Viralgen enpresak ekoizpen-gaitasuna areagotu du lantegi berria irekita
Viralgenek bere fabrikazio-gaitasuna areagotuko duen hedapen garrantzitsua du. Gene-terapiarako AAV ekoizpenean (birus-bektore adenoasoziatuak) espezializatutako eta Euskadin egoitza duen lehenengo espainiar enpresa da Viralgen. Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Pedro Duque Zientzia eta Berrikuntzako ministroak hartu dute parte inaugurazioan
Viralgen enpresak gene-terapiaren merkatua hornitu du 2018az geroztik –azkar hedatzen ari dena–, AAVen fabrikazio-plataformarekin. Konpainiak duen fabrikazio-planta dagoen parke teknologikoan bertan dago Viralgenen eraikin berria, eta boskoiztu egingo du bere ekoizpen-gaitasuna; horri esker, erabat hornituko ditu proiektuak, fase preklinikotik ekoizpen komertzialeraino. 2021ean zehar eta 2022. urte hasieran, ekipamenduak baliozkotzeko eta instalazioen ziurtapenerako jarduerak garatuko dira; instalaziook jasangarritasuneko estandarrei jarraiki diseinatu dira energia-erabilerari, hondakinen kudeaketari eta ur-kontsumoari dagokionez. 2022. urte erdialdean merkaturatuko dira kalitate komertzialeko 2.000 litroko lehenengo loteak. Handitze-proiektu honetan, 70 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin da lehenengo fasean, eta inbertsio hori 120 milioi eurokoa izatera iritsiko da hurrengo bi faseak osatzen direnean. Hasiera batean, oso ondo prestatutako langileek beteko dituzten 130 lanpostu berri sortuko dira konpainian eta, gaur egun dituen langileekin batera, guztira 250 laguneko lantaldea osatuko dute.
AskBiok AAV ekoizpenerako garatu duen eta Viralgenek lizentziatutako Pro10™ plataformak fabrikazio azkar, eskalagarri eta sendoa eskaintzen du. Ikuspegi bakar horri esker, bezeroak hainbat hamarkadatan balia daitezke haren garapenaz eta prozesuen eta arautze-lanaren optimizazioaz eta, era horretan, arriskua murriztu proiektu bakoitzaren garapenean, eta mundu osoko pazienteen bizitzak salbatzen dituzten gene-terapiako tratamenduak errazago eskuratzeko bidea eman.
2017an sortu zen Viralgen AskBio eta Columbus Venture Partners-en arteko joint venture bati esker, sortzaileetako bat den Richard Jude Samulski doktoreak garatutako ekoizpen-teknologian oinarrituta. Bayer etxeak erosi zuen Viralgen 2020an, Asklepios BioPharmaceutical Inc. (AskBio) konpainiaren erosketaren itxierarekin.
Viralgen enpresako CEO Javier García oso baikor azaldu da gaur egin dituen adierazpenetan, hedapena iragartzerakoan. “CDMO (Contract Development and Manufacturing Organization) delakoaren munduko lider gisa jarriko gara AAVren bidezko gene-terapiaren alorrean.
Ekoizpena erabateko botila-lepoa da merkatuan, eta zerbitzu osoa eskainiko dugu, gure bezeroentzako kostu oso lehiakorrean. Gene-terapiako produktuak behar dituzten mundu osoko pazienteak izango dira, nolabait, horren onuradun”, adierazi du Javier Garcíak. “Albiste ona da Donostiarako ere, CDMO eragiketa garrantzitsua finkatzen baita, Europan eta munduan bioteknologiarako eta bizitzaren zientzietarako berrikuntza-zentro bihurtzeko aukera handiak baititu”.
Halaber, Javier Garcíak “Viralgenek konpainiaren funtsezko gaitasunak garatzen jarraitzeko erakunde publikoetatik (Udala, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza) jaso duen babesa oso baliotsua” dela nabarmendu du, eta bioteknologiaren alorrean agintariekin kolaboratzen jarraitzeko konpromisoa azaldu du, Viralgen “nazioarteko sektorean enpresa are indartsuagoa” izan dadin.
Wolfram Carius zelula-terapien eta terapia genetikoen Bayer etxeko lehendakariorde exekutiboak nabarmendu du Viralgenek garrantzi eta inpaktu handia dituela Euskadiko eta Espainiako ekonomian, eta gogo handiz defendatzen du konpainiak kokatzen den lekuko komunitatearekin duen konpromisoa. “Viralgenek eginkizun garrantzitsua beteko du Bayer-en zelula- eta gene-terapien hazten ari den negozioaren garapenean, eta beste enpresa batzuek haien ideiak merkatura eramaten arrakasta izan dezaten lagunduko du”, adierazi du. Bayer-eko lehendakari exekutiboak azpimarratu du Viralgenek esperientzia duela gene-terapien garapenean eta fabrikazioan, eta know-how hori ez dela aurkitzen erraza industrian. “cGMP jarraibideak mundu mailan betetzea eta produktuaren kalitatea funtsezkoak dira fabrikazio-prozesuan, horren espezializatuak diren medikamentu horien segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzeko. Hor funtsezkoa den ekarpena egiten du Viralgenek, bere esperientzia”.
“Gene-terapiaren espazioan enpresa gehiago sartu ahala, handitzen ari da gene-terapiako fabrikazio-gaitasunaren eskari seguru eta fidagarria”, adierazi du AskBio-ko Co-Founder eta CEO Sheila Mikhailek.
“Viralgenek funtsezko eginkizuna betetzen du AskBio-rako eta industriarako, erabilera kliniko eta komertzialerako AAV bektore seguru eta fidagarriak egiten baititu, eta hedapen honi esker, ahalegin horiek maximiza ditzake Viralgeneko kualifikazio handiko lantaldeak.
Iñigo Urkulluk nabarmendu du “orain dela mila egun eskas” Euskadiren etorkizunaren aldeko apustua zena arrakastazko eredua eta beste enpresa batzuentzako eredu dela gaur. Pandemia garai honetan “handitu egin dugu ikerkuntza zientifikoaren eta Biozientzien eta Osasunaren sektorearen aldeko gure konpromiso publiko pribatua”, esan du Urkulluk. Lehendakariak Viralgenen eta lantalde profesionalaren lana aintzatetsi du, baita nazioarteko etorkizun handia duen ekosistema bioteknologikoa sendotzeko egin duten ekarpena ere.
Pedro Duque Zientzia eta Berrikuntzako ministroak, bestalde, lantegi berri horrek “pazienteen bizitza hobetzeko” duen eginkizuna nabarmendu du, “Viralgenek kopuru handiagoan ekoizten lagunduko duen terapien onuradunak izango baitira”. Era berean, Duquek adierazi du “gizarte osoak duela ospatzeko arrazoia”, “deskubrimendu zientifikoekin aberastasuna sortzea gure konpromiso sozialaren baitan egon behar baita”. Ildo horretan, ministroak gogorarazi du “teknologia transferitzeko politikak” gehitu egin direla, “% 42ko igoerarekin Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroetarako finantzazioan”. Azaldu duenez, “funts horiek ahalbideratuko dute etorkizun oparoko proiektuak bultzatzen jarraitzea, Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak Viralgenen hastapenetan Innvierte Programaren bitartez egin zuen bezala”.