Euskadiko Berrikuntzaren atariak ia milioi erdi bisita ditu urtean
www.euskadinnova.net web orriak aurreikuspen guztiak gainditu ditu eta indartu egin da 260.000 erabiltzaile baino gehiagorekin, 2010ean baino %30 gehiago. Industria Sailak Berrikuntzaren alde egin duen apustuari zor zaio atariaren arrakasta, zeinak %11,8 handitu baitu bere aurrekontua.
Euskadiko Berrikuntzaren ataria (www.euskadinnova.net) erreferentziazko gida bihurtu da, 467.622 bisita jaso baitzituen iaz (2010ean baino %30 gehiago). Horrek esan nahi du 1.136.597 orri ikusi direla eta guztira 260.040 erabiltzaile lortu direla. Eusko Jaurlaritzak apustu sendoa egin du berrikuntzaren alde eta halaxe frogatzen du Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren aurrekontuak berak, 54 milioi euro baititu aurten Berrikuntza eta Informazio Gizarterako, iaz baino %11,8 gehiago.
Alexa indizearen arabera (www.amazon.com web orriaren jabetzako web zerbitzu independente bat da eta Interneten kontsultatutako web orrien bisita kopurua neurtzen du objektiboki), www.euskadinnova.net 4.269 postuan dago Espainia osoko web orrien artean; inguruko eta antzeko arloetako web orriekin alderatuta, berriz, ikus liteke Eusko Jaurlaritzaren euskadi.net orria 586. postuan dagoela eta Bizkaiko Foru Aldundiaren bizkaia.net 3.159. postuan; tecnalia.com 17.436garrena da eta innobasque.com 43.864garrena.
Emaitza horiek argi uzten dute Euskadiko Berrikuntzaren atariak azken urteotan izan duen hazkunde nabarmena. Horren adierazle onena da itzelezko arrakasta lortu dutela erabiltzaileek gehien bisitatu dituzten bi atal hauek: agenda eta albisteen atala. Lehenak, Euskadin hurrengo hilabeteetan garatuko diren jarduera guztiak biltzen ditu, webeko egituraren oinarrian dauden lau esparruen inguruan: Berrikuntza Teknologikoa, Berrikuntza Soziala, Enpresa Eraldaketa eta Enpresa Digitala. Mota guztietako jarduerak daude, esaterako ikastaroak, jardunaldiak edo tailerrak. Bigarren atalean berriz begirada bakarrean hartzen dira esparru horietako berrikuntzarekin lotuta eman diren informazio eta nobedade guztiak.
Edukien sindikazioa da www.euskadinnova.net atariko erabiltzaileek gehien erabiltzen duten tresnetako beste bat. Asteroko buletinak errekorra lortu du hedapenari dagokionean: Ostiralero, ia 30.000 harpidedunek berrikuntzaren inguruko azken albiste eta ekitaldiei buruzko informazioa jasotzen dute eta, gainera, bertan irakur ditzakete eginiko azken elkarrizketak, argitaratutako bideoak… Harpidedun kopuru esanguratsua da Euskadiko web instituzionala dela kontuan hartuta. Laguntzei buruzko arreta zerbitzuan izena emanez gero, erabiltzaileak uneoro jasoko du diru-laguntza guztiei buruzko informazioa, esaterako, zeintzuk diren EAEko enpresetan berrikuntza proiektuak gauzatzeko edo enpresetan Informazio eta Komunikazio Teknologia (IKT) berriak txertatzeko dauden laguntzak.
Bestalde, webak jaso dituen nazioarteko bisitak herrialde/lurralde hauetakoak izan dira: Mexiko, Kolonbia, Peru, Argentina, Venezuela, Txile, Erresuma Batua, Ekuador, Estatu Batuak, Frantzia, Dominikar Errepublika eta Alemania (ordena horretan), bisita guztien %21 izan direlarik. Aipatzekoa da herrialde latinoamerikarretako bisitak nabarmen hazi direla. 2011. urtean gailu mugikorrentzat egokitu dira edukiak eta horien bidez egindako bisitak 19.221 izan dira, ia %40 Apple gailuen bidez egin direlarik.
Berrikuntza gaietako albisteak zabaltzeaz gain, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak SPRIren bitartez finantzatzen eta kudeatzen duen proiektu honek informazio baliagarria eskaintzen die erabiltzaileei, adibidez, lurralde osoan garatzen diren ekintza guztientzako euskarri sarea (InnovaNet Sarea). Sare horretan, Euskadiko sustapen ekonomikoan diharduten eragile guztiek parte hartzen dute; 100 agentetik gora dira guztira, hiru lurraldeetako sektore desberdinetan banatuta (erakunde publikoak, enpresa elkarteak, merkataritza ganberak, unibertsitatea, klusterrak, garapen agentziak, enpresa eta berrikuntza zentroak (EBZ), lanbide heziketako ikastetxeak, zentro teknologikoak eta berrikuntza bultzatzeko eta sustatzeko beste eragile batzuk).
Iaz jasotako bisita kopuruak aurreikuspen guztiak gainditu ditu eta horrek erakusten du Euskadiko Berrikuntzaren ataria sasoi betean dagoela, hainbat elementuren konbinazioari esker: web orri dinamikoa da, edukiak etengabe eguneratzen dituelako; osotua ere bada, web bakarrean biltzen baitu berrikuntzari buruz jakin beharreko guztia; informazio praktikoa eskaintzen du ekitaldi, laguntza eta aukera guztiak begirada bakarrean ikusteko; parte-hartzailea da, iritziak trukatzeko espazio ugari dituelako eta erabiltzeko erraza da lehen bisitatik hasita.