Estefanía Morcillo Donostiako Teknologi Parkeko zuzendari izango da Lucio Hernandoren ordez

  • Arkitektoa da eta esperientzia du hainbat proiektu urbanistikotan. Tolosa-Ibarrako Apattaerreka Industrialdeko kudeatzailea izan da 2009tik

SPRI Taldeko Azpiegituren Arloan integratutako eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailari atxikitako Donostiako Teknologi Parkeko Administrazio Kontseiluak Estefania Morcillo izendatu du gaur sozietate publiko horretako zuzendari nagusi.

Teknologi Parkeko zuzendari berriak, hernaniarra bera, Lucio Hernando gipuzkoarra ordezkatuko du, zeina Pasaiako Portu Agintaritzako presidente baita joan den maiatzetik.

Azken bi urteetan, Estefania Morcillo TAILSA-Tolosaldeko Apattaerreka Industria Lurra, S.A. sozietateko kudeatzailea izan da. Sozietate hori Industrialdeak Programan integratuta dago eta SPRILUR, S.A., Gipuzkoako Foru Aldundia eta Tolosaldea eskualdeko udalak ditu partaide. Joan den otsailean hasi ziren Apattaerreka industrialdea zabaltzeko lanak eta hain zuzen zabalkuntza lan hori izan da Estefaniak azken urte hauetan Tailsa-n zuzendu duen helburu nagusietako bat.

2003.tik, Hernaniko Udaleko zinegotzia eta bertako Hirigintza Batzordeko Talde Sozialistaren bozeramailea izateaz gain bere jarduera profesionalari ekin dio, 2009.ra arte autonomo gisa, eta ondoren, TAILSA-ko kudeatzaile gisa. Hernanirekin duen loturagatik eta Hernanirako egin duen lanagatik parte hartu ahal izan du Donostiako Teknologi Parkea Hernaniko Galarreta eremuan handitzeko proiektuaren aurrerapenean. Industri Sailaren ordezkari izan da duela gutxira arte Lurraldearen Antolamendurako Batzordean, eta horrek lurzoruaren kudeaketa publikoan bildu duen esperientzia aberastu dio.

Galarreta eremuranzko zabalkuntza burutzea izango da Donostiako Teknologi Parkean hasiko duen etapa berri honetako proiektu estrategiko nagusia, eta bere esku geratuko da baita ere SPRIren Gipuzkoako Azpiegituren Lurralde Zuzendaritzaren kudeaketa.