Gizakiekin batera lan egiten duen giza itxurako lehen robota eskaini dio TECNALIAk Europako industriari
Datozen sei urteetan, amaierako produktuen muntaia lanak egiten dituen industria sarearen %60ak mota honetako robotak izango ditu langileen segurtasuna bermatzeko, batetik, eta, nazioarteko merkatuei begira, lehiakortasuna hobetzeko, bestetik
Badira 60 urtetik gora lehenbiziko robotak industrian lanean hasi zirela. Orduz geroztik, kaiolatan isolatuta lan egin izan dute, segurtasuna zela eta. Langileen eta makinen arteko lankidetzarik ez zegoen, beraz. TECNALIA Research & Innovation ikerketa-zentroak aro berri bati ekin dio, eta gizakiekin batera lan egiten duen lehen robota ekarri du Europako industriara, helburu bikoitz honekin: langileen gaitasunak hobetzea, segurtasun-giroan betiere, eta, nazioarteko merkatuei begira, lantegien lehiakortasuna hobetzea. Horretarakoxe dakargu Hiro robota, robotika industrialaren alorrean Japoniak azken urteotan izan duen sekreturik gordeena.
Hiro robota Japoniatik “atera” egin da, lehenbizikoz, TECNALIA ikerketa-zentroaren eskutik. Hainbat urtez garatu du herrialde horrek (liderra robotika industrialean) teknologia hori, eta “ondare nazional babestutzat” gorde du, hots, ez du atzerriko inorekin partekatu. Orain, ordea, TECNALIAren esku jarri du, Hiro mundu osoko enpresetara egokitu eta haietan ere jardun dadin, Europatik hasita.
TECNALIAren asmoa da Hiroren bidez langileen segurtasun-maila hobetzea, Europako fabrikazio-instalazioen gaitasunak areagotzea eta nazioarteko merkatuetan lehiakideei aurre egitea. Horretarako, giza adimena eta robot industrialen propietateak uztartu nahi ditu. Izan ere, jardueren % 99 eraginkorragoak izaten dira mistoak badira. “Robot soziala” izatea da Hiroren berrikuntza, hau da, jendearekin lan egiteko prestatuta dago, segurtasun-giro erabatekoan: gizakirekin batekin kontaktu fisikorik izanez gero, automatikoki gelditzeko programatuta dago. Bestalde, robotek egingo dituzte gizakien osasunarentzat arriskutsuak izan daitezkeen lanak, langileen segurtasuna ahalik eta hobekien bermatzearren.
Gure kalkuluen arabera, sei urteren buruan amaierako produktuen muntaia lanak egiten dituen Espainiako industria sarearen %60ak mota honetako robotak izango ditu. Sektore hauek izango dira teknologia berri honen onuradun: automobilgintza eta horren sektore osagarriak, plastikoak, elikagaiak, zurgintza, edariak, nekazaritza, aeronautika, trengintza eta energia, besteak beste
Robota, barrutik eta kanpotik
Giza itxura du Hiro robotak goiko aldean, eta robot-gorputza behekoan. Kawada enpresak egiten du. Japoniako filosofiaren arabera, robotei giza itxura emanez gero, errazago txertatzen dira laneko giroan, eta langileekiko harremana hobea izaten da. Horregatik, goiko aldean, burua, enborra eta muturrean esku-itxura duten bi gorputz-adar ditu. Lau begi ditu (bi, aurpegian; beste bi, eskuetan), gizakiei arriskutsuak edo deserosoak zaizkien lanak egiteko lagungarri. Beheko aldean, berriz, gurpildun mekanismo bat du batera eta bestera mugitzeko, industrian jarduten baita gure robota.
Robotaren adimena garatzen ari da TECNALIA, industriara egokitu eta zenbait testuingurutan hainbat lan eginarazteko, lantegi eta bezero bakoitzaren premien arabera. Industriaren benetako beharrak asetzea da xedea. Zeregin horretan, lagungarri izan ditu TECNALIAk bere bezero estrategikoetako baten (AIRBUS enpresa aeronautikoa) esperientzia eta ikuspegi industriala. Bi enpresetako ordezkariak izan ziren Japonian, elkarrekin aztertzen industriaren premietara egokitzeko zenbateko gaitasuna duen robotak.
Aurkezpena, Bienalean
Datorren astelehenean, maiatzak 28, Espainiako Makina Erremintaren 27. Bienalean izango da Hiro robota. Han elkartuko dira Espainiako estatuko fabrikatzaile eta banatzaile nagusiak. Stand bat (F60-61) izango du TECNALIAk 1. pabiloian, eta, Hiroz gain, han aurkeztuko ditu fabrikazio-sistemen alorrean enpresei eskaintzen dizkien negozio-aukera nagusiak.
TECNALIAz
TECNALIA Research & Innovation Espainiako ikerketa aplikatuko zentro pribatu nagusia da, baita Europako nagusienetakoa ere. Hogeita zazpi herrialdetako 1.500 bat aditu ditu, eta guztiek dihardute ezagutza BPG bihurtzeko ahaleginean, hartara gizakion bizimodua hobetzeko eta enpresei negozio-aukerak sortzeko. Elkarri lotuta dauden bi kontzepturen batura da Inspiring Business: irudikatzea eta gauzatzea. Horra TECNALIAren bereizgarria.
- Iturria: Tecnalia
- Data: 2012/05/22