X. Elhuyar Olinpiadaren sariak banatu dira gaur goizean BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroan

Bizkaia

  • Irabazleak Gasteizko Jesus Obrero eskolako DBHko 1. mailako ikasleak izan dira
  • Gasteiz, Lazkao eta Lekeitioko 60 gaztek hartu dute parte olinpiadaren amaierako jaian

Elhuyar Olinpiadako irabazleen irudia

Gaur goizean amaitu da Elhuyar Olinpiada, sari-banaketarekin. Elhuyar Fundazioak antolatu du zientzia eta teknologiaren inguruko ekitaldi hori, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Aurtengo sari-banaketa hamargarrena izan da, eta BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroan egin da, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean.

Sari-banaketako ekitaldian, lehenengo hiru postuak lortu dituzten ikasgeletako ikasleak eta haien irakasleak izan dira. Lehen saria Gasteizko Jesus Obrero ikastetxekoentzat izan da, eta Senda Viva natura-parkerarako bi eguneko irteera irabazi dute, eta natura-parkean zenbait jarduera egingo dituzte. Bigarren saria Lazkaoko San Benito Ikastolak irabazi du, eta saria bi eguneko irteera bat izango da, Lekeitiora, Trinkete Etxe aterpetxera; hainbat ekintza egin ahalko dituzte han. Hirugarren saria Lekeitioko R. M. Azkue ikastetxeko ikasleek eskuratu dute, eta Nafarroako Kortarixar aterpetxera egingo dute bi eguneko irteera; hainbat jarduera egiteko aukera izango dute.

Ekitaldian izan ziren gazteek, saria jasotzeaz gain, teknologiari buruzko jolas bat egin zuten elkar ezagutzeko.

X. Elhuyar Olinpiada
Elhuyar Fundazioak, http://olinpiada.elhuyar.org/ webgunearen bitartez, X. Elhuyar Olinpiada abiatu zuen 2011ko urrian. Ordutik, Euskal Herri osoko 38 ikasgela ibili dira zientzia-lehiaketa honetan hilero Elhuyar Fundaziotik proposatzen genizkien probak ebazten. Elhuyar Olinpiada abiatu zenetik, urtean zehar zientzia eta teknologiaren inguruko bost proba gainditu behar izan dituzte parte-hartzaileek. Probak gelakide guztien artean egiteko izan dira, eta proba bakoitzaren irabazleek ere sariak jaso dituzte. Gai hauek landu dituzte: zerua, energia jasangarria, errealitate areagotua, ibaiak aztertzen eta zientzia-albisteekin blogeatzen.

Babesleak
Erakunde hauek arduratu dira X. Elhuyar Olinpiadako sari nagusiez: Senda Viva natura-parkea, Kortarixar aterpetxea, Suspergintza Elkartea eta Trinkete Etxe aterpetxea, Andoaingo Uraren Interpretazio Zentroa, Sobron Abentura Parkea eta Aizpurua Autobusak. Bestalde, ikasturte osoan jaso dituzte sariak parte-hartzaileek, proba bakoitzaren ondoren. Sari horiek Astitzeko kobazuloak, Kukuxumusuk, Berriak, Eureka! Zientzia museoak, Elkar megadendak, Iruñeko Planetariumek, Skunkfunkek, Karpin Abenturak, Gaztezulo aldizkariak eta Donostiako Aquariumak eman dizkiete. Gainera, X. Elhuyar Olinpiadak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuaren babesa jaso du.

Partekatu

Beste berri batzuk