaber, Juan Félix Palaciosek kide autistak dituzten familiei laguntzeko egindako lan handia. Horretarako, Gautena elkartea sortu zuen 1976an.

Gaur egun, Gautenak Gipuzkoako 800 familiari laguntzen die, eta bertako profesionalak (150 baino gehiago) haien seme-alabez arduratzen dira Diagnostikoaren, Arreta Goiztiarraren, hezkuntza normala jaso ezin dutenentzako Ikasgela Integratuen (18), Eguneko Zerbitzuen (6) eta babes handiagoa behar dutenentzako Egoitzen (6) bidez. Europa osoko erreferentziazko elkarteetako bat da. Juan Félix Gautenako presidenteordea da.