Emakumeak Zientzian hazten ari da

Albisteak, Gipuzkoa, Konpromisoa

Hamazazpi euskal erakundek elkarrekin antolatuko dute Emakumeak Zientzian ekimenaren 6. edizioa, gaur lankidetza-hitzarmen berria sinatuta

Ekimen honen helburu nagusia indarrak batzea da, zientzia nesken kontua ere badela argi uzteko

Hamazazpi euskal erakundek bat egin dute Emakumeak Zientzian proiektuarekin, lankidetza-hitzarmen berri bat sinatuz, eta, hala, ekimenaren helburuekiko konpromisoa berretsiko dute: zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea. Helburu horiek kontuan hartuta, erakundeek indarrak batu dituzte Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta (otsailaren 11n ospatzen da urtero) elkarrekin egingo diren jardueren programa antolatzeko.

Gaur goizean sinatu dute urtez urte handituz doan proiektuaren lankidetza-akordioa. Emakumeak Zientzian ekimenaren 6. ediziorako akordioa sinatu duten 17 erakundeak zientzia eta teknologiaren sarearen erakusleiho garrantzitsuak dira Euskadin. Batasun hori Emakumeak Zientzian jendea biltzeko bokazioarekin jaiotako proiektua delako izan da posible; ateak zabalik izanda eta elkarrekin hobeak garela argi duena. Hala, 2022rako, Emakumeak Zientzian proiektua antolatzen duten erakundeak hauek dira: POLYMAT, CIC nanoGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), CIC biomaGUNE, Biodonostia, Tecnun-Escuela de Ingenieria, Ceit, Eureka! Zientzia Museoa, Gipuzkoako Ingeniari Industrialen Elkargo Ofiziala, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Lortek, UPV/EHUko Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Kimika Fakultatea, Elhuyar eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea.

Hitzarmena sinatuta, erakunde antolatzaileak, zientziaren eta teknologiaren arloko dozenaka profesionalen (ikertzaileak, unibertsitateko irakasleak, ingeniariak etab.) inplikazioari eta dedikazioari esker, programa zabal bat diseinatzen hasiko dira, era askotako jarduerekin, ‘zientzia bada nesken kontua’ mezua ahalik eta pertsona gehienei helarazteko.

Aurrekariak

Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2016. urtean otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna zela aldarrikatzea erabaki zuen, emakumeek eta neskek zientzian erabateko eta bidezko parte-hartzea izan dezaten. Emakumeak Zientzian antolatzen duten erakundeek helburu estrategikotzat dute hori, eta, testuinguru horretan, bat egiten dute jarduera-programa zabal bat sustatu, antolatu, garatu, aurkeztu eta gauzatzeko, urteak igaro ahala gero eta handiagoa bilakatzen ari dena.

2017an, CIC nanoGUNE ikerketa-zentroak sentsibilizazio- eta dibulgazio-jarduerak egin zituen. 2018an eta 2019an, Materialen Fisikako Zentroak (CFM CSIC-EHU), Donostia International Physics Center (DIPC) eta CIC biomaGUNEk bat egin zuten Emakumeak Zientzian ekimenarekin, eta lau zentroek jarduera-programa zabalago bat eskaini zuten. 2020an, dagoeneko bederatzi erakunde elkartu ziren proiektuarekin. 2021eko otsailean, pandemiak eragindako osasun-krisiari aurre eginez, 11 erakundek bat egin zuten jarduera-programa bat aurkezteko —gehiena birtuala—. 2022rako, hamazazpi erakundek berretsi dute proiektuaren helburuekiko konpromisoa eta bat egin dute gero eta pertsona gehiagorengana iritsiko den jarduera-programa prestatzeko.

 

 

Partekatu

Beste berri batzuk