Sagarrondoaren barietate autoktonoak, labore askotarikotasunari eusteko eta kalitate bereziko bertako produktuak bultzatzeko

Albisteak, Bizkaia

‘Toki Pommes’ proiektuan parte hartzen ari da NEIKER, Euskadiko Nafarroako eta Akitania Berriko barietate autoktonoak identifikatu, ebaluatu eta sustatzeko asmoz

Sagarrondoaren gaur egungo ekoizpen sistema barietate kopuru txiki batera dago mugaturik, eta horiek molde intentsiboko landaketetan lantzen dira, non produktibitateak duen lehentasuna, kalitate organoleptikoko eta dastamenezko parametroak alde batera utzita

NEIKER-Tecnalia sagarrondoaren barietate autoktonoak identifikatzen eta ebaluatzen ari da, labore askotarikotasunari eusteko eta kalitate bereziko bertako produktuak bultzatzeko. Duela sei urte hasi zen zeregin horretan, Euskadiko sagardoaren sektorearen eskutik eta haren ekimenez. Sortutako informazioa “Toki Pommes” proiektuaren esparruan partekatuko da, zeinaren helburua den Euskadi, Nafarroa eta Akitania Berriko eremuetara egokitutako sagarrondoaren barietate autoktonoak identifikatzea eta aukeratzea.

NEIKER-Tecnaliarekin batera, “Toki Pommes” proiektuan parte hartzen dute Nafarroako Unibertsitate Publikoak, INTIAk eta Conservatoire Végétal Regional d’Aquitainek, proposatutako zereginen bazkide betetzaile gisa. Bestalde, egiteko honetan ezinbestekoak diren kolaboratzaileak ere badaude, Euskadin gauzatzen ari zen proiektuan lehendik parte hartzen ari zirenak: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak eta Sagardoa Jatorri Izendapena. Urteetan sortutako informazio guztia bateratzean oinarrituko da lana (ezaugarritze genetikoa, agronomikoa eta kalitatezkoa), datu-base bateratua sortzeko asmoz, Euroeskualdearentzat interesekoak izan daitekeen sagarrondo autoktonoari buruzko informazioaren biltegi lanak egin ditzan. Lortutako informazioa abiapuntu hartuta, ezarpenagatik, izaeragatik edo berezitasunagatik sustatu, gorde edota lursail esperimentaletan landatu beharrekoak diren barietateak aukeratuko dira.

Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria Euroeskualdeak tradizio handia du sagarrondoaren hazkuntzan. Inguruko baldintza eko-geografiko eta ingurumenezkoetara ondo egokitutako barietate autoktono ugari daude, zeintzuk mendeetan zehar eskualdeko ustiategi txiki eta baratzeetan landu diren. Alabaina, gaur egun, sagarrondoaren ekoizpen sistema barietate kopuru txiki batera dago mugatuta, eta horiek molde intentsiboko landaketa zabaletan lantzen dira, non produktibitateak duen lehentasuna, batzuetan bestelako parametro batzuk alde batera utzita; hala nola zaporea, usaina edo ehundura.

Garapen horren bidez, askotarikotasuna murriztu egin da; izan ere, kudeaketa sistema modernoetara ondo egokitzen diren barietate gutxi batzuk baino ez dira baliatzen era honetako laboreetan. Gainera, fruta merkaturatzeko lana, oro har, ekoizpen eta banaketa kate handien esku dago, eta horiek lehentasuna ematen diote barietate estandar gutxi batzuk merkatu guztietan saltzeari.

Testuinguru horretan, antzinatik gurean dauden eta horrenbestez hemengo baldintza eko-geografikoetara eta ingurumenezkoetara ezin hobeto egokituta dauden bertako sagarrondo barietateak, ahalmen handikoak, berreskuratzea elementu ardatza izango da Euskadi, Nafarroa eta Akitania Berriko nekazaritza ekosistemen moldakortasuna handitzeko, bai eta kalitate bereziko hurbileko merkatu bat bultzatzeko ere.

Euroeskualdeak 44.243,39 €-ko diru laguntza emango dio proiektuari. Era horretan, Euroeskualdearen asmoa da kideen arteko lankidetza estrategikoak finantzatzea, sektore horietako eragile guztiei topatzeko, elkartzeko, osagarritasunak bilatzeko eta Euroeskualde mailan “masa kritiko” jakin bat lortzeko aukera emateko, guztiek elkarrekin erronka berriei aurre egin ahal izateko.

NEIKER-Tecnaliak egindako lanak

2014 eta 2015 artean, NEIKER-Tecnaliak laborategiko teknika doitu zuen, bertako sagarrondo barietateen ezaugarritze genetikoa gauzatzeko, eta hala, barietate bakoitzaren aztarna genetikoa lortu ahal izateko. Aplikatutako teknikari esker, aztarna hori bertako zein kanpoko beste sagarrondo barietate batzuen aztarnarekin aldera daiteke.

2015. urteaz gero, bisita egin da foru aldundien bildumetara (Otalarrea Gipuzkoan eta Zalla Bizkaian), bai eta Gipuzkoako hamabi ustiategitara zein Bizkaiko bederatzitara ere. Oraingoz, 95 barietate ezaugarritu dira genetikoki, familia baserrietan edo haztegi instituzionaletan. Aurretik katalogatutakoez gainera, 36 izendapen berri aurkitu dira.

Ezaugarritze genetikoaren ondoren, bertako 19 barietate onartu ditu Bertako Merkataritza Barietateen Erregistroak, eta, beraz, barietate horiek merkaturatzeko eta bertan ekoizteko aukera izango da. Bestalde, NEIKER-Tecnaliak gainbegiratutako bi banku klonaletan landatu dira. Hauek dira erregistratutako barietateak: Gazi Gorri, Goikoetxea, Manttoni, Moko, Mozolua, Txalaka, Urtebete Handi, Urtebete Txiki, Bost-Kantoia, Errezila, Geza-mina, Haritza, Mendiola, Merabi, Mikatza, Patzolua, Saltxipi, Urdin eta Verde agria.

Gaur egun, ezaugarritutako gainerako barietateak berrikusten ari gara, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Sagardoa Jatorri Izendapenarekin koordinazioan erregistroari beste proposamen bat egiteko.

“Toki Pommes” proiektuan, Euskadiko, Nafarroako eta Akitania Berriko datuak eta analisiak bateratzen ari gara, datu-base bateratu zabal bat osatzeko asmoz. Datu-baseak Euroeskualdearentzat interesekoa izan daitekeen sagarrondo autoktonoaren landare materialari buruzko informazioaren biltegi lanak egingo ditu.

Partekatu

Beste berri batzuk