Indartsu hasi da Emakumeak Zientzian
Emakumeak Zientzian ekimenaren edizio berri bat abiatu da, zientziaren eta teknologiaren alorreko emakumezkoak protagonista dituen topaketa batekin eta sare sozialetarako sentsibilizazio-kanpaina baten hasierarekin
Ekimen honen helburu nagusia da azpimarratzea zer garrantzitsua den zientziaren eta teknologiaren eremuan sarbide eta garapen profesional berdinzalea lortzea
Indartsu hasi da otsailaren 11n urtero ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta hamazazpi euskal erakundek aurten antolatu duten Emakumeak Zientzian 2022 ekimena. Gaur goizean Donostian izan den aurkezpen-ekitaldian honako hauek parte hartu dute: Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko Foru Diputatua, Marisol Garmendia Donostiako Udaleko Garapen Ekonomiko eta Enplegu zinegotzia, Aitziber L. Cortajarena CIC biomaGUNEko zuzendari zientifikoa, Ainhoa Lete BuntPlanet-en fundatzaileetako bat eta zuzendari nagusia, eta Sandra Camarero POLYMATeko Ikerbasque ikertzailea; baita Mónica Moreno (POLYMAT) eta Itziar Otegui (CIC nanoGUNE) Emakumeak Zientzian 2022ko koordinatzaileak ere.
Emakumeak Zientzian ekimenaren koordinatzaileek sarrera labur bat egin dute, eta, ondoren, Marisol Garmendia Donostia Sustapeneko lehendakariordeak azpimarratu du ezinbestekoa dela emakumeek zientzian egiten duten lana ikusaraztea. “Gure hirian harro sentitzeko moduko errealitate bat dugu: hemen bizi diren ikertzaileen % 47 emakumea da, eta Talent Housen jasotzen dugun kanpoko talentuaren % 37. Ehuneko horiek dagokien ikusgarritasuna izan dezaten lanean dihardu Donostiako Sustapenak. Emakumeak Zientzian bezalako ekimenen hitzarmenak, ekintzailetzarako laguntzak, nazioartekotze-bekak, proiektuak bizkortzeko programak, gizarteratzeari laguntzeko programak… Horiek dira, besteak beste, udalak abian jartzen dituen lan-ildoetako batzuk, betiere emakumearen irudia indartuta”.
Ondoren, zientzia eta teknologiaren esparruan lan egiten duten eta beren egunerokoan generoaren arazoa gertutik bizi duten profesionalei entzuteko unea iritsi da. Aitziber L. Cortajarenak, CIC biomaGUNEko zuzendari zientifikoak, Emakumeak Zientzian ekimenaren zergatia izan du ardatz, eta, batez ere, azpimarratu du mundu akademikoan, batik bat karrera zientifikoan aurrera egiten den heinean, emakumeek duten ordezkaritza eta ikusgarritasun txikia. Horretarako, “Ikerbasquek Euskadiko zientziari buruz egindako azken txostenaren grafiko hauek ikusi besterik ez dago. Azken hamarkadan, emakumezko doktore berrien kopurua gizonezko doktore berriena baino zertxobait handiagoa da euskal unibertsitateetan. Nolanahi ere, zenbat eta gehiago igo aintzatespen akademiko eta profesionalaren eskalan, orduan eta emakume gutxiago dago”, dio Aitziber L. Cortajarenak.
Ainhoa Lete BuntPlanet-en fundatzaileetako bat eta zuzendari nagusi denak aitortu du bere karrera profesionalaren hasieran ez zuela inolako zailtasunik edo diskriminaziorik sentitu emakumezkoa izateagatik. Hala ere, “urteen poderioz eta, batez ere, erronka handiagoei aurre egin diedanean, konturatu naiz oso maskulinizatuta dagoen sektore bateko enpresaburu naizela. Nik neuk erantzukizunez onartzen dudan erronka bat da, gertatzea gustatuko litzaidakeen aldaketaren parte izateari dagokionez: alegia emakume fundatzaileak munduko enpresa teknologiko nagusien zerrenden buruan ikusteari dagokionez”, adierazi du Ainhoa Letek. Bere hitzaldian, Özlem Türeci zientzialari eta enpresaria, BioNtech bioteknologia-enpresa alemanaren sortzaileetako bat eta Pfizerren txertoaren egile dena, jarri nahi izan du adibide gisa. Azken lorpen hori dela eta, 2021eko Ikerketa Zientifiko eta Teknikoaren Asturiasko Printzesa Saria jaso du.
Sandra Camarero POLYMATeko eta UPV/EHUko Ikerbasque ikertzailea ere bat dator orain arte esandakoekin, ikerketa-arloan hasi zenean ez baitzuen zailtasunik aurkitu ikertzaile junior mailara iristeko. Dena den, “gero konturatu naiz askoz errazagoa dela karrera profesional osoa bizitza pertsonal osoarekin bateratzea gizona bazara”, azpimarratu du ikertzaileak. Ikerketako lidergo-postuetan emakumeak sartzeko deialdi espezifikoek duten garrantzia azpimarratu du, “adibidez, Emakiker beka, niri ikerketa-talde propioa sendotzeko aukera eman didana”. Bestalde, azpimarratu du oraindik lan handia dagoela egiteke ikerketa-proiektuetarako funtsak lortzeko lehiaketa-deialdien inguruan: “Deialdi horietako askok, ia atzo arte, ez zituzten kontuan hartzen egon zitezkeen amatasun- edo aitatasun-bajak, eta aldaketa hori gertatzen ari den arren, arazoari modu integralagoan heldu beharko litzaioke, emakumezko zein gizonezko ikertzaileen benetako lanbide-testuingurua kontuan hartuta”, gehitu du Sandra Camarerok.
Azkenik, Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Foru Diputatuak gogorarazi duenez, “Gipuzkoan I+G arloan dedikazio osoa duten emakumezkoak % 33,97 dira, eta ikerketa gehien biltzen dituen jardueran, ingeniaritzan, % 28,11. Erantzukizun handieneko lanpostuak aztertuz gero, desoreka are handiagoa da. Baldin eta Gipuzkoa esparru guztietan desberdintasun txikiena duen munduko lurraldeetako bat izatea nahi badugu, hori ezin dugu onartu, justizia-kontua delako eta gizartearen % 50aren talentu potentzialari uko egitea dakarrelako”. Hori dela eta, Foru Aldundiak nabarmendu du lanean diharduela “gazteen artean arlo zientifiko-teknikoak, genero-estereotipoen haustura eta bateragarritasun erantzunkidea sustatzen, eta emakume ikertzaileek I+Garen arloan egiten duten ibilbidea bultzatzen”.
Emakumeak Zientzian 2022 sentsibilizazio-kanpaina ere aurkeztu da. Kanpaina horretan, ekimenari atxikitako erakunde eta ikerketa-zentroetan lan egiten duten ikertzaileen testigantzak bildu dira, eta gaur bertan jarriko dira ikusgai sare sozialetan. Emakumeak Zientzian ekimenaren koordinatzaileen arabera, “sentsibilizazio-kanpaina honen bidez, profesional horien guztien lanari balioa eman eta hurrengo belaunaldientzat erreferente izan daitezen nahi dugu, karrera zientifiko-teknikoetara jotzen duten emakumeak gero eta gehiago izan daitezen, goraka doazen sektoreetako enpresek eskatzen dituzten karrerak baitira, eta sarbide eta garapen profesional berdinzalea lor dezagun”.
Era askotako jardueraz osatutako programa zabal bat antolatu da, “zientzia bada nesken kontua” mezua ahalik eta pertsona gehienei helarazteko eta zientziaren eta teknologiaren eremuan sarbide eta garapen profesional berdinzalea lortzeak duen garrantzia azpimarratzeko. Jarduera-programa osoa ikusgai dago gaurtik aurrera www.emakumeakzientzian.eus webgunean. Jarduerak aurrez aurrekoak, birtualak edo hibridoak izango dira.
Emakumeak Zientzian ekimenaren 6. edizioan parte hartzen duten 17 erakundeak Euskadiko zientzia eta teknologiaren sarearen erakusle garrantzitsuak dira: POLYMAT, CIC nanoGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), CIC biomaGUNE, Biodonostia, Tecnun-Escuela de Ingenieria, Ceit, Eureka! Zientzia Museoa, Gipuzkoako Ingeniari Industrialen Elkargo Ofiziala, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Lortek, UPV/EHUko Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Kimika Fakultatea, Elhuyar eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea.
Emakumeak Zientzian 2022 ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Sustapenaren laguntza berezia jaso du; baita honako erakunde eta organismo hauen laguntza ere: Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusia (CSIC), Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa (FECYT), Estatuko Ikerketa Agentzia (ekimenari atxikitako Severo Ochoa eta María de Maeztu zentroen bidez), Euskadiko Filmoteka eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, eta Aspegi (Gipuzkoako Emakume Profesionalen, Enpresaburuen eta Zuzendarien Elkartea).