Itzuli dira Miramongo Matinéeak
Euskal Herriko Gazte Abesbatza, Enrike Solinís eta bere antzinako musika-talde Euskal Barrokensemble, Pablo eta Sara Ferrández anai-arreba talentudunak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariek osatutako taldeek emango dituzten ganbera-kontzertuek, horiek guztiek askotariko publikoentzako 16 kontzertuko eskaintza osatzen dute
Aipatzekoa da 2018/2019 Denboraldi berri honek barne hartuko duela, baita ere, Orkestrak Austriara eta Alemaniara biran eramango duen programaren entsegu orokor irekia
Larunbatean, irailak 29, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Miramongo Matinéeen 2018/2019, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean, kokatuta denboraldia hasiko da. Orkestraren ganbera-zikloa, 27. denboraldira iritsi dena, klasiko bat da asteburuetako kultur eskaintzan. Matinéeek etengabean berritzen dute euren soinu-katalogo zabala; horrela, ezin konta ahala lurrinek eta forma melodikoek kontakizun oroitarazlea eraikitzen dute. Sortu zenetik Kutxa Fundazioaren laguntza duen ziklo honen denboraldia 16 kontzertuk osatzen dute.
Denboraldian parte hartuko duten interprete gonbidatuen artean honakoak dira nabarmenenak: 2016an Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak sortutako Euskal Herriko Gazte Abesbatza, 18 eta 26 urte bitarteko euskal ahots onenak biltzen dituena haiekin kalitate altuko errepertorioa lantzeko asmoarekin; Euskal Barrokensemble, bere belaunaldiko birtuoso nagusi eta pertsonalenetako bat bezala ezagun den Enrike Solinís bilbotarrak fundatutakoa, garai oso ezberdinetako musikaren sustraietan barrena ikerketa sakona egiten duena; eta baita Dúo Ferrández ere, Pablo Ferrández biolontxelojole talentudunak —Orkestraren Abonu Denboraldian bakarlari moduan ere parte hartuko duenak— eta bere arrebak, Sara Ferrándezek, etorkizun oparoko biolajoleak, osatzen dutena.
Urtero bezala, zikloak Orkestrako musikariek osatutako taldeen presentzia nabarmena izango du. Horiek, batetik, izen handiko egileen obra berrikusten jarraituko dute, Mozart, Beethoven eta Bachena kasu, baina, bestetik, hain ezagunak ez diren autoreen errepertorioan ere murgilduko dira, adibidez, Félicien David konpositore frantsesaren Les Quatre Saisons lana edo metal eta organo boskote batek eskainiko duen Bakearen aldeko kontzertua: 1918 emanaldiaren errepertorioaren zati handi bat. Erromantizismoaren hastapenak, XX. mendeko musika europarra, Moz-art, Beethoven miresgarria eta Dohnányi zoragarria eta Denboren amaiera dira Euskadiko Orkestrako musikariek aurkeztuko dituzten kalitatezko proposamenetako batzuen izenak. Talde horien errezitalak kalitatezko musika alternatiba bat bezala duela 27 urte sortu zen eta oraindik indarrean dagoen ziklo honen bikaintasunaren eredu izango dira.
Miramongo Matinéeek ezaugarritzat dute errepertorio sinfonikotik aldendu ohi direla, baina aurtengoan luxuzko salbuespena izango dugu egutegiko bosgarren datan, Orkestra osoak entsegu ireki batean abenduan Austriako Linz eta Bregenz hirietara eta Alemaniako Munichera bira batean eramango duen programa aurkeztuko baitu. Robert Treviño izango da zuzendari eta Orkestrak Mojca Erdmann soprano alemaniarra izango du ondoan, entseguan zein biran. Sopranoa Deutsche Grammophon disko-etxe ezaguneko artista da, nazioarteko musika-eszenan eta kritikak goraipatu du eta publikoak maite du bere tonuaren edertasunagatik eta bere aparteko trebeziagatik.
Abonamenduak
16 kontzertuetarako abonamenduak 84 euroko prezioa du, eta 64 eurokoa tarifa bereziko onuradunentzat (65 urtetik gorakoei, 30 urtetik beherakoei, Orkestrako beste zikloetako abonatuei, Kursaal Eszenako abonatuei, Kutxabankeko K26 eta K26+ txartelen Titularrei, Eureka! Zientzia Museoko lagunei eta Musikene). Jada eskuragarri dago Orkestraren bulegoetako telefonora deituz (943 01 32 32) edo euskadikoorkestra.eus webguneko formularioa betez (https://www.euskadikoorkestra.eus/abonuak/abonu-berriak).
Sarrerak
Sarrera solteek 7 euroko prezio bakarra dute eta salgai daude bihartik aurrera, irailak 14, euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, aforo librerik balego, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan erosi ahal izango dira dagokion kontzertuaren egunean.
Kontzertuak larunbatetan izango dira, goizeko 11:00etan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Miramongo egoitzan. Horietara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus zerbitzua eskaintzen dio Matinéetara bertaratu nahi duen orori. 10:25etan abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4 zenbakitik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.