Elkarrizketa: Larraitz Etxeberria, Eureka! museoko edukien eta bisitarien arreta zerbitzuaren arduraduna

Gipuzkoa

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean dago Eureka Zientzia Museoa, eta, azkenaldian, buru-belarri dihardute Bizitza Zientifikoen 8. Topaketa prestatzen. Saioak urriaren 22an eta azaroaren 5ean egingo dira hain zuzen. Museoaren arduradunak ekimenaren nondik norakoak azaldu dizkigu.

1.- Arrakastaz beteriko zazpi topaketen ondoren, hurrengoa prestatzen zabiltzate. Zertan datzate jardunaldi horiek?

20171026_102712_editedEtorkizuneko zientzialari, teknologo eta ikertzaileen bokazio zientifikoak sustatzea da asmoa. Horretarako, topaketak antolatzen ditugu DBHko 4. mailako eta Batxilergoko ikasleen eta zientzian eta teknologian diharduten profesionalen artean. Profesionalek bi gune erabiltzen dituzte: hitzaldiak emateko bata, eta posterrak ikusgai jartzeko bestea. Egindako lanak erakusteaz gain, gaur egun gauzatzen dituzten lanetara heltzeko egindako ibilbide akademikoa zein pertsonalaren berri ematen dute. Ikasleei dagokienez, berriz, topaketak toki ezin hobea dira etorkizun akademikoari buruzko zalantzak argitzeko, zuzen-zuzenean solasaldian ari daitezkeelako profesionalekin.

2.- Oraindik ere, gehiago kostatzen al zaie neskei karrera zientifikoak aukeratzea?

Nire ustez, fakultateetara joan besterik ez dago ikusteko han emakumeak gehiengoa direla. Egia da, zientzian eta teknologian diharduten erakundeetan, gizonek betetzen dituztela erantzukizun-lanpostu gehienak. Baina nire ustez, gainerako lan-esparruetan bezala, horrek ez du zerikusirik karrera zientifikoak izatearekin.

Bizitza Zientifikoen Topaketaren kasuan, parte hartu duten profesionalen %50 emakumeak izan dira. Ekitate gehiago ezinezkoa da!

3.- Eureka! Zientzia Museoan askotariko jarduerak antolatzen dituzue urtean zehar, zientzia eta teknologia gazteenei hurbilarazteko. Asko al dago egiteke?

Beti gehiago egin daitekeen arren, egia da azken urteotan geroz eta gehiago direla zientzia hedatzeko jarduerak burutu dituzten erakundeak; lan oso ona egin dute, gainera. Gaur egun ditugun baliabideei esker –batez ere, sare sozialez ari naiz– zientzia gehiago heda daiteke; edo, behintzat, lehen baino jende gehiagorengana heltzen da.

Baina nerabeengana heltzea da zailena. Haurrek ikasten gozatzen dute, ondo pasatzen dute; helduak, berriz, harritu egiten dira oraindik ere zer ikasi dutela ikustean; baina zaila da nerabeak erakartzea eta haiek gustuko duten zerbait eskaintzea. Nolanahi ere, ez dut uste eremu zientifikoan soilik gertatzen denik hori.

4.- Zein izango dira aurtengo berritasunak?

Formatuari urtez urte eusten zaio. Ikastetxe askok parte hartu nahi dutenez, bi saio egitea erabaki genuen 2016an, etorkizuneko zientzialari gehiago hurbil zitezen geurera. Eskuratutako arrakastaren ondoren, 2017an formatu bera erabiltzea erabaki genuen; eta halaxe egingo dugu 2018an ere bai.

Ikasleek eta profesionalek eurek ekarriko dituzte berritasunak, topaketak elkarren artean desberdinak izaten baitira beti. Ikasleak beti dira ezberdinak, eta datozen profesionalak ere aldatuz doaz. Hala ere, nabarmendu beharra dago profesional askok errepikatu egiten dutela. Izan ere, batzuk ohiko bilakatu dira. Urteotan haien bilakaera profesionalaren lekuko izan gara, haien ibilbide akademikoetan izan dituzten aldaketen lekuko. Profesionalak urtez urte parte hartzen dutenez –”Bizitza Zientifikoak” ez litzateke posible izango haiek gabe–, edozeinen bizi profesionalean eman daitezkeen aldaketen lekuko izateko aukera dugu, aniztasunaren mesede.

5.- Gipuzkoako Parkeko erakunderik aitzindarietako bat zarete. Lankidetzan diharduzue inguruko beste enpresa edo erakunde batzuekin? Zure ustez, zer ikusten dute gazteek Parkera hurbiltzean?

Parkeko enpresak (bai eta jardunaldietan parte hartzen duten enpresak ere) eta bertan diharduten profesionalak modu erabat desinteresatuan etortzen dira. Ez dago kolaborazio espezifikorik ekimen honetarako.

Bestalde, etortzen diren gazte gehienek ez dute ezagutzen Parkean dagoen enpresa kopurua; ausartuko nintzateke esatera batzuek ez dakitela hemen, Miramonen, Teknologia Parke bat dagoela. Bokazio zientifikoak esnarazteko eta sustatzeko modua izateaz gain, topaketak leiho ere izan daitezke; alegia, Parkea gazteenengana hurbiltzeko leihoa.

Partekatu

Beste berri batzuk