Europako Batzordeko Informatika Zuzendaritza Nagusiak lizitatutako kontratuetako bat eskuratzeko aukera dute lau euskal enpresak, lehenbizikoz

Gipuzkoa

  • Bilbomática, Entelgy, Ibermática eta Near Technologies enpresek osatutako partzuergoa homologatu dute, Europako Batzordearen proiektuen esleipenera aurkezteko aukera izan dezan. Proiektu horiek 97 milioi euroko zenbatekoa izango dute.
  • Partzuergoaren kalkuluen arabera, eskura dezaketen negozio-bolumena gauzatzeko 500 profesional beharko lituzkete datozen lau urteetan

  Europako Batzordeko Informatika Zuzendaritza Nagusiak (DIGIT) homologatu du Ibermática, Bilbomática, Entelgy eta Near Technologies euskal enpresek osatutako partzuergoa, aukera izan dezan Europako Batzordeko informazio-sistemak garatu, aztertu eta sendotzeko kanpo-zerbitzuak (DESIS III) emateko kontratuen lizitazioan sartzeko.

Esleipen horiei esker, datozen lau urteetan 97 milioi euroko zenbatekodun kontratuak egingo dira, eta urtero sektoreko 500 profesionalen lana beharko da kontratuok gauzatzeko. Euskal enpresek era horretako esleipenetan izateko aukera duten lehen aldia izango da. Europar Batasuneko soilik beste lau partzuergok izango dute aukera DIGITen kontratu horiek eskuratzeko lehian izateko.

Lau euskal enpresa horien bat-egiteak eta baterako lanak ahalbidetu du lorpena, baina Euskal Herriko Elektronika, Informatika eta Telekomunikazioen Klusterraren (GAIA-TEIC Klusterra) babesa ere izan dute.

Izan ere, Gaiako presidente Manuel Salaverriak nabarmendu duenez, partzuergo hori Klusterrak sustatutako BATERATASUN estrategiaren barruan sartzen da. Hain zuzen, estrategia horrek “sektoreko enpresen artean lankidetzarako mekanismoak garatzearen alde” egiten du, “helburu hartuta beharrezko dimentsioa hartzea, aukera izan dezaten bestela iritsi ezin izango liratekeen merkatuetara —oraingo honetan, nazioartekoetara— sartzeko eta haietan lehiatzeko”.

GAIAn pozik daude Elektronika, Informatika eta Komunikazio Teknologien euskal sektorearen historian gertaera gogoangarria lortu dutelako: “ziur gaude Euskadira enplegua eta aberastasuna ekartzen lagunduko duela”.

Walter Mattheus, Bilbomatica enpresako zuzendari nagusiak adierazi duenez, “dimentsionatze-estrategia horrek hazkunderako eta nazioartean erreferentziak sortzeko espazio berria sortu du Euskadiko IKTen sektorerako; izan ere, Gaian esaten dugun bezala: elkarrekin aurrera”.

Bukatzeko, Manuel Salaverriak esan duenez, “Partzuergoa osatzen duten lau enpresak, sektoreko beste euskal konpainia batzuekin batera, aurrean dugun negozio-aukera eta erronka tekniko handi horri behar bezala eta eraginkortasunez erantzuteko moduan antolatuta daude”.

Partekatu

Beste berri batzuk