Ceit-IK4, Tecnun eta Lantier erakundeek paper-fabriketako makinetako arrabolen higadura ekiditeko soluzioa garatu dute

Albisteak, Gipuzkoa

Ceit-IK4, Tecnun eta Lantier Solutions erakundeek garatutako soluzioari esker, paper-fabriketako makinen arrabolak garbitzen dituzten xaflen higadura monitorizatu ahal izango da. Mota honetako makinetarako berrikuntza ekarri duen soluzio honen patentea egin dute, eta beroni esker, paper-fabriketako makinen arrabola dosifikatzaileak garbitzen dituzten xaflen higadura urrunetik kontrolatu ahal izango da. Monitorizazio hori paper-fabrikaren bulegoetatik bertatik edota hornitzailearen bulegoetatik ere egin ahal izango da, eta hala, langileak paper-makina eta bertako arrabolen higadura-maila in situ gainbegiratzeko beharrik ez du izango.

Soluzio honi esker ez da beharrezkoa izango makina gelditzea xaflaren higadura egiaztatzeko, xaflaren egoeran oinarritutako mantentze-lanak ahalbidetuko ditu, eta gainera, kostuak optimizatuko dira, xaflaren iraupena luzatuko duelako, eta erabiltzen den xafla-kopurua erregistratuko baita.

Ceit-IK4, Tecnun eta papergintzako teknologia lantzen duen Lantier Solutions (Tolosan kokatua) enpresarena artean garatutako proiektua da Smerald, eta paper-fabriketako makinen monitorizazio-arazoak ebatziko ditu lau elementuren bitartez: teknologia estandarretan oinarritutako kostu baxuko sentsorea, sentsorearen haririk gabeko irakurgailua, irakurgailuen kontzentrazio-lanak egiten dituen irakurgailu-kutxa, eta irakurgailu-kutxara komunikaziorako bus baten bitartez konektatutako kontrol-softwarea. Gainera, monitorizatu behar den paper-fabrikako makinak duen neurriaren arabera eskalan fabrikatzeko aukera ematen du soluzio honek.

Partekatu

Beste berri batzuk