Neiker-Tecnalia hainbat eskola agroiraunkorren garapenean parte hartzen ari da Ugandan
– Ekimenaren oinarrian hainbat komun lehor, oilategi eta baratze ekologiko martxan jartzea lehen mailako zenbait ikastetxe eta umezurztegitan.
– Praktika on horiek Ugandako beste ikastetxe batzuetara zabaltzea aurreikusi da, eta horretarako kontu solidario bat ireki da (ES19 3035 0228 91 2280019367) herritarren ekarpenak bideratzeko.
– Proiektua Munduko Landagunearekin lankidetzan garatzen da, eta helburua ugandar haurren higiene, elikadura eta heziketa baldintzak hobetzea da.
Neiker-Tecnaliak, bere erantzukizun korporatiboaren barruan proiektu horiek finantzatzen laguntzeaz gain, aholkularitza teknikoa ematen du eta umezurztegiko komun eta oilategietatik datorren konposta analizatzen du, baratzeetako lurrak aztertu eta analizatzen ditu, eta eskolako baratze ekologikoetarako Osasun Txartelak egiten laguntzen du.
Ugandako “Uganda Environmental Education Foundation (UEEF)” eta “Cape of Good Hope Orphan Care and Family Support Project (COGHOC)” gobernuz kanpoko erakundeek, NEIKER – Tecnaliarekin eta Munduko Landagunea foroarekin lankidetzan, SUSTAINABLE SCHOOLS PROJECT-SALUGANDA proiektu agrosolidarioa abiarazi zuten iaz, Neikerreko ikertzailea den Iker Mijangos eta Elena Urizar borondatezko langilea Ugandan ziren bitartean. Proiektu horren bitartez Buikwe eta Mukono ugandar eskualdeetako umezurztegietako haurren baldintza higienikoak, elikadura eta ingurumen heziketa hobetu nahi dira, eskolan komun lehorrak, oilategiak eta baratze ekologikoak jarriz.
Azken helburua lau umezurztegitako oinarrizko beharrak asetzea izanik, orain arte lortutako diruak Buikweko bi umezurztegitan –”Tom and Margaret Carroll Primary School” eta “Maranatha Primary School”– eskolako baratze ekologikoak martxan jartzea ahalbidetu du, eta “Tom and Margaret Carroll” umezurztegian ecosan moduko komun lehorrak eta eguzki plakak dituen oilategi bat. Komunetan eta oilategietan sortutako hondakinak eskolako sukaldetik datorren errautsarekin tratatzen dira, eta konpostatu eta analizatu egiten dira eskolako baratze ekologikoetan ongarri moduan erabili aurretik. Bertan, eskolako jangelarako elikagaiak ekoizteaz gain, artoa ere landatzen da, oiloei jaten emateko, eta zikloa oilategian bertan ixten saiatzeko. Ikasleek eta irakasleek beraiek egiten dituzte komunak, oilategiak eta baratzeak mantentzeko lanak, bertako UEEF eta COGHOCgobernuz kanpoko erakundeek ingurumen heziketarako diseinatutako planaren barruan.
NEIKERek, Constanza Lobo borondatezko langilearen laguntzaz, konpost eta lurren laginak analizatzen ditu, eta bertako teknikariak, irakasleak eta ikasleak kualifikatzen parte hartzen du, Lurraren Osasun Txartel batzuen bitartez. Osasun Txartelen bidez, beraiek ebaluatu eta aukeratu ditzakete baldintza edafoklimatikoen arabera nekazaritzako praktikarik egokienak zein diren, landa eremu horietan garapen iraunkor baterantz aurrera eginez. Munduko Landagunea foroa proiektua ikusgarri egiteko eta beste erakunde batzuekin loturak ezartzeko lanean ari da.
Aurreikusita dago praktika on horiek gutxienez beste bi umezurztegi zabaltzea, proiektuaren hasierako helburuek ezarritakoaren arabera (lau umezurztegiri arreta ematea). Horretarako, k. kontu solidario bat ireki da (Euskadiko Kutxa: ES19 3035 0228 91 2280019367), herritarrek beren ekarpenak egiteko eta ugandar haurren higiene, elikadura eta ingurumen heziketaren baldintzak hobetzen laguntzeko.