Bideo-jokoen sektorea goitik behera aldatu du TECNALIAk WiMi5en sorrerarekin

Bizkaia

  • Oinarri teknologikoko enpresa berri bat da, TECNALIAtik sortu dena eta Grupo ITNet-ek, Microwave-k, Emprendiza-k, Civeta Investment-ek eta Jesús Ángel Bravo enpresaburuak egindako inbertsioak jaso dituena.

Wimi5_TecnaliaBideo-jokoen sektorearen aldeko apustua egin du TECNALIAk WiMi5en sorrerarekin. Oinarri teknologikoko enpresa berri bat da, Raúl Otaolea du buru, eta TECNALIAko beste bost profesionalen talde batek —guztiak bideo-jokoen munduan ibilbide luzea dutenak— osatzen du. Spin-offa sortuta, talde osoa enpresa berriaren parte izatera pasatu da.

Negozio-aukera berri hau garatzeko ingurune ezin hobea izan da TECNALIA.

WiMi5ek lehen finantziazio-txanda amaitu berri du —1,6 milioi euroan baloratu dute—, eta 390.000 euro lortu ditu TECNALIArenak ez diren funtsetatik. Hauek babestu dute eragiketa: Grupo ITNet taldeak, Carlos Blanco —Interneten eta bideo-jokoen munduko inbertitzaile nagusietakoa— buru duen Kataluniako holding enpresarialaren inbertsio-egiturak; Civeta Investment startupetan aditua den madrildar funtsak; negozio digitaletan eta softwareetan esperientzia handia duten eta espezializatuta dauden hazi-funtsek —hala nola MicroWave Ventures eta Emprendiza— osatutako EAEko inbertitzaile-talde batek, eta aingeru inbertitzaile talde batek, Jesús Ángel Bravo buru duela.

TECNALIAren lana izan da, TECNALIA Venturesen bidez, batez ere enpresa sortu aurretik inkubazioa bizkortzea, eta, horri esker, hemendik aurrera inbertitzaileek eta zuzendaritza-taldeak gidatuko dute proiektua, akzioen pixkanakako erosketa-eskema batek sustatuta.

Bideo-joko kasualak eta sozialak sortzeko, argitaratzeko eta merkaturatzeko aukera ematen duen hodeian oinarritutako plataforma bat eskaintzen duen sektoreko lehen enpresa da WiMi5.

Esan beharra dago WiMi5en zuzeneko lehia Silicon Valleyn dagoela, han garatzen baitira orain arteko teknologia eta bideo-jokorik aurreratuenak.

Erreminta doakoa da garatzaileentzat, eta, HTML5i eta hodeiari esker, edozein nabigatzaile modernoren bidez funtzionatzen du; beraz, ez da beharrezkoa inolako softwarerik instalatzea —antzeko jokoak sortzeko erabiltzen diren beste erremintekin ez bezala—.

Nola funtzionatzen du WiMi5ek?

WiMi5en beste faktore bereizgarri nagusietako bat da bere jokoek mota guztietako gailuetan funtzionatzen dutela: PCetan, mugikorretan eta tabletetan. Historikoki, arazo horrekin egin dute topo softwarearen eta programazioaren munduan, eta WiMi5ek hori ere konpondu du.

WiMi5en negozio-eredua mikrotransakzioetan oinarritzen da. “Kobratzen hasten gara soilik garatzailea bere jokoarekin dirua irabazten hasten denean”, dio Raúl Otaoleak. Horretarako, free2play jokoak egin ditzaten bultzatzen ditu bere plataformaren erabiltzaileak WiMi5eko taldeak, eta horretan laguntzen die; joko horiek doakoak dira hasiera batean, baina, adibidez, “auto bizkorrago bat edo borroka-joko batean hobekuntza bat” lortzeko mikroerosketak egiteko aukera ematen dute, azaldu du Otaoleak. “Mikrotransakzio bakoitzeko, % 70 garatzailearentzat da eta % 30 guretzat”.

WiMi5ek eremu orokorrean jardungo du, Interneteko negozioei dagokien bezala, eta egoitza Bilbon izango du.

Partekatu

Beste berri batzuk