EHUk eta Ikerbasquek sortutako BCMaterials zentroak, Elhuyar Zientzia Azokarekin bat egin du gazteen artean zientzia eta teknologia sustatzeko helburuarekin

Albisteak, Bizkaia

Hitzarmenari esker, 2020ko maiatzaren 9an Bilbon ospatuko den Elhuyar Zientzia Azokaren laguntzaile izango da Bizkaiko ikerketa- zentroa

BCMaterials-en bi eguneko egonaldiaz gozatu ahal izango dute Elhuyar Zientzia Azokako irabazleek, ikertzaileak eta euren jarduna gertutik ezagutzeko

Elhuyar Zientzia Azoka ekimena gazteek garatutako proiektuen azoka da; ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko aukera.

Ikasturte berriarekin, BCMaterials-ek (Basque Center on Materials, Applications and Nanostructures, Ikerbasquek eta UPV/EHUk sortutako zentroa), ekimenean modu aktiboan parte hartzeko konpromisoa hartu du gaurkoan. Hala, ikerketa-zentroak proiektu estrategikotzat jo du Elhuyar Zientzia Azoka, gazteen zientzia-bokazioak pizteko, gizartearen kultura-zientifikoa sustatzeko, eta bertako eta gaur egungo zientzia hedatzeko. Bide horretan, ekimenak behar besteko neurria eta irismena izan dezan, sinatzaileek oso garrantzitsutzat jotzen dute Euskal Herriko zientzia- eta teknologia-sareko eragileak elkartzea.

Horrenbestez, gaur goizean sinatu dute lankidetza-hitzarmena BCMaterials-eko zuzendari Senen Lanceros Méndez-ek eta Elhuyarreko zuzendari nagusi Jon Abril Olaetxeak.

Elhuyarreko zuzendari nagusiak azaldu duenez, “euskaratik, teknologia eta ezagutza sortuz, eta zientzia zabalduz, gizarte aktibo, kritiko eta berdinzalea eraiki nahi dugu, eta, bide horretan, gazteen etorkizunean modu positiboan eragin nahi dugu”. Horretarako, euskal Zientzia Sistemako eragileekin lankidetza ezinbestekoa dela adierazi du “gazteei erreferente errealak eskaini ahal izateko”. Horregatik, pozik agertu da gaurkoan, Elhuyar Zientzia Azokaren testuinguruan sinatu den hitzarmen berri horren aurrean.

BCMaterials Zentroko zuzendari zientifikoaren hitzetan, “gazteen, eskolen eta ikerketa- zentroen artean lotura egin eta zubiak eraikitzearen garrantzia azpimarratzea beharrezkoa da”. BCMaterials BERC´s-en sarean dago, eta zentroaren xedea materialen belaunaldi berrietan jakintza sortzea da

Bi eragileen helburuak bat datoz, eta helburu horiek lortzeko erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioari esker, indarguneak ahalik eta gehien aprobetxatu ahal izango dira, ahaleginak bateratuz.

ELHUYAR ZIENTZIA AZOKA

Ikasturtearekin batera urrian abiatu zen Zientzia Azoka proiektua, eta udaberrian egingo den azoka handiarekin bukatuko da ekitaldia. Azokan, gazteek publiko orokorrari erakutsiko dizkiete beren ikerketa-proiektuak eta ikerketa-lanak, espazio ireki eta irisgarri batean.

Hitzarmenari esker, Zientzia Azokaren aurretiko ekimen eta ekitaldietan lagunduko du BCMaterials-ek, bai eta 2020ko maiatzaren 9an Bilbon izango den azokan bertan parte hartu ere.

Hitzarmen horien bidez, BCMaterials-ek konpromisoa hartzen dute Zientzia Azokan parte hartzen duten bina gazte-talde hartzeko. Horretarako, harrera egingo zaie gazteei, zentro teknologikoa zertan dabilen azalduko zaie, eta ikertzaileekin batera arituko dira momentuan ikertzaileak dabiltzan ikerketan, bi egunez. Bestalde, lehiaketaren epaimahaian aritzeko aditu bat izendatuko du BCMaterals-ek. Zientzia Azokako lan onenen hautaketarako bileretan parte hartuko dute adituek.

Partekatu

Beste berri batzuk