Zink-airezko bateria kargagarriak merkaturatzeko ikerketan aurrera egingo du CIDETECek
ZABCAT proiektuak garatuko ditu ingurumen-inpaktu txikia, eskuragarritasun handia eta kostu txikia duten bateria hauek
Gaur egun, energia biltegiratzeko aukera hedatuenetako bat dira litio-ioizko bateriak. Oro har, gailu elektroniko eramangarriak elikatzeko erabiltzen dira bateria horiek, baina beste hainbat aplikazio ere eskaintzen dituzte. Halako teknologiak, ordea, muga teknikoak ditu, eta arazoak ematen ditu jasangarritasun eta segurtasun mailan. Horren harira, zink-airezko bateria kargagarriak etorkizun handiko aukera bat dira arazo horietako asko konpontzeko. Energia-dentsitate handiko sistemak dira, gaur egungo litio-ioizko bateriek baino energia gehiago metatzeko gai direnak. Bestalde, zinka eta oxigenoa barne hartzen dutenez, ingurumen-inpaktu txikia dute (zinka lurrazaleko elementurik ugarienetako bat da eta oxigenoa beti dago eskuragarri atmosferan). Zink-airezko bateriek, beraz, eskuragarritasun handiko material merkeak eta seguruak erabiltzen dituzte.
CIDETEC Energy Storage zentroak hamar urte daramatza Energiarako Materialen Unitatearen bidez energia biltegiratzeko gailuetan ezartzeko kostu txikiko zink-airezko bateriak garatzen. Modu horretan, gainera, iturri berriztagarrietatik datozen energiak finkatzen ditu. Hala, CIDETEC Energy Storage zentroak berezko teknologia garatu du gelaxka-osagai guzti-guztietan eta, gaur egun, 50 Wh/kg-ko eta 4.000 erabilera-ordu baino gehiagoko gelaxka-prototipoa du.
Hala ere, biltegiratze-sistema guztiz eraginkorra izateko, haren garapenean eragiten duten zenbait oztopo garrantzitsu gainditu behar ditu oraindik ere zink-aire teknologiak. Horien artean, katodoaren degradazioa dago, baterien itzulgarritasuna eta iraupena mugatzen dituena.
Testuinguru horretan, ZABCAT proiektu berriaren helburua metalezko katalizatzaileak babestea izango da, baterien aire-katodoaren iraunkortasun txikiari aurre egiteko, haien bizitza erabilgarria luzatuz eta baldintza errealetan duten portaera hobetuz.
Proiektuaren lehen fasean, Santiagoko Unibertsitateko (USC) CiQUS zentroak oztopo tekniko nagusia, alegia, katodoaren degradazioa, konpontzeko ikerketa bat egingo du. Ondoren, CIDETEC Energy Storage zentroak eskalatze bat egingo du industria aurreko mailan, eta material horiek zink-airezko bateria kargagarrietan integratuko ditu, prototipoaren portaera behar bezala ebaluatzeko eta betiere, produktua arinago merkaturatu ahal izateko. Garapen berri horiek gelaxken zikloaren iraupena hirukoiztu lezakete gaur egungo sistemekin alderatuta, baita energia-ekoizpena bikoiztu eta kostua % 30 murriztu ere.
ERC Europako Ikerketa Kontseiluaren Proof of Concept programa entzutetsuaren diru-laguntzen bitartez finantzatzen da ZABCAT proiektua, bere baitan garatutako zenbait aurrerapenen ustiapen komertziala bultzatzeko eta haien garrantzia nabarmentzeko.