Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak eta LHko zentroek Zibersegurtasunaren, Fabrikazio aurreratuaren eta Biozientzien lan-aukerak erakutsiko dizkiete Batxilergoko ikasleei

Albisteak, Gipuzkoa

Eguna: Asteartea, 2019ko martxoak 12

Tokia: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Teknologia Parkeak

Ikaslanek, Hetelek eta Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak antolatutako LH-Parke Foroak, enpresa teknologikoetako lanbide-prestakuntzari buruzkoak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Parke Teknologietako puntako enpresetara bisitak eginda lanbide teknikoekiko gazteenen interesa piztu nahi du

Zibersegurtasuna, fabrikazio aurreratua eta biozientziak dira gaur egun hazkunde-itxaropen onena duten sektore ekonomikoetako hiru. Euskadi dagoeneko nazioarteko erreferentzia da arlo horietan. Euskal parke teknologikoak hiru nitxo horietan espezializatu dira pixkanaka, eta enpresek etengabe eskatzen dute talentua horietan. Profil behar horri erantzun ahal izateko, martxoaren 12an, Euskadiko Parkeen Sareak ateak zabalduko dizkie LH-Parkea III. Foroan parte hartuko duten Batxilergoko ikasleei. Foroa Ikaslanek, Hetelek eta Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak jarri dute martxan.

Azken edizioan deialdiak izan zuen arrakasta errepikatzea espero du Foroak. Izan ere, iaz 800 ikaslek lehen eskutik ezagutu ahal izan zituzten Lanbide Heziketak eta Euskal Parke Teknologikoetan jarduera garatzen duten enpresek eskaintzen dizkieten lan-aukerak eta garapen profesionala. Hain zuzen ere, Bizkaikoa bisitatzen duten ikasleak punta-puntako enpresa teknologiko hauen instalazioetara sartu ahal izango dira, besteak beste: ESS Bilbao, Itelazpi eta Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa, CFAA.

Aeronautikako, ingeniaritzako eta biozientzietako sektoreek, hurrenez hurren, Arabako Parke Teknologikoko enpleguaren % 25, % 20 eta % 12 dute, eta ikasleek aukera izango dute sektore horietan erreferentzia diren enpresa batzuk ezagutzeko, besteak beste: Aernnova, AEG Power Solutions Ibérica, CIC Energigune edo I+Med.

Azkenik, Gipuzkoako Parke Teknologikora joango direnek (aurten 25. urteurrena du gainera), bertan biozientzien sektorean lider diren enpresek egiten dituzten ikerketa aitzindariak ezagutu ahal izango dituzte: VIVEBiotech, ILine Microsystems edo BCBL.

Jardunaldia amaitzeko, hiru parkeetan aldi berean egingo den hitzaldi-programa bat izango da, eta horietan, LHko ikasle ohiek, gaur egun lan-munduan sartutakoak, Lanbide Heziketaren enplegagarritasun handia nabarmenduko dute, 140 titulazio guztiak kontuan hartuta % 86 inguruko batez besteko tasa baitu, baina ziklo industrialetan, ia % 100ekoa da. Azalduko dute, gainera, prestakuntza dualak haien lan-aurreikuspenak nola hobetu zituen (batzuetan unibertsitateko titulazioa lortu ondoren ere bai), baita aurreikuspen ekonomikoak ere.

Ikasketa industrialak dira matrikulazio guztien % 44,4, ikasturte honetan LH aukeratu duten 42.353 euskal ikasleen artean gogokoenak. Zifra hori iazkoa baino % 6,4 altuagoa da, baina oraindik ere ez da nahikoa 2020rako sektoreko enpresek aurrez ikusitako eskaria estaltzeko. Espezialitate industrialetan aurten emakumezko ikasleen kopurua ere handitu da (% 14,6 gehiago), baina oraindik ere guztizkoaren % 10 bakarrik da.

LH-Parke Foroa, aurten hirugarren edizioa duena, Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen 2017-2020 Plan Estrategikoan sartuta dago, eta bere helburuen artean ditu gazteenen artean bokazio zientifiko-teknologikoak ahalbidetzea. Hain zuzen ere, Sarean txertatutako 530 enpresak dira euskal industria-egituraren punta, hain zuzen ere, I+G arloko inbertsio handiari esker (Euskadiko gastu osoaren % 42) eta, batez ere, goi mailako titulazioetan nahiz erdi mailakoetan talentua biltzeko gaitasunagatik.

Gipuzkoako Teknologia Parkeko egitaraua

Gipuzkoako Parke Teknologikoan, enpresei bisita egiteaz gain, LHren aldeko aukera egin zuten gazteen esperientziak ezagutuko dituzten ekimen batean parte hartuko dute ikasleek.

Héctor Calderón, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko Lankidetzako eta Enpresei zerbitzua emateko zuzendariak egingo dien ongietorriaren eta parkearen aurkezpenaren ostean, Josune Irazabal Gipuzkoako Ikaslaneko presidentearen eta Jon Iartza presidenteordea eta Gipuzkoako Hetel-eko arduradunaren txanda izango da. Horiek emango dute irakasleen ikuspegia eta Euskadin ikas daitezkeen LHko 140 familiak eskaintzen dituzten lan-irteerak eta prestakuntza-ibilbideak azalduko dituzte.

Jarraian, Garbiñe Etxezarretak, Kutxa Fundazioaren arduradunak, LH ikasi duen eta beren enpresa sortu duen gazte talde bat aurkeztuko du: Juan Casinos, Zibersegurtasuneko ikaslea; Alain Vivas, Zerbimek tailer mekanikoaren sortzailea; Solange Artola, Skype bidez parte hartuko duena Florentziatik, beka Orokor bat ikasten ari baita; Jon Ugartemendia, Thyssen Krupp-en lanean ari dena prestakuntza dualean Administrazioa eta Finantzak ikasi ondoren; Ainhoa del Barco, Fabrikazio Mekanikoan tituluduna, eta egun, Olgaiz Construcciones Mecánicas-eko langilea; eta Aitor Sorrarain, egun Ingeniaritza ikasten ari dena Mekatronikan diplomatu ostean.

Azkenik, enpresetarako bisitari ekin baino lehen, Kepa Altube Lanbide Heziketa (Laneki) hobetzeko eta sustatzeko Elkarteko presidenteak jardunaldiaren laburpena egingo du eta hizlarien eta publikoaren esku-hartzeetatik ondorio batzuk aterako ditu.

BISITA GIPUZKOAKO ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA PARKEKO ENPRESETARA

Foroari amaiera emateko, ikasleek Gipuzkoako Parke Teknologikoan dauden zenbait enpresatara bisitaldia egingo dute: VIVEbiotech, Tecnalia, Spyro, BCBL, BIC Gipuzkoa, EITB, Danfoss, ILine Microsystems eta Nesplora.

Bisitaldi horietan, ikasleek arlo profesional espezifiko batek eskaintzen dituen aukerak eta eskakizunak ezagutzeko eta enpresa teknologikoen funtzionamendua modu orokorrean ikusteko aukera izango dute. Horren bidez, zentzuzko elementuak eskainiko zaizkie beren etorkizunerako horren garrantzitsua den erabakia hartu ahal izateko: ikasketak hautatzea, alegia.

Programa FP_Parke Gipuzkoa

Informazio gehiago eta elkarrizketak: prentsa@parke.eus

Partekatu

Beste berri batzuk