Urkullu lehendakariak euskal enpresen nazioartekotzeak Euskadiko ekonomia suspertu eta enplegua sortzeko duen garrantzia azpimarratu du

Gipuzkoa

EUSKAL NAZIOARTEKOTZE PARTZUERGOAK ANTOLATUTAKO “MUNDURA BEGIRA-MIRANDO AL MUNDO” DERITZON LEHEN EKINTZA BATERATUAREN IREKIERA ZUZENDU DU, TAPIA SAILBURUA, HIRU FORU AHALDUNAK ETA HIRU MERKATARITZA-GANBERETAKO PRESIDENTEAK TARTEKO DIRELA

500 ENPRESA BAINO GEHIAGO BILBON ELKARTU DIRA GAUR EUSKADIK BOST KONTINENTEETAKO MERKATUETAN DITUEN NEGOZIO-AUKERARIK ONENAK AZTERTZEKO

 

  • Topaketa Euskalduna Jauregian egiten ari da, eta bertan, arreta berezia egiten ari zaie Jaurlaritzak lehentasunezkotzat jo dituen bost merkatuei: Estatu Batuak, Mexiko, Txina, Alemania eta Hego Afrika, garapen-bideko herrialdea
  • Nazioarteko zazpi aditu ospetsuk euskal enpresentzat interesgarrienak diren merkatuetako joerak, datu makroekonomikoak eta ikuspegiak azalduko dituzte gaur
  • Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Merkataritza Ganberek, ENPren eragileak diren heinean, enpresei zuzendutako nazioartekotze-programa guztiak biltzen dituen katalogo bateratua aurkeztu dute gaur
  •  ‘Mundura Begira’ topaketan, enpresei zuzendutako Aholkularitza Esparru esklusibo bat ere antolatu da, 50 herrialde baino gehiagotan espezializatuta dauden SPRIko eragileen parte-hartzeaz eta SPRIren kanpoko sareari atxikitako 15 bulegoen arduradunak tarteko direla, topaketa honetan propio parte hartzeko etorri baitira Euskadira
  • Euskadik multi-lokalizatutako 150 enpresa ditu gaur egun, eta guztien artean 300 ezarpen produktibo baino gehiago dituzte kanpoko merkatuetan

20160316091807__06C4138 Iñigo Urkullu lehendakariak euskal enpresen nazioartekotzeak Euskadiko ekonomia suspertu eta enplegua sortzeko duen garrantzia azpimarratu du gaur goizean, Bilboko Euskalduna Jauregian antolatutako ‘Mundura Begira – Mirando al mundo’ jardunaldiaren irekieran. Topaketa hau da Euskal Nazioartekotze Partzuergoak (ENP) antolatutako tamaina handiko lehendabiziko ekimena. “Partzuergoaren sorrera gure Nazioartekotze Planaren helburuetako bat izan zen, eta errealitate bihurtu zaigu gaur egun”, adierazi du Urkulluk.

Euskadik tradizioa eta esperientzia ditu merkatu globalean –esan du lehendakariak-, baina ondo baino hobeto dakigu gehiago egin behar dugula”. Horren haritik, Euskal Autonomia Erkidegoak 20.000 milioi euroko esportazioen kopurua gainditu duela eta haren balantza komertziala BPGaren % 7,5eko balioa lortu duela nabarmendu ondoren, zera esan du: “Herri bezala, gehiago egin nahi dugu; gehiago egin ahal dugu, eta gehiago egin behar dugu; eta hauxe da gaur dagokigun eginbeharra: kanpoko ekintza ekonomikoaren bitartez, Euskadiko ekonomia eta enpleguaren sorrera suspertzen laguntzea”.

Testuinguru honetan, Urkulluk Euskal Nazioartekotze Partzuergoaren (ENP) sorreraren garrantzia nabarmendu du, “euskal ekonomia globalarentzako pizgarria ez ezik, gobernantza-eredu berri bat ezarri baitu, euskal enpresa-ehunaren mesedetan dihardugun zazpi euskal erakundeon partaidetzaz: merkataritza-ganberak, aldundiak eta Jaurlaritza”. Lehendakariaren esanetan, gaur Bilbon egiten ari den jardunaldiak ezin hobeto irudikatzen du “kanpora begira lankidetza eta lan bateratua bultzatzea erabaki dugun zazpi erakundeok espiritua”, eta horren haritik, espresuki eskertu eta aldarrikatu nahi izan du erakunde horietako bakoitzak ekimen bateratu honetan egindako lana.

Irakurten jarraitzeko

Partekatu

Beste berri batzuk