ITPk 25 urte bete ditu
- ITP Taldeak 3.000 langile baino gehiago ditu 7 herrialdetako 18 zentrotan
- Urteurrena ospatzeko bi ekitaldi nagusi egingo dira Bilbon eta Madrilen
Gaur, martxoak 20, 25 urte betetzen dira Industria de Turbo Propulsores S.A, motor aeronautikoen merkatuan aitzindaria den ITP Taldearen matrizea, sortu zenetik.
2014 osoan, hainbat jarduera gauzatuko dira urtemuga ospatzeko, datorren ekainean Bilbon eta Madrilen egingo diren ekitaldi nagusien inguruan.
ITP Taldea 1989an sortu zen, Eurofighter Typhoon hegazkinaren motorra, alegia, EJ200, garatzeko nazioarteko programarekin batera. SENERrek abiarazitako Eurojet partzuergoaren zati da, gobernu espainiarraren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso zuen programa. Hasieratik, Rolls-Roycek –akzioen %46,875 du– babestu du ITPren garapena korridore bikoitzeko hegazkinen merkatu zibilean.
Egun, ITP garrantzi handiko konpainia aurrendaria da, nola teknologia hala kalitate handiko produktu eta zerbitzuak motor aeronautiko eta industrialen merkatuari ematen diena. Bere jardueren artean daude, besteak beste, motor aeronautikoen eta gasezko turbina aeroderibatuen diseinua, ikerketa eta garapena, fabrikazioa eta fundizioa, muntaketa eta proba. Era berean, gaur egun munduan dauden motor-fabrikatzaile gehienak hornitzen ditu euskarri zerbitzuez.
ITPk 3.000 langile profesional ditu 18 zentro operatibotan, besteren artean Espainian, Erresuma Batuan, Maltan, AEBn, Mexikon, Txinan eta Indian, merkatu osoa hornitzeko helburuarekin.
Erreferentzia internazionaleko programak
ITP Taldeak –Senerrek (%53,125) eta Rolls-Roycek (%46,875) akzioak dituzte bertan– abiazio zibileko nazioarteko giltzarri programen bazkidea da. Hala, hegazkin transatlantikoei dagokienez (A380, A350 XWB eta Boeing “Dreamliner”), korridore bikoitzeko hegazkinen flotaren %50eko merkatu-kuota izango du Rolls-Royceren Trent motorretan parte hartzeagatik. Horrez gain, hegazkin erregionalen kasuan, Pratt & Whitney konpainiaren GTF motorrean esku hartuko du, eta negozio-hegazkinen sektorean ere bai.
Gainera, erreferentziazko hainbat defentsa-partzuergoren bazkidea da Europan: Eurojet –EJ200 motorra–; Europrop International, –TP400 motorra, A400M eragiten duena–; eta MTRI, –MTR390-E motorra– Tigre helikopteroa hornitzen duena.
Teknologia eta ingurumena
ITPk teknologiaren alde egiten jarraitzen du, bere negozioaren eta merkatuko hazkundearen oinarri gisa. Horregatik, presio baxuko turbinen teknologia da bere lehentasuna, eta aitzindaria da sektore horretan.
Salmentei dagokienez, I+Gn gehien inbertitzen duen enpresa industriala da ITP Espainian. Guztira, 2013an, I+G alorreko inbertsioaren %75 bideratu zuen ITPk produktu edo prozesuen ingurumen-alderdiak hobetzera, hala nola, kontsumoa, eraginkortasuna, pisua eta igorritako zarata.
ITPk estrategikotzat hartzen du, batetik, berezko teknologia sortzea, eta, bestetik, bizi-zikloan geroz eta eraginkorragoak, zarata gutxikoak eta ingurua, oro har, gehiago errespetatzen duten motor aeronautikoak fabrikatzea.