Euskaltelen kamisetak “Marea laranjako” zaleak omenduko ditu hamargarren urteurrenean

Bizkaia

• Euskaltelen 2010eko kamisetaren diseinuak euskal zaleen garrantzia nabarmentzen du, urtez urte Euskaltel-Euskadi taldea animatzera joan, eta Pirinioetako etapak egiazko kirol- eta gizarte-ekimen bihurtzen dituzten horiena, hain zuzen.

• Aurtengo kanpainaren bidez, Euskaltelek gaixotasun arraroen bozgorailu ere izan nahi du; hala, Mikel Trueba babestuko du, Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (AEA) duen santurtziarra, eta Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulariekin egoteko aukera emango dio Tourmaleten amaitzen eta hasten diren Tourreko etapetan.

Euskaltelek 2010eko “Marea laranjaren” kamiseta aurkeztu duen ekitaldian Euskaltel-Euskadi taldeko kideak, beste kirol batzuetako kirolariak eta telebistako pertsonaiak izan dira, besteak beste. Guztiek jantzi dute Tourreko Pirinioetako etapak nahiz aurtengo udako kirol-ekitaldiak eta festak laranjaz margotuko dituen kamiseta.

Kamisetaren aurkezpen ofizialean Tourrean parte hartuko duen taldeko txirrindulariak izan dira: Samuel Sánchez, Egoi Martínez eta Amets Txurruka, Igor Antón eta Beñat Intxaustirekin batera, taldearen manager Igor González de Galdeano eta Fundazioaren lehendakari Miguel Madariaga lagun zituztela. Bertan izan dira, halaber, Olaizola I.a, Abel Barriola, Berasaluze VIII.a, Bengoetxea VI.a, Aritz Begino, Aritz Lasa, Patxi Ruiz eta Aitor Zubieta pilotariak; Iker Pou, Josune Bereziartu eta Ricar Otegi eskalatzaileak; Txaber Trojaola surflaria; Kukuxumusuren ordezkariak Koldo Aiestaran eta Antxon Iñarrea eta telebistako aurkezle Julian Iantzi, Egoitz Ríos, 2010ko edizioko irabazlea, Qi eta Angel Jauregui, ETB-2ko “El Conquistador del Fin del Mundo” realityko parte-hartzaileak, eta Gotzon Mantuliz, 2009ko edizioko irabazlea, lagun zituela.

Hamar urtez huts egin ez duen hitzorduari fidel jarraiki, Euskaltelek gaur goizean aurkeztu du aurtengo Frantziako itzulian “Marea laranjaren” ikur izango den kamisetaren diseinua. Euskaltelek, kamiseta horren bidez, euskal zaleen garrantzia nabarmendu eta aitortu nahi du, urtero-urtero Euskaltel-Euskadi taldea animatzera joan eta Pirinioetako etapak egiazko kirol- eta gizarte-ekimen bihurtzen baitituzte.

Izan ere, “Marea laranjaren” fenomenoa mugaz haraindikoa da, eta munduko lurralde eta herrialde guztietako jendea biltzen du. Hala, Euskaltelek kamiseta laranjaren eskaerak jasotzen ditu urtero Arabatik, Bizkaitik, Gipuzkoatik, Nafarroatik, Iparraldetik, Espainiako eskualdeetatik, baita Europatik eta Ameriketako Estatu Batuetatik ere. Txirrindulari-taldeak ere jarraitzaile-talde kosmopolita du, Euskadi Fundazioak mundu osoan baititu bazkideak; Australian, kasu.

Hori dela eta, Kukuxumusu marrazki-fabrikak diseinatutako kamisetak betiko protagonista du, aharia, eta, oraingo honetan, kolore eta talde beraren bidez hazi eta bat egiten duen zaleen taldea ureztatzen dihardu.

Aurreko kasuetan bezala, kamiseta diseinatzeko Haurren Eskubideei buruzko Nazio Batuen Hitzarmenaren printzipioei jarraitu zaie, eta horrek ziurtatzen du ez direla haurrak erabili haiek egiteko. Ingurumenaren zainketa ere bermatuta dago, kamisetak tindatzeko material ekologikoak erabili baitira.

Partekatu

Beste berri batzuk