Euskaltelen Akziodunen Batzar Orokorrak berretsi egin du enpresaren kudeaketa, eta izendapen berriak onartu
- Berretsi egin du Batzarrak konpainiaren estrategia: akziodunarentzat balioa sortzea, erabakiak hartzeko independentzia oinarri duen gobernu-ereduari eustea, eta ekonomia berrira, digitalera, egokitzea
- Bestalde, konpainiako presidente Alberto García Erauzkin kontseilari exekutibo kargurako hautatu du berriro Batzarrak, eta kontseilari independentetarako José Ángel Corres presidenteordea
- Beste izendapen hauek ere onartu ditu Batzar Orokorrak: Alicia Vivanco, Kartera 1 SLren ordezkaria, kontseilari ahaldun, eta kontseilari independente Elisabetta Castiglioni eta Miguel Ángel Lujua
- Francisco Arteche, berriz, kontseilari exekutibo kargurako onartu du Batzar Orokorrak, eta kontseilari delegatu izendatuko du administrazio-kontseiluak hurrengo bileran, datorren uztailean
- Lehenbiziko Ohiko Batzar Orokorra izan du gaurkoa Euskaltelek burtsara atera zenetik, duela urtebete
- Egun, nagusi da Euskaltel Euskadiko eta Galiziako telekomunikazio-zerbitzu guztietan: telefonia finkoa eta mugikorra, banda zabala eta ordainpeko telebista
Konpainia burtsara atera zenetik, duela urtebete, lehenbiziko Ohiko Batzar Orokorra izan du konpainiak gaur goizekoa Euskaltelek. Konpainiaren egoitzan egin da Batzarra, zeinak onartu egin baitu Euskaltelen aurreko ekitaldiko kudeaketa, eta aurkeztu diren proposamen guztiak berretsi.
Akziodunen Ohiko Batzar Orokorrean egin duen hitzaldian, hau azpimarratu du Alberto García Erauzkin presidenteak: “Gure akziodunen Euskaltelen kudeaketari eman dioten onespena, 2015eko emaitza onak eta 2016ko lehen hilabeteetako etengabeko hazkuntza oinarri hartuta”. Azpimarratu du, halaber, Batzar Orokorrean aurkeztutako proposamen guztiak onartu izana, “konpainiaren estrategia baietsi egiten baitu horrek: akziodunentzat balioa sortzea, erabakiak hartzeko independentzia oinarri duen gobernu-ereduari eustea, eta ekonomia berrira, digitalera, egokitzea, gure herriarentzat aberastasuna, enplegua, garapena eta ongizatea sortzeko konpromisoari eutsiz”.
Berretsi egin du Batzarrak konpainiaren estrategia: akziodunarentzat balioa sortzea, erabakiak hartzeko independentzia oinarri duen gobernu-ereduari eustea, eta ekonomia berrira, digitalera, egokitzea. |
Konpainiaren estrategia-argitasuna berretsi du Euskaltel Taldearen presidenteak. “Lehenik eta behin, akziodunentzat balioa sortzea du helburu estrategia horrek, zeina bateragarria baita gure interes-talde guztien iguripenekin. Hauek dira estrategiaren oinarriak: bezero gehiago eta diru-sarrera handiagoak izatea, gastu-eraginkortasuna eta ahalik eta zorroztasun handiena inbertsioei dagokienez, diru-iturriak aurkitzeko, palanka-efektua murrizteko eta akziodunei ahalik eta ordainsari handiena emateko”.
“Oinarri horiek euskarri ditugula —jarraitu du presidenteak— honetan saiatu behar du gure estrategiak: Euskaltelen kudeaketa-taldeko administrazio kontseiluaren eta lantalde osoaren independentzia ahalik eta handiena bermatzea erabakiei dagokienez”.
“Azkenik, ekonomia digital berrira egokitu behar dugu, merkatuari eskaintzen diogun balio-proposamena etengabe hobetuz”, adierazi du García Erauzkinek.
Brexitari buruzko gogoeta
Tarte bat eskaini die Alberto García Erauzkinek azken berriei ere, Brexit delakoari, alegia: “Euskaltelen presidente naizen aldetik, Konpainiaren sendotasuna eta irmotasuna berrestea dagokit. Izan ere, lider da Euskaltel Euskadiko eta Galiziako bere merkatuetan, ratio ezin hobeak ditu errentagarritasunari eta diru-iturriak aurkitzeko ahalmenari dagokienez, eta etengabe ari da hazten eta eraldatzen, finantza-diziplinarekiko konpromisoari eutsiz. Honenbestez, gure inguruan izan daitezkeen gorabeherak direla eta, jarrera hau izan behar dute gure kudeatzaileek: konpainiaren eta haren interes-taldeen mesederako jardun behar dute, eta horretara bideratu gorabeheren ondorioak. Hori egin du Euskaltelek iraganean, arrakastaz egin ere, eta hori egiten jarraituko dugu etorkizunean ere”.
Euskaltel taldearen presidenteak adierazi duenez, “etorkizunera begira, sendotasun handia ematen digu gure bezero-oinarriak. Leiala eta geroz eta handiagoa da oinarri hori, eta harentzat dihardu buru-belarri gure Konpainiak, merkatuari agindutako helburuak bete nahian”. “Horregatik —esan du—, eskerrak ematen dizkiegu gure inbertitzaileei, egungo egoera honetan eman diguten laguntza erabatekoagatik, eta dei egiten diegu parte har dezaten proiektu irmo honetan, errentagarritasun handia baitu eta akziodunarentzat balioa sortzen baitu epe luzera”.
Euskadin dauka erabakigunea gure telekomunikazio-taldeak
García Erauzkinek gogoratu duenez, duela hogei urte sortu zen Euskaltel, bezeroen premiak asetzeko eta Euskadin sektoreko lider izateko. “Urte hauetan, gauza asko aldatu dira Euskaltelen: bere sorlekutik kanpora ere hazi egin da, eta Espainiako estatuko iparraldeko operadore nagusi bihurtu; bestalde, nazioartera zabaldu du kapital-egitura, epe luzeko akziodunak bereganatuz (bertakoak, estatukoak eta nazioartekoak) baina erabakigunea Euskadin duela betiere”.
Jakina, Euskaltelen eta R-ren bategiteaz ari zen Euskaltel Taldearen presidentea. “Lorpen historikotzat” jo du bategite hori: “Espainiako estatuko iparraldeko erreferentziazko operadorea sortu dugu; bost milioi biztanleko merkatua du, eta etxeko eta enpresetako 715.000 bezerori ematen die zerbitzu; diru-sarrera, berriz, 570 milioi eurokoa du, eta EBITDA, 265 milioi ingurukoa.
“Hartara, handiagoa da orain Euskaltel Taldea, eta posizio hobea du merkatuan; aldi berean, enpresa bakoitzak bere merkatuan duen indarrari eutsi egingo dio, sustrai sendoak baitituzte biek ere Euskadin eta Galizian”, azaldu du taldearen presidenteak.
Gobernu korporatibo eredugarria
Administrazio-kontseiluak prestatu duen Gobernu Egokirako Kodeak “arautzen ditu konpainiaren zuzendaritza-organoen, zuzendaritza-taldearen eta langile guztien jarduerak, eta enpresaren orainarekiko eta geroarekiko konpromiso pertsonalaren adierazle dira”.
Kapital Sozietateen Legera eta Sozietate Kotizatuen Gobernu Egokiaren azken gomendioetara egokitu ditu Euskaltelek bere estatutuak eta administrazio-organoen barne-funtzionamendurako arauak.
Sozietate kotizatuen jardunbide onenetara egokitu du bere egitura Euskaltelek, eta Gobernu Egokiaren nazioarteko estandar zorrotzenak betetzeko konpromisoa berretsi. “Alor horri dagokionez, hau du oinarri gure estrategiak: Euskaltelen administrazio kontseiluaren, kudeaketa-taldearen eta lantalde osoaren independentzia ahalik eta handiena bermatzen duen gobernu-sistema bat izatea korporazioak”.
Arriskuak Kudeatzeko Sistema bat ezarri du Euskaltelek, eta delituak prebenitzeko sistemetarako AENORek, Espainiako Normalizazio eta Ziurtapen Elkarteak, ematen duen ziurtagiria jaso duen lehena da Euskadiko enpresen artetik, bai eta Espainiako estatuko telekomunikazio-sektore osokoen artetik ere. Alberto García Erauzkinek adierazi duenez, “kudeaketa-sistema hori ezarrita, beste aurrerapauso bat eman du Euskaltelek kultura etiko bat bultzatzeko bidean, eta are tinkoago dihardugu gobernu egokiaren eta arriskuen kudeaketaren alde, horiek baitira negozioaren iraunkortasuna bermatzeko lehen urratsak”.
2015eko kontuen onespena eta 2016ko hazkundea
Euskaltel Taldearen Akziodunen batzar Orokorrak onartu egin ditu Euskaltel Taldearen 2015eko ekitaldiko kontuak. Urte historikoa izan zuen iazkoa Euskaltel Taldeak: % 8,8ko hazkunde bateratua diru-sarrerei dagokienez —349,4 milioi euro—, areagotu egin baitu telefonia mugikorrean zeukan lidergoa; horrez gain, hazi egin da banda zabalean eta ordainpeko telebistan.
EBITDA bateratua 167 milioi eurora iritsi zen (% 7,1eko igoera); emaitza doitu bateratua, berriz, 49,6 milioi euro izan zen, aurreko ekitaldikoa baino % 16,9 handiagoa. Kaxa-fluxuaren bihurtze-ratioa % 68,2 izan zen. Aitzindari da Euskaltel, Europan, kutxa-bihurtzearen ratioari dagokionez, gure sektoreko Europako onenen parekoa baita.
2016ko lehen hilabeteetan ere oso positiboa izan da bilakaera: sendotu egin da aurreko ekitaldiko hazkunde-joera, lehen hiruhilekoko emaitzen aurkezpenean aurreratu genizuenez.
Hazten jarraitzen du Euskaltel Taldeak diru-sarrera, bezero eta produktutan, bai etxeko sektorean bai negoziokoan. Berretsi egiten du hazkunde horrek merkatuak konpainiaren eragiketa korporatiboei egin dien harrera ona, bai eta bezeroek gure konpainiaren produktu eta zerbitzuetan duten konfiantza ere.
Erreferentzia da Euskaltel, Europan, kutxa-bihurtzearen ratioari dagokionez. Hazten jarraitzen du negozio-sektore guztietan —telefonia finkoa, banda zabala, mugikorra eta ordainpeko telebista (azken bi horiek, batez ere, hazkunde ikusgarriak ari dira izaten)—, bai eta hiruzpalau produktu kontratatzen dituzten bezeroen kopuruak ere.
Etengabeko hazkuntza hori dela eta, beste hau ere lortu du Euskaltelek: Egun, nagusi da Euskaltel Euskadiko eta Galiziako telekomunikazio-zerbitzu guztietan: telefonia finkoa eta mugikorra, banda zabala eta ordainpeko telebista.