Euskadik eta Kataluniak Estatuari azpiegitura kritikoak babesteko beren zibersegurtasuneko zentroetarako jarduteko eskumen handiagoa eskatu diote
Sare eta Informazio Sistemen Segurtasunari buruzko Lege Proiektuan jaso den NIS Zuzentarauaren trasposizioak mugatu egiten du zentro autonomikoen eginkizuna zibererasoen kasuetan
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak Jordi Puigneró Kataluniako Generalitateko Polítiques Digitals-eko Consellerrari harrera egin dio Zibersegurtasuneko Euskal Zentroan (BCSC); bertan, lan-tokapeta izan dute, besteak beste Javier Diéguezekin eta Oriol Torruellarekin, Euskadiko eta Kataluniako zibersegurtasuneko zentroetako zuzendariekin.
Tapiak eta Puignerók Diputatuen Kongresuan zer baldintzatan lan egiten ari den aztertu dute, bai eta NIS “Network Information Systems” Europako Zuzentarauaren traspozisioa ere, eta hura berriro zentralizatzea salatu dute; izan ere, horrela, murriztu egiten da krisi-kasuetan zibersegurtasuneko zentro autonomikoek kudeatzeko duten eskumena.
NIS Zuzentarauak berak ez du trasposizioan mugarik ezartzen; hala ere, izapidetzen ari den Sare eta Informazio Sistemen Segurtasunari buruzko Lege Proiektuak ez die rolik ematen zentro autonomikoei, zehazki egon daitezkeen alerten aurrean erantzuteko kudeaketan, nahiz eta nazioartean homologatuta eta aitortuta dauden zentroak izan.
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak eta Generalitatek Euskadiren eta Kataluniaren aitorpena eta eginkizunak aldarrikatu dituzte, zibererasoen aurrean egon daitezkeen krisi-kasuetan erantzuna kudeatzeko; izan ere, ulertzen dute Euskadiko eta Kataluniako zentroek nazioarteko aitorpena dutela eta, gaur egun, agente homologatuak eta kontrastatuak direla eta beren ingurunean konfiantza transmititzen dutela.
Hori horrela, Kataluniako ordezkaritzak BCSCra eginiko bisitaren bidez, zuzenean ezagutu du Miñaoko zentroaren funtzionamendua; zentroa bereziki Euskadiko enpresa- eta industria-egituraren sentsibilizazio-, prebentzio- eta prestakuntza-eginkizunetan zentratzen da, baina baita euskal zibersegurtasun sektorearen espezializazio eta promozioan. Kataluniako gobernua une honetan etorkizuneko Zibersegurtasun Agentzia sortzeko lanetan dabil.
Generalitateko ordezkaritza Ester Manzano, Modernització i Innovació de l’Administracióko zuzendari nagusiak, Oriol Torruella Kataluniako Zibersegurtasun Zentroko (CESICAT) zuzendariak eta Joan Angulo CTTIko zuzendari gerenteak osatu dute, eta interesa erakutsi du Euskadiko Agenda Digitalaren eta Basque Industry 4.0 estrategiaren inguruan, digitalizazioa eta industria-eremuko teknologia berriak bateratzearen adibide gisa.