“PARKE FIT” ARIKETA-ARETOA, Itziar Bañares LKS GROUP taldeko langilearena, izan da “ERRONKA BAT PARKEARENTZAT” ekimenaren irabazlea
Parkeko 11 enpresatako langileen 17 proposamenek hartu du parte “Erronkaren” bigarren edizio honetan
LKS GROUP enpresako Itziar Bañares izan da Arabako Parke Teknologikoak antolatutako “ERRONKA BAT PARKEARENTZAT” berrikuntzako ekimen irekiaren bigarren edizio honen irabazlea; ekimenaren helburua da Parkearen eta bertako enpresen inguruneari balioa emango dieten ideiak identifikatzea.
Alejandro Arrasate Aernnova Taldeko Giza Baliabideetako zuzendaria, Mitxel Beraiz Mitsubishi Electric Europe taldearen Iparraldeko managerra, Francisco Marquez Arabako Parke Teknologikoko kudeatzailea, Miren Bilbao Parkeko zuzendari teknikoa eta Ainhoa Calleja Lankidetza eta Zerbitzuen saileko arduraduna izan dira edizio honetan aurkeztutako 17 proposamenak aztertu dituzten epaimahaikideak.
PARKE FIT ARIKETA-ARETOA proiektuaren helburua da sarbide libreko espazio bat sortzea, ariketa fisikoa egitera bideratutakoa, ariketa aerobikoak entrenatzeko gailuekin (bizikleta, korrika egiteko zinta, eliptikoa) eta bizkortzeko gailuekin (gomak, horma-barrak…).
Parkeko langile guztiei zuzenduta da, haien sasoi fisikoa gorabehera, kirolarekiko lehenengo kontaktua izateko balio baitezake, edo galdutako ohitura bat berreskuratzeko modua.
Ideia irabazlearen helburu nagusia da bihotz-biriketako sistema modu integralean garatzea eta gorputz osoaren malgutasuna eta elastikotasuna hobetzea; baita sasoi fisiko orokorra indartzea ere, bai barnekoa zein kanpoko itxurarena, era horretan pertsona bakoitzaren autoestimua eta norbere buruarenganako segurtasuna hobetuz.
ABANTAILAK. PRODUKTIBITATEA HOBETZEA.
Ordu asko egiten dugu eserita edo zutik, mugitu gabe, ordenagailuaren aurrean…; horregatik, lantokitik gertu ariketa fisikoa egin ahal izateak sasoiko egoten eta lan-jardunaldia produktiboagoa izaten lagunduko du. Era horretan, langile osasuntsuagoak izango dituen Parkea lortu ahal izango da, eta langileon bizi-kalitatea eta haien egoera fisiko eta mentala hobetuko ditu.
Arabako Parke Teknologikoak hango enpresa eta langileekin antolatu ohi duen Gabonetako topaketan eman zion saria irabazleari Mitxel Beraiz Mitsubishi Electric Europe Iparraldeko managerrak.
Arabako Parke Teknologikoak 15.000 euroko diru-ekarpena egiten du ideia hori abian jartzeko; 2018an garatuko da ideia irabazlea.