Ignacio Martín: “Gamesak etorkizun oparoa du aurretik”

Bizkaia

  • Gamesako presidenteak azpimarratu duenez, Siemensekin bat egin ondoren, konpainia “nazioarteko aurrendari nagusietako bat bihurtuko da industria eolikoaren sektorean”.

JUNTA GENERAL DE ACCIONISTAS GAMESA_2016Gamesak Akziodunen Batzar Nagusia egin du Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean, non, besteak beste, 2015eko kontuak eta konpainiaren kudeaketa onetsi diren.

Onetsitako akordioen artean nabarmendu behar dira, batetik, Gema Góngora eta Sonsoles Rubio kontseilari dominikal karguetarako berrautatu dituztela eta, bestetik, Ignacio Martín berriz aukeratu dutela Gamesako presidente eta kontseilari izateko. Era berean, 2015eko ekitaldiaren kargura, akzioko 0,1524 euroko eskudirutako dibidendua banatzea adostu du Batzarrak.

Ignacio Martínek bere mintzaldian 2015-2017ko Negozio Plan berria –iaz aurkeztu zen, aurreko planeko helburuak aurretiaz bete ondoren– aipatu zuen, hazkunde errentagarria finkatzea eta akziodunentzako balioa sortzea xede dituena.

“Planaren lehen ekitaldia arrakastaz bete dugu, emaitzek aurreikuspen guztiak gainditu dituzte. Hortaz, 2017rako planteatutako helburuak hobetu ez ezik, urtebete ere aurreratu ahal izan ditugu”, azpimarratu zuen Martínek.

Gamesako presidentearen hitzetan, konpainiaren estrategia komertzial eta teknologiko sendoa izan da kudeaketaren giltzarrietako bat, goraka ari diren merkatuetan zein jada finkatuta daudenetan duen lidergoarekin batera. Horrenbestez, Gamesak gora egin du onshore fabrikatzaileen munduko sailkapenean –Make aholkularitza espezializatuak egiten du– laugarren lekuraino: merkatu-kuotaren araberako lehenengo fabrikatzailea da Indian eta Mexikon; bigarrena, Brasilen. Hain garrantzitsua den merkatu txinatarrean lehen fabrikatzaile atzerritarra izan da instalatutako MW-ei dagokienez, eta, gainera, hamar onenen artean dago eremu geografiko guztietan.

Martínek behin eta berriz adierazi zuen hazkunderako aukera gehigarriak bilatzearen garrantzia, epealdi horretan eguzki-energiaren eta offgrid segmentuetan sartzea, kasu. Konpainiak, urte bakarrean soilik, 100 MW fotovoltaiko sinatu ditu Indian. Horrez gain, haren lehenengo offgrid prototipoa martxan jarri du, sare elektrikorako sarbiderik ez duten oso urrutiko eremuak energiaz hornitzeko.

Gamesaren bilakaera ezin hobeak eragina izan du konpainiaren akzioetan: aurreko ekitaldian %109 errebalorizatu ziren, akzioko 15,82 eurotara iritsi arte, nahiz eta aipatutako epealdian burtsako indize gehienen joera negatiboa izan.

Etorkizun oparoa Gamesarentzat

Haren mintzaldian, Gamesako presidenteak aukera aprobetxatu zuen Siemensekin bat-egiteko eragiketaz –berriki iragarri da– aritzeko. Nabarmendu zuenez konpainiak etorkizun oparoa du, industria eolikoaren aurrendaririk garrantzitsuenetako bat bilakatuko delako nazioartean.

Gamesak merkatu espainiarrarekin duen loturari eusteko konpromisoa azpimarratu zuen Martínek, merkatu horretan kotizatzen jarraituko baitu enpresak. Bestalde, gogorarazi du akziodunek bat-egite prozesua onetsi beharko dutela laster deituko den Ezohiko Batzarrean.

Eragiketa 2017ko lehen hiruhilekoan ixtea aurreikusten da. Presidentearen arabera, ahalik eta etekinik handiena lortuko da Gamesa osatzen duten guztientzat, hala nola langile, bezero eta hornitzaileentzat. “Proiektu zirraragarria dugu aurretik”, laburbildu du.

Partekatu

Beste berri batzuk