Euskadik lideratuko du Europako lankidetza publiko-pribatua Zibersegurtasun arloan
European Cybersecurity Organisation (ECSO) erakundeak Javier Diéguez BCSCko zuzendaria aukeratu du Europako eskualdeen ordezkari izateko Lankidetza Batzordean (Partnership Board), Europako Batzordearekiko komunikazio-kanalean
European Cybersecurity Organisation (ECSO) erakundeak Javier Diéguez (Euskadiko Zibersegurtasun Zentroa / Basque Cybersecurity Centre – BCSCko zuzendaria) aukeratu du Lankidetza Batzordeko (Partnership Board) Europako eskualdeen ordezkari izateko. Batzorde hori ECSOren eta Europako Batzordearen arteko komunikazio-kanal formala da eta bertan eztabaidatzen da zibersegurtasun arloko proiektuei buruzko lan-programa. Hala, Euskadik bere posizioa sendotu du Europako erreferente izateko zibersegurtasun arloan.
Horixe da, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak SPRI Taldearen bitartez 2017ko urrian sortutako BCSCren bidez lortu nahi den helburuetako bat: Euskadi nazioarteko erreferente izan dadila zibersegurtasun-teknologiak fabrikazio aurreratuko industriari aplikatzeko orduan.
Euskadiko Zibersegurtasun Zentroa ECSO sareko eskubide osoko kide da aurtengo urtarriletik. ECSO Europako zibersegurtasun-sare handiena da, zeinetara biltzen baitira zibersegurtasun arloko administrazio publikoak, enpresak, ikerketa zentroak, elkarteak, eskualdeak eta askotariko organismoak.
Lankidetza Batzorde Publiko-pribatua (Partnership Board) da ECSOren eta Europako Batzordearen arteko komunikazio-kanal formala eta bertan eztabaidatuko da Horizontea 2020 ekimenaren barruan garatuko diren zibersegurtasun arloko proiektuen lan-programa eta I+G+B programa orokorrarekin erlazionatutako gaien inplementazioa eta, gainera, jarraipena egingo zaie lankidetza publiko-pribatuko konpromisoei.