Eusko Jaurlaritzak euskal ETEentzako negozio aukerak atzemango ditu Kolonbian eta Filipinetan

Araba

  • Datorren astean SPRIren bitartez elkartuko dira Bilbon Ecopetrol-eko, hots, Kolonbiako petrolioaren sektoreko enpresa liderreko zuzendaritza-karguak, Filipinetan garapen politika iraunkorrak bultzatzen dituen Garapenerako Asiako Bankuko ordezkariak eta interesaturik dauden euskal enpresariak.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak jardunaldi bana antolatu du martxoaren 12an eta 13an. Jardunaldi horien helburua da euskal ETEentzako negozio aukerak atzematea hazten ari diren bi ekonomia garrantzitsutan, alegia, Kolonbian eta Filipinetan. Euskal enpresarien eta herrialde horietako ordezkarien arteko bi topaketa horiek SPRIren Bilboko egoitzan izango dira, SPRIk sustatu baititu euskal enpresen nazioartekotzea bultzatzeko hartua duen etengabeko konpromisioari erantzunez.

Martxoaren 12ko jardunaldia Kolonbiar Errepublikako Petrolio eta Gaserako Fluidoak Manipulatzeko Ekipoen sektoreko negozio aukeretan zentratuko da, Kolonbia baita Latinoamerika osoan hazkunde aukera gehien dituen ekonomia gorakorretako bat.

SPRIk Fluidex izan du bidelagun topaketa hau antolatzeko lanetan. Fluidex fluidoak manipulatzeko ekipoen esportatzaileen Espainiako elkartea da eta sektoreko enpresen nazioarteko sustapenaz arduratzen da. Ekitaldian izango dira baita ere Ecopetrol-eko, hots, Kolonbiako petrolio enpresa handieneko ordezkariak. Ecopetrol munduko 40 petrolio konpainia handienetako bat da eta Latinoamerikako lau handienetako bat. Ecopetrol-ek Kolonbian ekoizten den petrolio gordinaren %60 ekoizten du, eta bereak ditu Kolonbiako bi petrolio birfindegi handienak eta Kolonbiako oleodukto eta polidukto sarearen zati gehiena. Bestalde, esplorazio eta produkzio lanak egiten ditu Brasilen, Perun eta Mexikoko Golkoan.

Ecopetrol-ek bere burua eta bere marko estrategikoa aurkezteaz gain, 2013rako dituen inbertsio, erosketa eta hornitzaileen kontratazio planak azalduko ditu. Bertaratzen diren enpresek aukera izango dute bilera indibidualak egiteko Ecopetrol-eko zuzendaritza-karguekin, bisita agenda bateratu bat prestatzeko eta beren burua hornitzaile gisa eskaintzeko.

Filipinak

Bigarren jardunaldia, martxoaren 13koa, Filipinek eskaintzen dituzten negozio aukeretan zentratuko da eta bereziki ingurumen sektorean. Hala, egoitza Manilan duen Asiako Garapen Bankuko ordezkariek parte hartuko dute ekitaldian. Asiako Garapen Bankua Asiako garapen arloko finantza eragile garrantzitsuenetako bat da.

Filipinetako Errepublikak duela gutxi industrializatutako ekonomia bat du eta une honetan merkatu gorakor handienetako bat da. Munduko 50 ekonomia handienen multzoan sartu da eta inbertsio bankak eginiko azterlan ekonomikoen arabera, garapen gaitasun handiena duten hamaika ekonomien artean dago.

Filipinetatik etorri diren enpresa eta erakundeetako ordezkariez gain, jardunaldian izango dira baita ere AVIC, Euskal Ingeniaritza eta Aholkularitza Klusterreko ordezkariak eta euskal enpresei Filipinetan kokatzen lagundu dien aholkularitza enpresa bat.

Eusko Jaurlaritzak SPRIren bidez antolatzen ditu euskal ETEei herrialde eta sektore zehatzetan negozio aukerak eskaintzeko jardunaldiak, eta 2012an guztira 1.450 enpresarik parte hartu zuten era honetako ekitaldietan.

Partekatu

Beste berri batzuk