Michel Armand, CIC energiGUNEko erreferentziazko ikertzaileak, “Fellow of The Electrochemical Society” saria jaso du Atlantan

1902an sortutako “Elkarte Elektrokimiko” ospetsua, 242. Kongresua egiten ari da aste honetan Estatu Batuetan, eta sari horrekin, egoera solidoko baterien “aita” dela esan daitekeen zientzialari frantziarraren “lorpen zientifikoa eta gizarteari egindako zerbitzua” saritu ditu

Michel Armand CIC energiGUNEko erreferentziazko ikertzaileari eman diote elkarte ospetsuak ematen duen “Fellow of the Electrochemical Society” saria, “lorpen zientifikoarengatik eta gizarteari egindako zerbitzuarengatik”. Armandek aste honetan Atlantan (AEB) egiten ari den Elkarte Elektrokimikoaren (ECS) 242. Kongresuan jaso du saria.

“Sari hori, elektrokimikaren arloko ekarpen teknologiko nabarmenenak aintzatesteko komunitate zientifikoak berak ematen den goi mailako aintzatespenaren seinale da”, gogorarazi dute ECStik. Armandek Turgut Gür ECSko Presidentearen eskutik jaso du saria, Kongresuaren Osoko Bilkuran. 1989an ezarri zen, eta 15 ikertzaile entzutetsuri ematen zaie urtero.

Armanden hautagaitza Stefano Passerinik, Energia Elektrokimikoa Biltegiratzeko Helmotz Institute Ulm-eko (HIU) Zuzendaritza Kontseiluko kide eta bateriaren ekosistema europarreko eragile ezagunak, aurkeztu zuen, eta CIC energiGUNEko zientzialariak esker oneko hitzak izan ditu harentzat.

Ildo horretan, gogorarazi behar da komunitate zientifikoaren iritziz, Michel Armand egoera solidoko baterien “aita” eta ohiko litio ioneko teknologia askoren “ideologoa” dela. Armand Frantzian jaio zen 1946an, eta 80ko hamarkadaren amaieran litiozko bateria kargagarriak ikertzen hasi zen –polimero solidoko elektrolitoarekin konbinatuta–. Horri esker, besteak beste, garatu ahal izan dira ibilgailu elektrikoarekin erlazionatutako teknologia nagusiak. Gaur egun, CIC energiGUNEko elektrolito solidoaren ikerketa-arloko arduraduna da. Bertan, etorkizuneko ibilgailu elektrikoaren egoera solidoko bateria lortzera bideratutako lantaldea koordinatzen du.

“Elkarte Elektrokimikoak”, bestalde, elektrokimikaren nazioarteko esparruaren liderra izan da 1902tik, teoria eta jardunbide zientifikoa sustatzen dituen irabazi-asmorik gabeko elkarte profesional gisa, abangoardiako ikerketak argitaratuz, bilera entzutetsuak antolatuz eta trebakuntza eta hezkuntza sustatuz.