PARKEA MUSIK FEST jaialdiari esker, aisiarako eta musikarako gune bihurtu da gaur Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea

Gipuzkoa

Gaur arratsaldean, Parkea Musik Fest ospatu da bigarrenez Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean. Jaialdi berezi eta originala da oso, Parkeko enpresa eta I+G zentroetako langileak baitira musikariak

Fest2 (002)Bigarren urtez jarraian, eta arratsaldeko 15:30ean, PARKEA MUSIK FEST-i eman zaio hasiera Gipuzkoako Teknologia Parkean. Inguru zientifiko-teknologiko batean ospatzen den musika-jaialdi bakarra da, eta Parkeko enpresa zein I+G zentroetako 40 profesionalez osatutako 9 taldek parte hartu dute. Ordu batzuez, haien lantokiak utzi eta taula gainera igo dira musikariak.

Lau ordu baino gehiagoz, swinga, musika klasikoa, pop-rocka eta musika instrumentala izan dira protagonista 1.500 ikus-entzuleren baino gehiagoren aurrean. Ohian Vega DJ ezaguna, berriz, zeremonialari lanetan aritu da.

Jaialdia hainbat gunetan banatu da, horiek guztiak mugikortasun urriko pertsonentzat egokituak. Jateko eta edateko tokiak, hondakinak biltzeko edukiontziak, etab. ere ipini dituzte. Bestalde, ekimena antolatzerakoan ingurumen-neurri jasangarriak hartu direnez kontuan, Parkea Musik Fest jaialdiaren kudeaketak ERRONKA GARBIA ziurtagiria jaso du Ihobe-ren eskutik.

Teknologia Parke batek, Gipuzkoakoak hain zuzen, halako ekimen bat antolatzen duen bigarren aldia izan da. Erabateko arrakastaren ondotik, agerian gertatu dira Donostiako hirian bertan dagoen Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak dituen aukerak, ez enpresaren ikuspuntutik soilik, baizik eta aisiari, kulturari eta abarrei dagokienez ere bai.

Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak hiru kokapenetan antolatzen duen “Erronka bat Parkearentzat” ekimenetik abiatuta jaio zen PARKEA MUSIK FEST. Parkearen, bertako enpresen zein langileen bizi-kalitatea hobetzeko ideiak plazaratzeko aukera eskaini zitzaien Parkeetan diharduten pertsonei. Hala, 2016an, Ainhoa Mutiloak (Ibermática) Parkean musika jaialdi bat egitea proposatu zuen.

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak eskerrak eman nahi dizkie parte-hartzaile, Parkeko enpresa eta enpresa kolaboratzaile guztiei, bai eta jaialdira etorri diren guztiei ere. Haiek gabe ezinezkoa bailitzakete PARKEA MUSIK FESTaren arrakasta.

Partekatu

Beste berri batzuk