VIVEbiotech SL-k Xyphos Biosciences-rekin lan egingo du convertible CAR-T™ izeneko zelula-terapiaren garapen klinikoan

Albisteak, Gipuzkoa

VIVEbiotech, S.L. konpainia bioteknologikoak, entsegu klinikoetarako GMP kalitateko bektore lentiviralen garapenean eta ekoizpenean espezializatuak, Xyphos Biosciences-rekin lan egingo duela jakinarazi du gaur. Minbizi hematologikoa duten pertsonak tratatzeko erabiliko den CAR-T™ izeneko zelula-terapiaren garapen klinikoan egingo du lan VIVEbiotech-ek

Xyphos Biosciences-ek, Astellas enpresa multinazional japoniarrarena den konpainiak, VIVEbiotech aukeratu du fase klinikoetan erabiliko dituen GMP kalitateko bektore lentiviralak ekoizteko, batez ere, bere malgutasunengatik eta aurretiko experientziarengatik. Akordioak VIVEbiotech-ek convertible CAR-T™ izena duen Xyphos-en programa nagusiarentzako epe luzerako bektore lentiviralak hornituko dizkiola azaltzen du.

“Xyphos-en oso pozik gaude gure terapia garatzeko beharrezkoa den bektore lentiviralaren ekoizpenean VIVEbiotech-ekin lan egingo dugulako”, esan du Xyphos Biosciences-eko zuzendari zientifikoa den David Martin doktoreak. “VIVEbiotech-eko zientzialariek oso ondo ulertzen dute zein diren bioteknologiaren arloan sortzen ari diren enpresen beharrak eta lehentasunak, baita kalitate handiko produktuak modu egokian eskaintzearen garrantzia ere”.

“Xyphos Biosciences bezalako enpresa garrantzitsu batekin sortu dugun kolaborazio hau laborategian aurreko hilabeteetan egindako lanen ostean formalizatu den errealitatea da. Gainera, VIVEbiotech-ek metatutako nazioarteko esperientziaren ondorioz eskuratutako gaitasunak balioesteko aukera ezin hobea da hau; birologian, eta zehatzago bektore lentiviraletan dugun ezagutza nabarmentzen du kolaborazioak”, esan du Gurutz Linazasorok, VIVEbiotech SL-ko presidente exekutiboak. “Proiektu honetan Xyphos Biosciences taldearekin batera lan egitea oso aberasgarria izaten ari da, eta hala izaten jarraituko du. Lankidetza honek VIVEbiotech-en GMP-kalitateko instalazio berriak erabiliko dituzten beste erakunde batzuekin lan egiteko bidea irekiko du. Laborategi berriak egungoak baino nabarmen handiagoak izango dira, merkaturatzeko adinako tamaina duten proiektuei aurre egiteko modukoak. Bi konpainiek erabateko konpromisoa dute minbiziaren aurkako borrokarako duten esperientziak ekartzeko”.

Xyphos Biosciences-i buruz

Xyphos biotech konpainia Astellas Pharma Inc.-ek (“Astellas”) erosi zuen 2019ko abenduan. Gaixoaren beraren sistema immunologikoak minbizi-zelulak suntsitzea helburu duten terapia immuno-onkologikoak sortu eta garatzen ditu. Xyphos-ek ACCELTM (Advanced Cellular Control through Engineered Ligands, Ligando Ingeniarizatuen Bidezko Kontrol Zelular Aurreratua) izeneko teknologia-plataforma berri eta patentatuaren bidez zelula immunologikoek gorputz osoan tumore-zelulak zehazki aurkitu eta suntsitzeko modu berri eta potentzialki hobeak lortzea du helburu. Plataforma honek gaixoarengan berezkoak diren immunitate-zelulak antigorputz bi-espezifikoen bidez birzuzentzea edo Antigeno Kimerikoaren Errezeptore (CAR, Chimeric Antigen Receptor) oso malgu eta aldakorrak adieraztea ahalbidetzen du. Patentatutako teknologiak mota ezberdinetako bideratze- eta modulazio-agente bakarren edo anitzen banaketa esklusiboa edo hobetsia baimentzen du, antigorputz bi-espezifikoak, zitokinak eta deusezte-funtzioak barne. Sortutako convertibleCAR zelulak tumore-zeluletara bideratzen dira zehazki, eta euren tumorea suntsitzeko jarduera erabat kontrolatu daiteke; horrek tratamendu seguruagoak eta eraginkorragoak ekarriko ditu. Xyphos-en lehenengo convertibleCAR hautagaia garapen preklinikoan dago, eta 2021ean gizakiekin egingo den entsegu kliniko batean probatuko da. Konpainiak San Franciscoko hegoaldean (Kalifornia) du egoitza. Informazio gehiago nahi izanez gero, ikusi https://www.xyphosinc.com/

Astellas-i buruz

Tokion, Japonian, egoitza duen Astellas Pharma Inc., mundu osoko pertsonen osasuna hobetzean lan egiten duen konpainia da, produktu berritzaileak eta fidagarriak hornituz. Informazio gehiago lortzeko, ikusi bere webgunea https://www.astellas.com/en

VIVEbiotech S.L.

VIVEbiotech (CDMO, Contract Development and Manufacturing Organization,) bektore lentiviralen garapenean eta ekoizpenean erabat espezializatutako enpresa da. VIVEbiotech Europako eta Amerikako enpresekin ari da lanean, eta ikuspegi tekniko eta kronologikoak kontuan hartuta bezero bakoitzaren eskakizunetara egokitzea da bere helburu nagusia. Gainera, VIVEbiotech-en garapen teknologikoko estrategiak terapia genikoaren arloan gaur egun dauden oztopo nagusiei erantzuna ematea du helburu: ekoizpen prozesu askoz ere kostu-eraginkorragoak ezartzeko beharra, eta bektoreen segurtasun-profila hobetzeko beharra. Testuinguru horretan, VIVEbiotech-ek mundu mailan lizentziatutako teknologia propioa du: integratzen ez den bektore lentiviral episomal egonkorra (LENTISOMA). Informazio gehiago eskuratzeko, ikusi https://www.vivebiotech.com/

Partekatu

Beste berri batzuk