Donostia ibilgailu automatizatuaren Europako hiriburua izango da aste honetan

Gipuzkoa

  • Maiatzaren 31n eta ekainaren 1 eta 2an, garraio-sistema aurreratuetako adituen nazioarteko biltzarra izango da Donostian, eta harekin emango zaio amaiera Europako Citymobil2 proiektuari. Hainbat nazionalitatetako 120 aditu baino gehiago elkartuko dira Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan, teknologiaren egoeraz eta gidaririk gabeko ibilgailuen etorkizunaz eztabaidatzeko.
  • Estibaliz Hernaéz Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak egingo die ongietorria parte-hartzaileei.
  • Inaugurazio-hitzaldia María Luisa Poncela Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioko Zientzia eta Teknologiako idazkari eta CDTIko lehendakariak emango du, eta María Seguí DGTko zuzendari nagusiak emango dio amaiera ekitaldiari.
  • Tecnalia ikerketa-zentroa eta Novadays ikerketa- eta aholkularitza-enpresa nazioarteko biltzar horretako anfitrioiak izango dira.

2016-06-02-PHOTO-00000010Donostia ibilgailu automatizatuen industriaren arretagunea izango da aste honetan, han egingo baita Europako CityMobil2 proiektuaren azken biltzarra.

Biltzar horrekin eta Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan egin den eta dagoeneko ezaguna den gidaririk gabeko garraio publikoko zerbitzu baten erakustaldiarekin —lau autobus automatizatu hiri-garraioko ibilbide bat egiten—, ibilgailu automatizatuaren Europako hiriburu bihurtuko da Donostia aste honetan.

Hainbat nazionalitatetako 120 aditu baino gehiago elkartuko dira Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan, gidaririk gabeko ibilgailuekin bi urtean baino gehiagoan Europan egin dituzten erakustaldi-proben emaitzak eztabaidatzeko eta pertsonen eta salgaien mugikortasuna modu iraultzaile batean aldatuko duen industria horren etorkizun hurbilaz eztabaidatzeko.

Alderdi teknologikoekin batera, hauek izango dira biltzarraren gaiak: ibilgailu automatizatuen (gidaririk gabeak) etorkizun komertziala, haien integrazioa eta beste mugikortasun batzuekiko elkarbizitza. Landu beharreko gaietan, azpimarratuko da zeinen garrantzitsua den Europan lege-esparru bat egotea, errepide bidezko garraio-sistema automatizatuak komertzialki ezartzen lagunduko duena, eta zer premia dagoen horrelako teknologia ezagutzen eta horri buruz kontzientziatzen lanean jarraitzeko, garraio tradizionaleko erabiltzaileen eta ibilgailu automatizatuen erabiltzaileen arteko elkarbizitza errazteko.

Eskualde eta nazio mailako erakunderik garrantzitsuenek hartuko dute parte biltzarrean. Estibaliz Hernaéz Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak eta Patrick Mercier-Handisyd Europako Batzordeko ofizialak egingo diete ongietorria bertaratuei, eta, ondoren, María Luisa Poncela Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioko Zientzia eta Teknologiako idazkari eta CDTIko lehendakariak emango du inaugurazio-hitzaldia. Ekitaldiari amaiera María Seguí DGTko zuzendari nagusiak emango dio.

Tecnalia ikerketa-zentroa eta Novadays ikerketa- eta aholkularitza-enpresa globala dira anfitrioiak. Haiei zor zaie, gainera, gidaririk gabeko garraio-zerbitzua Donostian hedatzea. Hilabete hauetan, teknologiaren, garraioaren eta kudeaketa publikoaren munduko profesional ugari izan dira Donostian, sakonago jakiteko nola funtzionatzen duen Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan probatu den zerbitzuak.

Lau urteko lanaren ondoren, CityMobil 2 proiektua azken txanpan izango da biltzar honekin. Denbora horretan, orain Donostian barrena dabiltzan gidaririk gabeko autobusak Europako beste hiri batzuetan ibili dira; hauetan, esate baterako: Oristano (Italia), Lausanne (Suitza), Arroxela eta Sophia Antipolis (Frantzia), Trikala (Grezia) eta Vantaa (Finlandia). Ekainaren amaiera arte izango dira autobusok Donostian, erakutsiz jada posible dela mugikortasun automatizatu, elektriko, garbi eta eraginkorrago bat.

Partekatu

Beste berri batzuk