Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren sektorearen beharren eta egoeraren azterketa

Albisteak, Gipuzkoa

Fabrikazio Aurreratua, etorkuzuneko bermea gizarrtearentzat

Makina-erremintaren eta Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren Klusterrean bildutako sektoreak (osagaien, ebaketa-erreminten, esku-erreminten eta mekanizatuen fabrikatzaileak, fabrikazio gehigarria eta 3D, eta fabrikaziorako startup enpresak) funtsezko jarduerak dira gizarte aurreratua eta arrakastatsua izateko. Egun bizitzen ari garen krisialdiaren ondoren, fabrikazioaren industria eta teknologiak izango dira egoera bere onera ekartzeko funtsezko oinarrietako bat.

Gure egoera

Iragan berri diren bi hilabeteetan, pixkanaka zailtzen joan da klusterrean bildutako sektoreen egoera, gainerako jarduera ekonomikoetan ere gerta bezala. Dena dela, eta industriaren barruan ere berezitasunak daudenez, sektore horiek ulertzeko gako berezi batzuk zehaztuko ditugu:

  • Makina-erreminta: sektoreak fabrikatutako produktuek fabrikazio-aldi luzeak behar dituzte; horregatik, krisialdiko lehen une hauetan nolabaiteko lan-kargari eusteko aukera izan dute.

Makinak amaitzea eta entregatzea funtsezkoa izaten ari da kobratzeko eta likidezia lortzeko. Nolanahi ere, egiten ari diren lanen produktibitatea mugatua ari da izaten, bizi dugun jokalekuaren ondorioz. Eskaera berriei, laguntza teknikoko zerbitzuei eta baita fabrikan makineria jasotzeari dagokionez ere –funtsezko jarduerak guztiak–, bertan behera geratzen ari da ia-ia eskari guztia, bidaiatu ezin denez eta bezeroekin bildu eta arreta eman ezin zaienez. Ondorioak ikusteko daude, baina jokalekua oso zaila izango dela sumatzen dugu, eta aribidean ditugun lanak amaitutakoan are gehiago zailduko dela.

Ezin dugu ahaztu, gainera, enpresa batzuek lan-karga txikia zutela jada Covid-19aren krisiaren hasieran.

Azkenik, garrantzitsua da ulertzea industria-jarduera txikiko eta ziurgabetasun handiko jokalekuak ez direla inbertsioetarako egokienak.

Lehen hiruhilekoan % 20 inguru ari dira beheratzen eskariak, eta martxoan bereziki biziagoa izan da beherakada.

  • Esku-erremintek, ebaketa-erremintek edo mekanizatuek, aldiz, bestelako fabrikazio-aldiak dituzte makinen aldean, beste salmenta-kanal batzuk dituzte eta errotazioak handiagoak izanen bait dira. Industriarako ekipo eta kontsumigarri horien kasuan, zehazki, nabarmen txikiagoa da egungo beherakada, eta orokorrean kaltea larria izan arren, berriz aktibatzean ekipo-ondasunek baino apur bat hobeto erantzungo dutela espero da, eta bizkorrago jarraituko diotela industriaren jarduerari.
  • Fabrikazio gehigarriak eta 3D inprimatzeak oso eginkizun garrantzitsua bete du hasiera batean tokian-tokian norbera babesteko ekipamenduz hornitu behar izan denean. Industria orokorraren horniketa-gaitasuna antolatzen joan ahala, ekoizpen-industriaren barruan etorkizun handiko gunea betetzera itzuli da berriz. Azpimarratu behar da, hala ere, dagoeneko beherakada handiak ikusi direla industria-sektore nagusietatik datozen eskarietan, eta horrek eragina duela merkatuan oraindik hasiberriak diren fabrikazio gehigarriko enpresetan.
  • Industriari begirako startup eta oinarri teknologikoko enpresak, bestalde, teknologia berriz hornitzen ari dira gainerako sektoreak, aro erabakigarri honetako erronkei aurre egiteko gai izan daitezen.

Gure beharrak

Une hauetan, oso argi dago zer behar duen industria-sektoreak eta, bereziki, makina-erremintaren eta fabrikazio aurreratuaren eta digitalaren arloak. Gure industria epe labur-ertainean aurrera atera ahal izateko beharrezko diren gutxieneko erritmoen oso azpitik ari da lanean. Ia-ia langile guztiak mantendu ditugu eta enplegua aldi baterako erregulatzeko oso espediente gutxi egin dira (sektoreko langileen % 10i baino gutxiagori egin zaie oraingoz, eta ekoizpenarekin lotutako arrazoiengatik, oro har), eta momentuz ez da inola ere aurreikusten kaleratzerik egingo denik. Gure langileak zaintzen ditugu, berriz aurrera atera ahal izateko gure aktibo nagusia baitira.

Ildo horretan, gastuen egiturak ez dira batere malguak: gastu-, amortizazio- eta inbertsio-maila handiak behar ditugu pertsonei, instalazioei eta bitartekoei eusteko, eta diru-sarrerak lortzeko gaitasuna kaltetuta badago arrisku larrian jartzen da ordaintzeko gaitasuna.

Askotariko laguntza-premiak ditugu, baina uneotan finantzaketa arina eta nahikoa izatea da nagusia, zubi-lanak egin ditzan. Gainera, ez da lehenengo deitzen duenarengana soilik iritsi behar, finantzaketa behar duten enpresa guztiengana baizik. Puntu horretan, ezinbestekoa da bankuek, elkar bermatzeko erakundeek eta administrazioek eta alorreko gainontzeko erakundeek bizkor, koordinaturik eta elkartasunez egitea kudeaketa.

Industria lehen mailako aberastasun-sortzailea da, eta zerbitzu-sektorearen sistema beraren parte da. Sektoreak bereiztea eta loturarik gabekotzat edo aurkakotzat hartzea akats bat da. Industriarik ezean ez legoke zerbitzu aurreraturik, industriak berak eta gizarteak, oro har, funtzionatzeko zerbitzuak behar dituzten bezala.

Gure ustez garrantzitsua da, gizarte gisa, hilabete askoz normaltasun berri batean bizi beharko dugula barneratzea. Birusarekin lan egin eta bizi beharko dugu, jarduera-maila handiak mantenduz era berean. Normaltasun berri hori lehenago ulertzen eta kudeatzen duten herrialdeek –lanean erritmo eta efizientzia oso handiak eta baldintza oso seguruak bermatu ahal izateko dinamikak eta prozedurak txertatuz– izango dute portaera onena osasunaren, gizartearen nahiz ekonomiaren arloan. Ezin dugu ahaztu herrialde batzuk dagoeneko ari direla hori lortzen, eta gurekin oso lehia gogorra duela haien industriak.

Gure konpromisoa

AFM Cluster-ek eta gurean bildutako 550etik gora industria-enpresek konpromisoa dugu aurrera egiteko eta etorkizunean gainerako industriei eta gizarte osoari produktibitatea, teknologia eta lehiakortasuna eskaintzen jarraitzeko.

Era berean, une hauetan osasuna da gure lehentasuna. Arduraz eta modu eredugarrian jokatu dugu, gure jendartea babestuz.

Gainera, gure lanarekin, jardunean jarraitzen duten beste sektoreekin bat egin dugu, elkartasunez, herrialdeko ekonomiari eusteko eta guztion artean eraman beharko dugun inpaktu handia minimizatzen laguntzeko.

Makina-erreminta eta fabrikazio aurreratua beti berdin atera dira egoera zail guztietatik: lanean. Eta oraingoan ere hala egingo dugu, konpromisoz eta arduraz.

Partekatu

Beste berri batzuk