Vita Aidelos enpresa Bizkaiko Teknologia Parkean ezarri da

Bizkaia

Vita Aidelos euskal enpresak pauso berri bat eman du bere hazkunde estrategian, Bizkaiko Teknologi Parkera eraman baitu bere egoitza, hain zuzen, 801 eraikinaren bigarren solairura. Instalazio berrietan kokatzean, enpresak langile gehiago kontratatzeko asmoa du bere produktuak Europan merkaturatzeko eta patogenoen detekzioari buruzko I+G lerro berriei aurre egiteko, horixe baita bere bi negozio-lerroetako bat.

Gaur egun, Vita Aidelosek bioteknologiako eta multimedia materialen (CD-ROM elkarreragileak eta sarean deskargatu daitezkeen programak) praktiketarako kitak garatzen eta merkaturatzen ditu hezkuntza sektorearentzat, eta biozientzietan eta aholkularitza praktikoan espezializaturiko prestakuntza zerbitzuak ere eskaintzen ditu.

Bioteknologiako kitak Europako patente baten bidez babesturik daude eta Vita Aidelosek aukera izan du elkarren artean konbinagarriak diren 9 produktu ezberdinen sorta bat osatzeko. 9 produktu hauek bi motatako kitetan biltzen dira: Biologia Molekularra eta Bioteknologia Mikrobiarra, zeintzuen helburua baita bioteknologia hurbiltzea gizarteari esperimentu sinple batzuen bidez.

Ikasleek eta kiten erabiltzaileek biologia molekularreko teknikak erabiltzen dituzte DNA bakterianoa lortzeko, arrain espezieak identifikatzeko, landare barietate transgenikoak detektatzeko edo ahaidetasun diagnostikoak bezalako erabilera forentseak burutzeko. Beste kit batzuen bidez entzimen (proteinen) eta hainbat industriarentzat interesgarri diren mikroorganismoen erabilerak ezagutu ditzakete, nekazaritzako elikagaien (jogurt produkzioa adibidez) eta ingurumenaren (biodetergenteak) industriak barne.

Bioteknologiako kitekin (berekin dakartzate animaziodun gida interaktiboak, argibideak urratsez urrats, mapa kontzeptualak, lan protokoloak eta galdera-sorta autoebaluagarriak) ikasleek praktikak egin ditzakete ikasgelan, espazioen tailerretan eta zientzia museoetan, material edo erreaktibo osagarririk behar izan gabe.

Vita Aidelosen produktuak material didaktiko lagungarri garrantzitsuak dira hezkuntzarako, eta biozientzietako edo mikrobiologiako Heziketa Zikloetako (Diagnostiko Klinikoa, Analisia eta Kontrola, eta abar) espezialitateetako ikasle eta irakasleei zuzenduta daude.

Enpresak 2010ean merkaturatuko ditu produktu hauek Europan. Vita Aidelosek Europako beste bi patente ditu, eta patente horiek metodo bat (DNA laginen karga agarosa gelean; ohiko sistemak baino sinpleagoa eta merkeagoa) eta hainbat aplikazio dituen erabili eta botatzeko kit bat (elektroforesirako osagaia) babesten dituzte.

Partekatu

Beste berri batzuk