Talentua Sarean: Susana Hormilla, BIOLANeko zuzendaria
Enpresaren jarduera…
BIOLANen biosentsoreak garatu eta fabrikatzen ditugu, elikaduraren kalitatearekin eta segurtasunarekin -esaterako histamina arrainean, sulfitoa krustazeoetan, laktosa esnekietan, ardoaren analitoak etab.- zerikusia duten zenbait parametro aztertzeko tresna berritzaileak.
Bereizgarriak…
Gure identitate-ezaugarria esan dezakegu elikadura-industriaren benetako problemei irtenbidea emateko eta kalitateko produktu seguruak bermatzeko produktu paregabeak eta lehiakorrak lortzeko dugun ezagutza teknologikoaren balorizazioa dela. Horretarako, profesional-talde konprometitua eratzen jarraitzen dugu, eraikitzen ari garen proiektuarekin pozik eta ilusioarekin dagoen taldea.
Gizarteari egin nahi dizkiozuen ekarpenak…
Erronka beti izan da euskal enpresa-eremua ekimen berritzailearekin dibertsifikatzen laguntzea; izan ere, merkatu oso lehiakorrean egin behar izan du bere lekua, erabat produktu bereizgarriarekin. Gure aukeretatik abiatuta, aberastasuna sortu nahi dugu: enplegua, inbertsioak, teknologia, munduan presentzia…
Eta Euskadiko Parkeen Sareari dagokionez, zer ekarpen egiten diozue?
BIOLANek bere harri-koskorra dakarkio euskal teknologia-egiturari, esaterako, enplegu jasangarria sortzea eta, horrela, oso gazteei aukera ematea, batzuetan prestakuntzarako, bere lanbide-karrera eratzen joateko. Baina, gainera, BIOLANek Euskadiko Parkeen Sarearen erreferentzia mundutik darama, eta kontinente guztietako 40 herrialde baino gehiagotan dugu presentzia.
Munduan zehar hedatutako enpresa batek hau eduki behar du:
Helmuga den herrialde bakoitzeko enpresa-, kultura- eta gizarte-egoerara egokitzeko gaitasuna. Merkatu bakoitzaren bereizgarrietara egokitu beharra dago, horrela, bezeroak benetan behar duenera arrakastaz iristeko. Jakina, hori lortzeko modu bakarra egoera horretara egokitzen den merkataritza-ekipoa izatea da.
Ez, ordea:
Merkatu bakoitzarekiko eraginkortasunaren inguruan aldez aurretik pentsatutako eskemak; malgutasunak arau izan behar du.
Eta enpresen munduko erreferentzia bat aipatzekotan?
Zaila da erreferente bakarra aipatzea; nahiago dut enpresa-proiektu berria aurrera eramaten arrakasta izan duten eta duten pertsona guztiak aipatu, horrek guztiak dakarrena aintzat hartuta.
Haren filosofiagatik gustuko duzun enpresa…
Ez dut bat aukeratuko; logikoki balio ekonomikoez gainera, gizarte-balioetan, jasangarritasun-balioetan eta beste hainbatetan oinarritzen diren proiektuak eraikitzeko filosofia duen oro.
Talentuak hauxe dakar berarekin…
Ahalegina eta aukera. Ahalegina, batetik, talentua eta sormena landu egin behar direlako, emaitzak izateko; eta aukera, bestetik, esku artean munduko asmakuntzarik onena izanik ere, inork baloratzen eta ustiatzen ez badu, ahaztuta geratuko baita.
Non bilatzen dituzu enpresarako behar dituzun talentuak?
Batzuetan, hurbileneko ingurunean: lehendabizi, benetan badagoelako eta bultzatzea gustuko dugulako, eta, beste egoera jakin batzuetan, Europako ingurunean bilatzen ditugu proiektu zehatz batzuetarako behar ditugun profesionalen profil oso espezializatuak.
Nire laneko mahaian edo bulegoan, beti dut…
Landare bat, loreak… Indarra ematen dit zaintzeak eta hazten ikusteak.