Owl Genomics-ek bere instalazio berriak inauguratu ditu Bizkaiko Teknologia Parkean
Owl Genomics konpainia bioteknologikoak Bizkaiko Teknologia Parkeko 502 eraikinean bere egoitza berria inauguratu eta, modu horretan, bere hedapen-estrategia finkatu du. Egoitza berriak 600 m² baino gehiagoko azalera ez ezik, azken belaunaldiko ekipo-gela eta laginak prestatzeko laborategi modernoa ditu, beste instalazioren artean. Inaugurazio-ekitaldira Osasun kontseilari Rafael Bengoa bertaratu da.
OWL Genomics giza-osasunaren inguruan jarduten den konpainia bioteknologikoa da; 2002an sortua, bere helburu nagusia diagnosi-markatzaileak eta jomuga terapeutikoak prebalentzia handiko gaixotasun konplexuetan identifikatzea da, gibelarekin loturiko gaixotasunei hasieran arreta berezia eskainiz. Gaixotasun hepatikoetan berezitua den José María Matok zuzenduriko taldearekin, konpainiaren akziodun nagusia Cross Road Biotech arrisku kapitaleko sozietatea da.
Metabolomikaren bidez –doitasun handiko kromatografia likidoa eta masa-espetometria uztartzen dituen teknologia berria–, Owl Genomics-ek esteatosia eta esteatohepatitis ez alkoholikoa diagnostikatzeko biomarkatzaileak hautatu ditu.
Owl Genomics-ek oraintsu burututako gertaera gogoangarria da metabolomikan oinarritutako lehenengo in vitro diagnosi-metodoa merkaturatzea, alegia, aipatu gaixotasunaren estadioa odol-analisi soil batekin zehazten duen owl liver izeneko metodoa.