Elkarrizketa: Azucena Castro, OWL enpresako CEOa

Bizkaia

Metabolomikaren bidez gibeleko gaixotasunak eta bestelako gaixotasun metabolikoak diagnostikatzeko produktuak ikertzen eta garatzen dituen konpainia bioteknologikoa da OWL. Teknologia metabolomikoan oinarrituta, I+G zerbitzu sorta zabala eskaintzen dio komunitate zientifikoari.

Gaur egun, OWLek eremu hauetan jartzen du arreta berezia: batetik, gibel koipetsu ez-alkoholikoetan (NAFLD, ingelesez) diagnosi ez-inbaditzaileak egiteko testa, OWLiver®, nazioartean merkaturatzean, eta, bestetik, gibel koipetsuaren edo NAFLDaren bilakaeran gertatzen diren aldaketa histopatologikoen markatzaile metabolomikoak identifikatzean.

IMG_78361.- Zeintzuk dira OWLren negozio-ildo nagusiak?

Metabolomikaren eta gaixotasun hepatikoetan dugun ezagutza sakonean oinarritzen dira OWLren bi negozio-ildoak.

DIAGNOSIRAKO PRODUKTUAK:

Gibel-esteatosia eta esteatohepatitis ez-alkoholikoa diagnostikatzeko lehen testa da OWLiver®. Berritzailea da oso, odol-lagin baten bidez diagnosiak egiteko aukera ematen baitu. Hortaz, une honetara arte gaixotasun horiek diagnostikatzeko erabiltzen zen prozedura bakarra, hots, biopsia hepatikoa, egin behar izatea ekiditen du.

Mendebaldeko biztanleen %20-30 inguruk du gibel koipetsu ez-alkoholikoa, eta lotura garbia du obesitatearekin eta diabetesarekin. Sintomarik gabeko edo sintoma arineko gaixotasuna izan ohi denez, kasu askotan, diagnostikoa egiten denerako, eriak lesio larriak edo atzerakorik ez duten lesioak ditu dagoeneko gibelean. Beraz, gibel koipetsua ekiditeko, garrantzitsua da gaixotasuna azkar eta goiz antzematea.

Gibelarekin loturiko bestelako gaixotasun metabolikoak diagnostikatzeko sistema berriak ere jasotzen ditu enpresaren produktu sortak.

Diagnosirako produktu erabat berritzaileak dira, eta, patente bidezko babesaz gain, berme zientifikoa behar dute osasunaren esparruan aplikatuko direlako. Hori dela-eta, OWLk patente internazional eta argitalpen zientifiko ugari ditu.

I+G ZERBITZUAK METABOLOMIKAREN ALORREAN:

Metabolomikan eta lipidomikan dugun ezagutzari esker, OWLk bere zerbitzuak eskaintzen dizkie farmazia-, elikadura-, nutrizio- eta kosmetika-industriei, ikerketan diharduten zentro zein taldeei eta beste enpresa bioteknologiko batzuei.

2.- Zer da metabolomika?

Metabolomikaren bidez sistema biologiko batean –giza gorputzean, esaterako– dauden ehunka molekula organiko txiki aztertzen dira (lipidoak, gantz azidoak…). Hasiera-hasieratik erabili dira metabolitoak gaixotasunak diagnostikatzeko. Glukosa, adibidez, metabolito bat da, eta pertsona bat diabetikoa den edo ez zehatz daiteke glukosa neurtuz. Kolesterola beste metabolito bat da, eta hiperkolesterolemia diagnostikatzeko baliagarria zaigu.

Metabolomikari esker, ehunka metabolito neur ditzakegu aldi berean, besteak beste, odol- edo gertu-lagin bakarrean. Ikuspegi berria eskaintzen du, beraz, diagnosi-sistema berritzaileak garatzeari dagokionez.

3.- Zer industria motara bideratzen dituzue zerbitzuak?

Diagnostikorako produktuen negozio-lerroak osasun-sistema, publikoa zein pribatua, du helburu. Izan ere, urte hasieratik, Osakidetzan OWLiver erabiltzen da, baita autonomia-erkidego hauetan ere: Madril, Katalunia, Kantabria, Gaztela eta Leon eta Gaztela-Mantxa, besteak beste. Horrez gain, lizentzia-akordio bat dugu Mexikon, eta, 2017ko amaierarako, AEBn lizentzia-akordio bat sinatzea aurreikusten dugu.

Metabolomikaren alorreko zerbitzu sortak –aldez aurretik aipatu dudan moduan– farmazia-, elikadura-, nutrizio- eta kosmetika-industriak ditu helburu, baita ikerketan diharduten zentro zein taldeak eta beste enpresa bioteknologiko batzuk ere.

4.- Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean duzue egoitza. Ezaugarri horiek dituen inguru batek zer ekarpen egin dakizkioke OWLri?

Parkeak inguru ezin hobea eskaintzen die enpresa teknologikoei. Sektoreko beste enpresa batzuen ondoan gaude, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko kide diren eta gurekin elkarlanean diharduten zentro asko kokatzen dira bertan, Euskal Herriko Unibertsitatetik gertu gaude eta bikain komunikatuta dago Parkea. Gainera, azpiegitura eta zerbitzuei esker, lehen mailako erakusleihoa da Parkea, gure kolaboratzaileei eta nazioko zein nazioarteko bezeroen aurrean.

Partekatu

Beste berri batzuk