Hidrogenorako Europako Aliantzak eraikuntzaren sektoreko erreferentziazko eragile gisa aukeratu du CIC energiGUNE

Albisteak, Araba

Aliantzaren Mahai-inguruetan parte hartzeko hautatutako BRTAko kide bakarra da. Mahai horietan, finantzatu daitezkeen proiektuen tipologia zehazten da eta ikerkuntzako lehentasunak ezartzen dira

CIC energiGUNEk, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroak, Hidrogeno Garbiaren Europako Aliantzak (ECH2A) bere mahai-inguruetan parte hartzeko hautatua izatea lortu du. Bertan, aliantzaren ibilbide-orria zehazten da eta lehentasunak eta tipologia ezartzen dira. Zehatzago esanez, euskal zentroak eraikuntzako mahaian parte hartuko du, eta bertan, hidrogenoaren teknologia etxebizitzetan, merkataritzan eta industrian aplikatzeko proiektuak sartuko dira.

“Sektorearen aurreikuspenen arabera, 430.000 milioi euroko inbertsioa egin beharko da 2030era arte erabiltzaileen eskaerari erantzuteko, industriako erabiltzaileen eskaerari batez ere, eta, ondorioz, beharrezko azpiegiturak garatzeko”, ziurtatu du Raquel Ferret CIC energiGUNEko Negozio Garapeneko zuzendari eta zentroak Aliantzan eta Eraikuntzari buruzko mahai-inguruan duen ordezkariak. “Aurreikuspen hori kontuan hartuta, “rountable” horietan dugun presentziak erreferentziazko aktore gisa jartzen gaitu Euskadin eta Estatu osoan”, adierazi du Ferretek.

Raquel Ferret CIC energiGUNEk Aliantzan duen ordezkari nagusiak azpimarratu duenez, “Aliantza osatzen duten sei mahai-inguruetako batean parte hartzen duen BRTAko kide bakarra gara”. “Roundtable” horietako euskal presentzia Iberdrolarekin (Ekoizpen Mahaia) eta Repsolekin (Energia Mahaia) osatzen da. Gainera, Idom, Energiaren Euskal Erakundea (EEE) eta Tecnalia Research & Innovation ere Aliantzako bazkideak dira.

European Clean H2 Alliance (ECH2A)

ECH2Aren helburua 2030erako hidrogenoaren teknologien hedapena sustatzea da, hidrogeno berriztagarriaren ekoizpenarekin eta karbono-emisio txikiekin lotutako sektoreen garapena erraztuz. Halaber, industriaren, mugikortasunaren eta beste sektore batzuen eskaria dinamizatu nahi du, eta hidrogenoaren transmisioa eta banaketa ziurtatu.

Aliantza hori 2020ko uztailean sortu zen, Europako Batzordeak eskatuta, eta Europan hidrogenoaren balio-katea sustatzean oinarritzen da, Baterien Europako Aliantzaren arrastoari jarraituz. Sektore horren garapena, 2024rako hidrogeno berriztagarriko elektrolizagailuen 6 GW eta 2030erako 40 GW instalatzea aurreikusten duen Hidrogenoaren Europako Estrategian dago. Bultzada horrek beharrezko azpiegiturak garatzea eta erabiltzaileen eskaria sustatzea eskatuko du, industriako erabiltzaileena batez ere. Sektorearen aurreikuspenen arabera, 2030era arte 430.000 milioi euroko inbertsioa beharko da.

Bere laneko plana amaitzeko, ECH2A 6 mahai-ingurutan egituratu da, eta horietan erakunde bakoitzeko ordezkari nagusiek hartzen dute parte. CIC energiGUNEk parte hartzen duen Eraikuntzako Mahaiaz gain, honako hauek sortu dira: Hidrogenoaren ekoizpena, Hidrogeno garbiaren Garraioa eta Banaketa, Hidrogenoa aplikazio industrialetarako, Hidrogeno garbia mugikortasunerako, eta Hidrogeno garbia energiaren sektorean.

Horrela, ECH2Aren balio-katea garatzeko ekintza-planak, Europan hidrogeno berriztagarriaren eta karbono-isuri txikiaren eskaintza, eskaria eta banaketa sustatzen duten inbertsio-proiektu bideragarrien zorro bat identifikatzea eta sortzea aurreikusten du, berotegi-efektuko gasen isuriak murrizten laguntzeko azken helburuarekin.

Gaur egun, Europako teknologia-zentroetako, enpresetako, erakunde akademikoetako eta administrazio publikoetako ia 1.000 kidek osatzen dute Aliantza. Bazkide aktiboenak baino ez dira mahai-inguruetako edo CEO roundtable izenekoetako kide, eta organo operatibo gisa jarduten dute ibilbide-orria ezartzeko, finantza daitezkeen proiektuen tipologia definitzeko eta beren sektorearen interesak defendatzeko.

ECH2Ak urtero egingo du EU Hydrogen Forum izenez ezagutzen den osoko batzarra, sektoreko eragile esanguratsuenen artean sinergiak eta inbertsio-proiektuak sustatzeko. Europako Batzordeak Aliantzaren dinamika gainbegiratuko du, aldian-aldian ECH2Ako ordezkariekin goi-mailako bilerak antolatuz, lan-ildoen arteko koordinazioa zuzentzeko eta aurrerapen globala bermatzeko.

Partekatu

Beste berri batzuk