BULARREKO TUMOREAREN AGRESIBITATEA ETA HORREN TRATAMENDUA ZEHAZTEN LAGUN DEZAKETEN EGITURA PROTEIKO

Albisteak, Gipuzkoa

Biodonostian lanean diharduen María Muñoz Caffarel Ikerbasqueko ikertzaileak parte hartu du Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko zientzialariak buru dituen diziplina anitzeko taldeak egindako ikerketan.

Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS) USA aldizkarian argitaratutako lan honek HER2aren aktibitatea kontrolatzeko mekanismo berri bat deskribatu du: CB2R kannabinoideen errezeptorearekiko heteromerizazioa.

Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko ikertzaileak buru eta Biodonostia, Ikerbasque eta UPV/EHUko zientzialariak ere kide dituen diziplina anitzeko talde batek orain arte ezezagunak ziren egitura berriak karakterizatu dituzte -HER2 eta CB2R errezeptoreen arteko heteromeroak-, eta horiei esker, pazienteen pronostikoa zehaztu ahal izango da, hots, tumoreen agresibitate maila, jaso beharreko tratamenduaren intentsitatea erabaki ahal izateko.

Aurkikuntza honek HER2-positiboaren azpimotako bularreko minbiziaren diana terapeutiko berri bat deskribatu du, eta horrek helburu berri bat ezarriko luke tumore mota horri eraso egiteko, kannabinoideen bitartez nahiz heteromero horiek hauts ditzaketen bestelako farmakoen laguntzaz.

Bularreko minbizia heriotza-eragile nagusietakoa da mendebaldeko emakumeen artean. HER2 onkogenearen neurriz kanpoko espresioa da bularreko minbiziaren azpimota jakin baten ezaugarria. Diagnostiko hau egina duten paziente gehienak HER2aren aurkako tratamenduez profitatzen diren arren, batzuek ez diete behar bezala erantzuten terapia hauei eta beste batzuek erresistentzia garatzen dute denboraren poderioz. Ondorioz, tresna berriak behar dira paziente hauen tratamendurako eta egungo tratamenduekiko berezko erresistentzia garatzeko arrisku handiagoa dutenen identifikazio goiztiarrerako.

Berrikitan Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS) USA aldizkarian argitaratu den ikerketa honek HER2aren aktibitatea kontrolatzeko mekanismo berri bat deskribatu du: CB2R kannabinoideen errezeptorearekiko heteromerizazioa. Taldeak egindako aldez aurreko ikerlanek frogatuta utzi dute kannabinoideek (marihuanaren osagai aktiboek) tumoreen aurkako efektuak eragiten dituztela bularreko minbiziaren hainbat eredu zelularretan zein animalia-eredutan, CB2R errezeptorearen aktibazioaren bitartez.

Lan honetan, ikertzaileek, HER2aren eta CB2Raren arteko interakzio fisikoa deskribatu eta konplexu horien funtzionaltasuna aztertu dute. Batetik, zenbait gizalaginen azterketaren harira, bularreko minbizian, HER2-CB2R heteromeroen espresioa pazienteei egindako pronostiko txarrarekin lotuta dagoela ondoriozta daiteke.

Bestetik, hurbilketa esperimental horiei esker, argi frogatu ahal izan da heteromero hauek Δ9-tetrahidrokannabinola (THC) deritzon kannabinoidearen aplikazioaz hausteak tumoreen aurkako erantzunak sortzen dituela, HER2aren inaktibazioa eta degradazioa eraginez eta heriotzaren zantzuak aktibatuz CB2Raren bitartez.

Emaitza hauen arabera, HER2-CB2R errezeptoreen heterometroak pronostikoak egiteko tresnatzat eta HER2-positiboa duen bularreko minbiziaren tratamendurako diana terapeutikotzat erabil daitezke.

Partekatu

Beste berri batzuk