Zikinkeria neurtzea, eguzki-instalazioetan energia gehiago sortzeko

Gipuzkoa

IK4-TEKNIKERrek zikinkeria-sentsorea diseinatu du, eguzki-instalazioen eraginkortasun energetikoa optimizatzen laguntzeko.

Sentsorearen sentikortasun altuari esker, instalazioaren mantentzea eraginkorrago kudea daiteke, eta, horrela, errendimendua maximizatu.

Zentroko ikerlariek jada mihiztatu eta frogatu dute gailuaren prototipoa laborategietan.

IK4-Tekniker suciedadEguzki-energiako instalazioetan dauden kolektoreek eta ispilu heliostatikoek baldintza atmosferiko gogorrenei egin behar diete aurre. Kasu batzuetan, gainera, muturreko egoerak jasaten dituzte, eguzki-orduei ahalik eta etekin gehiena ateratzeko aukeratutako kokapenak direla-eta. Eguraldi txarraren –euria, esaterako– edo hautsaren ondorioz, ispiluen gainazaletan eta gainontzeko makinetan ezpurutasuna eta zikinkeria pilatzen dira; ondorioz, energia hartzeko eraginkortasuna murrizten da, eta instalazioaren funtzionamendua ez da hain egokia.

Arazo horri aurre egite aldera, IK4-TEKNIKERreko ikerlariek kostu baxuko, baina sentikortasun handiko, sentsorea diseinatu dute, zeinak ispiluen islapenaren galera neurtzen baitu. Asmakuntzari esker, islapenaren galera kalkulatu egin daiteke ispilu bakoitzean, eguzki-instalazioaren mantentze globala ezin hobea izan dadin.

Adituen arabera, eremu idor edo basamortuetatik gertu dauden eremuetan, eraginkortasun energetikoa % 0,25 gutxitzen da egunero. Halere, eraginkortasunaren galera ez da homogeneoa instalazio guztian. Horregatik, IK4-TEKNIKERren diseinatutako gailu berriarekin banakako garbiketa-planak zehaztu ahalko dira ispilu bakoitzarentzat; beraz, instalazioa mantentzeko prozesua merkatzeaz gain, errentagarritasuna irabaziko da.

Gailua kristalezko gainazal batean finkatuta dago, baita hermetikoki zigilatutako eta neurketa-sistema optoelektronikodun estalkian ere. Aipatutako sistemak igorle infragorria erabiltzen du kristalean dauden partikuletarantz proiektatutako argia neurtzeko. Gailuaren errendimendua oso sentikorra denez, zikinkeria-partikularik txikienak eta isolatuenak ere detekta daitezke.

Zentro teknologiko eibartarrean diharduten ikertzaileek jada mihiztatu eta frogatu dute gailuaren prototipoa IK4-TEKNIKERreko laborategietan.

IK4-TEKNIKERren garatutako sentsoreak sentikortasun altua eta kostu baxua uztartzen ditu; hala, soluzio oso lehiakor bihurtu da eguzki-instalazioen –baldintza atmosferikoekiko oso azpiegitura sentikorrak– mantentze-prozesuak hobetzeari begira.

Partekatu

Beste berri batzuk